Elkarretaratzea deitu du Seaskak gaurko

2009-02-10

Frantziako Hezkuntzak bere hitza bete ez duela salatzeko mobilizazioa deitu du Seaskak, gaur, asteazkena. Baionako Akademia Ikuskaritzaren aurrean biltzera deitu dituzte irakasleak, gurasoak eta euskalzaleak.

 
 

Ikasturte hasieran jakinarazi zuen Seaskak sei hilabeteko lanen ondoren Frantziako Hezkuntzarekin akordioa lortu zuela. Frantziako Hezkuntza akordioa berrestearen zain zeudela esan zuen orduan Paxkal Indo Seaskako presidenteak, baina Akademia Ikuskaritzaren bidez, Frantziako Hezkuntzak ukatu egin zuen, gerora, akordioa lortu zutenik.

Seaskak gero eta irakasle gehiago ditu baina Frantziako Hezkuntzak ez dizkio behar adina baliabide ematen. Aurten 200 ikasle gehiago ditu Sesakak, baina bere gain hartu behar izan ditu 14 lanpostu eta erdi, hau da, 300.000 euro. Bestalde, datorren ikasturtean ikastola berriak ireki nahi dituzte Bidarten eta Itsasun, eta 2010. urtean Lekuinen beste ikastola bat irekitzea aztertzen ari dira.

Baina pauso horiek emateko, akordioaren beharra dute, eta Frantziako Hezkuntzaren izenean diharduten ordezkariak “joko maltzurrean” dabiltzala uste du Seaskak. Hori guztia salatzeko egingo dute gaurko elkarretaratzea.