Hizkuntza ereduen lege proiektua gelditzeko eskatu dute ikasleek

2008-12-18

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak proposatu duen hizkuntza ereduen lege proiektuaren aurkako mobilizazio eguna izan zen asteazkenean. “Iruzurarren legeari ez!” lelopean ehunka ikasle atera ziren kalera haien ustez hizkuntza ereduen erreformak dituen hutsuneak salatzeko.

 
 
Hizkuntza ereduen lege proiektua gelditzeko eskatu dute ikasleek

Bi orduko geldialdiak egin zituzten eskolan eta unibertsitatean eta elkarretaratzeak ere egin zituzten, horietako asko Eusko Alkartasuna alderdiaren egoitzen aurrean, alderdi horretako kide baita Campos sailburua. Guztira, 950 pertsona inguru elkartu ziren.

Eskolak Euskaldundu herri ekimenak deitu zituen mobilizazioak, erreformak haien ustez ez baitu ikasle guztiak euskalduntzea bermatuko eta hori dela eta “euskara desagerrarazi nahi dutenen neurriko proposamena egitea” leporatu diote Tontxu Campos Hezkuntza sailburuari.

Eskolak Euskaldundu-k lege proposamenak “hutsune ikaragarriak” dituela salatu du. Helburu zehaztugabeak dituela, euskara orduan soilik % 52 direla, irakasle euskaldunak izateko neurri zehatzik jasotzen ez dela eta legea finkatzeko 15 urteko epea izango dela, salatu dute beste gauza batzuen artean. Eta horrekin batera, lege proposamena “euskalduntzea bermatuko ez duena, sindikatu abertzale guztien eta hezkuntzako zein euskalgintzako eragileen babesik gabea” dela azpimarratu nahi izan dute.

Lege egitasmoa “porrotera kondenatua dago, eta euskalduntze prozesuari kalte konponezina egingo dio”, ikasleek esan dutenez. Hori dela eta, Hezkuntza Sistema Nazionalaren beharra aldarrikatu dute beste behin ere eta aurreratzean, horren aldeko borrokan jarraituko dutela berretsi dute.