Eskolak euskaldundu behar duela aldarrikatu dute

2008-11-18

Hainbat eragilek eskolak euskaldundu behar duela aldarrikatu dute beste behin ere sinatutako agiri berrian. Eskolak euskalduntzea “eskubidea, nahia eta beharra” dela aldarrikatzen du agiriak eta salatu, hiru euskal ikasletik bakarra euskalduntzen dela. Kirol, hezkuntza eta kultur arloko 108 lagunek sinatu dute idatzia.

 
 

Euskal ikasleak euskalduntzeko proposamen nazional baten beharra aldarrikatu zuten joan den larunbatean Donostian agiriaren sinatzaileek. Era berean, proposamen horrek Euskal Herri osoko ikasleak hartu behar dituela eta helburua euskaldun eleanitzak izatea dela azpimarratu zuten.

Bestalde, Euskal Herriko hezkuntza sistemen egoera aztertu dute agirian eta hizkuntza ereduak porrota egin duela esan dute. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurkeztu duen Hizkuntza Ereduen Lege egitasmo berria ez da aski haien ustez, proposamen malgua eta zehaztugabea dela uste dutelako. Hori dela eta, euskalduntzea bermatzeko politikei ekiteko eskatu diete administrazioei.