Ikasgaien % 30 ingelesez izango dira Nafarroako euskarazko irakaskuntzan

2009-02-20

Nafarroako Hezkuntza Sailak 2009-2010 ikasturterako eskola publikoetarako programa eleaniztunak aurkeztu ditu, eta ingelesaren aldeko apustua egin du. Euskarazko irakaskuntzan ikasgaien % 30  ingelesez izango dira, eta gaztelaniaz ikasten dutenek eskolen % 40 jasoko dituzte ingelesez.

 
 

Euskarazko ereduan, Lehen hezkuntzako azken zikloan eskolen % 30 eskainiko dira ingelesez, eta gaztelaniazko eredua dutenetan % 40. Nafarroa osoan zabalduko da gaztelaniazko ereduaren eskaintza, eta eremu euskaldunean eta mistoan baino ez euskarazkoa. Carlos Perez-Nievas Nafarroako hezkuntza kontseilariak adierazi duenez, “ingelesezko eskolek ez diote kalterik egingo ikasleen euskarazko gaitasunari, eta euskarazko hezkuntza ez da desagertuko”. Oraingoz, zentro batzuetan eskainiko dituzte programa eleaniztunok, baina helburua aukera hori hezkuntza sistema guztira zabaltzea da, eta 15 urte beharko dira programak ikastetxe guztietara zabaltzeko.

Programaren bidez bi helburu lortu nahi dituzte: alde batetik, hizkuntzak ikasgaien barnean txertatzea, eta, bestetik, curriculumaren barneko beste hizkuntzen arteko lan bateratua egitea. Teresa Aranaz Eskolako Hizkuntza Planifikaziorako Zerbitzuko zuzendariak zehaztu duenez, helburua ez da euskarari edo gaztelaniari orduak kentzea, guztien ikasketak hobetzea baizik.

Euskarazko ereduan, euskara, gaztelania eta ingeles eskolak izango dira, baina gaztelaniazkoan, gaztelania eta ingelesa izango dira beharrezko hizkuntzak, eta hirugarren bat hautatzeko aukera izango dute ikasleek. Gaztelaniazko ereduan, hiru urtetik aurrera jasoko dituzte haurrek ingelesezko eskolak, eta lau urtetik aurrera euskarazkoan. Dena den, euskarazko ereduan ingelesezko ordu gutxiago izango badira ere, ikasleek emaitza bera lortzea espero dute; ingelesezko B2 maila, hain zuzen.