Zuzentze neurriak jarriko dizkiete “jokabide ezegokia” duten ikasleei

2008-12-12

Unibertsitatez kanpoko ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko dekretuak dioenez, jokabide desegokiak dituzten ikasleei neurri zuzentzaileak ezarriko dizkiete aurrerantzean. Arduradunek esan dutenez, helburua ikastetxeetako bizikidetza eta elkarkidetza hobetzea da.

 
 

“Dekretu honekin, zero tolerantzia izango dugu tratu txarrekin”, halaxe esan zuen atzo, Tontxu Campos Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak aurkezpenean. Izan ere, tratu txarren egileei ezarriko zaizkie neurritik gogorrenak; horien artean, baita ikastetxe aldaketa ere.

Ikasleen jokabide desegokiak hiru multzotan sailkatzen ditu dekretuak: lehenik, jokabide desegokiak deitu dituztenak leudeke, horien artean, arrazoirik gabe eskoletara huts egitea edota azterketetan kopiatzea. Bigarren multzoan, bizikidetzaren aurkako jokabideak sartu dituzte; irakasleen aginduak ez betetzea, irainak edota mehatxuak egitea… eta, azkenik, hirugarren multzoan bizikidetzari kalte larria eragiten dioten jokabideak; eraso fisikoak eta psikologikoak, sexu jazarpena, diskriminazioa… Ikasleei ezarriko dizkieten neurriak larritasunaren araberakoak izango dira, egindakoaren gaineko hausnarketatik hasi eta egun batzuk etxean egiteraino. Ikasleak jarrera aldatu, eta, adibidez, egindakoa gaizki dagoela onartuko balu, neurriak arintzeko aukera egongo litzateke.

Bada beste aldaketa garrantzitsu bat: orain arte horrelako neurriak eskola kontseiluak hartzen bazituen ere, hemendik aurrera ikastetxeetako zuzendariek berehala hartu ahal izango dituzte erabakiak.

Dekretua onartuta, sei hilabete izango dituzte ikastetxeek horretara egokitzeko.