D ereduan matrikulatzeko deia egin dute

2009-02-11

Hainbat hezkuntza eragilek ikasleak D ereduan matrikulatzeko deia egin dute, aurrematrikulazio garaia dela eta. Euskal Herri osoan eredu bakarra izan dadin, Eskolak Euskaldundu herri ekimenak hezkuntza sistema nazionalaren beharra aldarrikatu du.

 
 

Hainbat hezkuntza eragilek egin dute haurrak D ereduan matrikulatzeko deia, LAB sindikatuak, Euskal Herrian Euskarazek, Ikasle Abertzaleak taldeak, Sortzen-Ikasbatuazek, Euskal Herriak Bere Eskolak eta Anitzak, Euskal Herritik kanpo etorritako pertsonek osatutako herri ekimenak, besteak beste.

Ikasleak matrikulatzeko epea bihar itxiko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, “ate joka” dagoela esan dute eragileek eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, noiznahi egin daiteke aurrematrikula.

Bestalde, Euskal Herriak Bere Eskolak, Iruñean mobilizazioa egingo dutela iragarri du, noiz izango den zehaztu ez badute ere. Nafarroako Gobernuko Hello Haur Eskolak eta TIL ereduen aurkako mobilizazioa izango da. Horrez gain, Seaskaren mobilizazioak babestu dituzte hezkuntza eragileek.