Aldaketak hizkuntza ereduen erreformarako lege egitasmoan

2008-11-13

Gaur arratsaldean aurkeztuko die hizkuntza ereduen erreforma berritua Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sindikatuei eta hezkuntza eragileei, alderdi politikoekin egin duen moduan. Eragileen proposamenak aintzat hartuz, irailean aurkeztu zuten egitasmoan hainbat aldaketa txertatu dituzte.

 
 

Berria egunkariak gaurko alean dioenez, hizkuntza ereduen erreformarako hasierako proposamenak zenbait aldaketa izan ditu. Planaren ardatza ez da aldatu (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeek ikasgaien % 60 euskaraz eman beharko dituzte), baina hiru aldaketa nagusi izan ditu hasierako proposamenak:

1.- Lehen, sistema berrira igarotzeko trantsizioa urtebetekoa izatea proposatzen zen, orain, ordea, lau urtekoa izatea. A ereduko ikastetxeei begira hartutako neurria izango litzateke hori.

2.- Lehen, helburuak lortzen ez zituzten itunpeko ikastetxeek hitzarmena galtzeko arriskua aipatzen zen, orain, berriz, puntu hori ezabatu dute hainbat ikastetxek eta eragilek mehatxu gisa ikusten zutelako. Sare publikoan berriz, lehen gurasoei ikastetxez aldatzeko aukera eskaintzen zitzaien, eta oraingoak aukera hori kendu du.

3.- Ebaluazioari lotutako aldaketa da. Hizkuntza gaitasuna ez da modu berezian ebaluatuko, hezkuntzako gaien arteko beste ebaluazio gai bat izango da.

Aldaketak aldaketa, ezinezkoa dirudi legealdi honetan lege egitasmoa onartzea. Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onetsi beharko luke lehenik, ondoren Legebiltzarrera igortzeko eta martxoan hauteskundeak izanda, legealdi honetan ez dute horretarako denborarik izango.