Zurbaran Institutuan ez da D eredurik izango

2009-02-12

Bigarren Hezkuntzako ikasketak D ereduan egin nahi dituzten Bilboko Zurbaran ikastetxeko ikasleek beste ikastetxe batera joan beharko dute. Izan ere, Hezkuntza Sailak ez du D eredurik jarri institutuan. Ikasleek, gurasoek eta aiton-amonek protesta egin zuten atzo.

 
 

Ez dute beste aukerarik: ikastetxea aldatu edo ikasketak euskaraz egietari uko egin. Bilboko Zurbaran Institutuan ez da D eredurik izango Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hala erabakita. Datorren ikasturtean DBHn hasi behar duten ikasleek orain arteko ibilbidea D ereduan egin dute, baina, hemendik aurrera, ezingo dute euskara hutsez ikasi etxe ondoko eskolan, eta urrutirago joan beharko dute. Hezkuntza Sailaren arabera, “auzoaren planifikazioa” barmatzea hartu dute kontuan eta ez Zurbaran Institutuaren planifikazioa soilik. Bide horretan, Zurbaran eta inguruko beste institutu bat batu nahi ditu D eredua auzo osorako eskainiz.

Gurasoak haserre daude Hezkuntza Sailak hartu duen erabakiarekin eta atzo haien haserrea Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitza atarira eraman zuten. Manifestazio zaratatsua egin zuten ikasleek, gurasoek eta aiton-amonek eta 3.700 sinadura baino gehiago aurkeztu zizkioten Hezkuntza Sailari, Zurbaran Institutuan D eredua jartzeko eskatuz.