Iturrama institutuko gurasoek babesa azaldu diete ikasleei

2009-02-13

Iturrama institutuko gurasoek ez dute zuzendariaren jarrera ulertzen. Hala jakinarazi dute eskutitz publiko baten bidez, eta ikasleei babesa azaldu diete Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren zitazioek aurrera jarraitzen duten bitartean.

 
 

Gurasoek, kasu honetan ahulak ikasleak direla azpimarratu dute eta “une gogorren aurrean babes osoa” azaldu diete. Eskutitzean adierazi dutenez, ez dute ulertzen zuzendariak ikasleen izen-abizenak Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku jarri izana. Gurasoek esan dutenez, zuzendariak egindakoa ukatu du guztia agerian geratu den arte. Gainera, gertaerak nahasi dituela diote eta horrek inputatuen egoera oker dezakeela. Ondoren, barkamena eskatuz eskutitza kaleratu zuen Pedro Otaduy zuzendariak, baina gurasoek ez dute onartu.

2008ko Gudari Egunaren ondoren hasi zen guztia. Irailaren 27an Iturramako ikasleek omenaldia egin zuten Gudari Eguna zela eta. Horren ondorioz, terrorismoa gorestea leporatu zieten hainbat ikasleri eta Espainiako Auzitegi Nazionalak diligentziak ireki zituen zenbait ikasleren aurka. Zuzendariak omenaldian parte hartu zuten ikasleen izen-abizenak eskaini zizkion Auzitegi Nazionalari.

Egoera horren aurrean, Iruñerriako ikasleek ikastetxeetan salbuespen egoera bizi dutela salatu du Ikasle Abertzaleak antolakundeak. Eskubide guztiak ukatuak dituztela eta egoera onartezina dela esan du IAk.