Ikastola kanta aurkeztu dute

2009-02-04

Duela 35 urte ezaguna egin zen Ikastola kanta berreskuratu nahi izan dute ikastolek mezua berrituz, gaurko egoerara ekarriz eta talde lana bultzatuz. Pirritx eta Porrotx pailazoak, Aire ahizpak eta Eñaut Elorrieta Ken 7 taldeko abeslariak hartu dute parte, besteak beste, lan horretan.

 
 
Ikastola kanta aurkeztu dute

Ikastola kanta 70. hamarkadan sortu zuen Bilbon Saioka taldeak eta euskal Herriko ikastola askotara zabaldu zen. Orain, abesti hori berreskuratu dute eta lau bertsio jasotzen dituen CD-a kaleratu dute: lehen bertsioan, kanta entzun daiteke osorik, bigarrenean, leloa soilik entzun daiteke, ikastola bakoitzak bere hitzak sor ditzan, hirugarren bertsioa txirularekin jotzeko moldatu dute eta laugarrena, berriz, karaokerako prestatu dute.

Jatorrizko doinua eta hitzak Saioka taldearenak dira, Xabier Zabalak egin ditu musika, moldaera, programaketa eta teklatuak. Pirritx eta Porrotxek hitzak eta ahotsak moldatu dituzte eta ahotsetan parte hartu dute baita ere Aire Ahizpek, Eñaut Elorrietak eta Oiongo ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoek. Horiez gain beste hainbat musikari eta pertsona aritu dira proiektuan lanean.

 

>>> Ikastola kanta

IKASTOLA, GORA GURE IKASTOLA
KANTATZEN DIOGU IKASTOLARI
IKASTOLA, GORA GURE IKASTOLA
KANTA DEZAGUN DENOK

Goizean jaiki, gosaldu, ohea egin,
jantzi, ta banoa ikastolara, bai,
atarian bildu naiz alai lagunekin
txirrinak jotzean gelara, gelara!

IKASTOLA, GORA GURE IKASTOLA

Euskaraz hazi eta euskaraz ikasi
herritik mundura bideak ireki, bai,
elkarlanean geroa ereiten hasi
gure altxorra irabazi, irabazi!

IKASTOLA, GORA GURE IKASTOLA

Koloretan amestu, koloretan bizi
hartu eta eman maitasunez blai, bai,
sentituz pentsatu eta pentsatuz ekin
txanpa berean arraunean, arraunean!

GORA IKASTOLA, GURE IKASTOLA!

IKASTOLA, GORA GURE IKASTOLA