Hezkuntza euskararen kaltean ari dela salatu dute Nafarroan

2009-02-23

Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak, ezker abertzaleak eta LAB eata EILAS sindikatuek Nafarroako Gobernuak egindako hezkuntza programa kritikatu dute. Euskararen kontrako erasotzat eta iruzurtzat hartu dute programa berria.

 
 

Gogora dezagun, Nafarroako Hezkuntza Sailak 2009-2010 ikasturterako eskola publikoetarako programa eleaniztunak aurkeztu dituela, eta ingelesaren aldeko apustua egin duela. Programa horien arabera, euskarazko irakaskuntzan ikasgaien % 30  ingelesez izango dira, eta gaztelaniaz ikasten dutenek eskolen % 40 jasoko dituzte ingelesez.

Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak programen helburu bakarra “euskara irakaskuntza sistematik baztertzea” dela salatu du. Nafarroako Hezkuntza Departamenduak eredu berriarekin, ikasleek ingelesezko B2 maila lortuko dutela esan du eta Sortzen-Ikasbatuazek esan duenez, hori da gaur egun D ereduan ikasten duten ikasleen % 66k lortzen dutena.

Hori guztia salatzeko martxoaren 6an manifestazioa egingo dute Iruñean Iruzurrei aurre egin! Eskolak euskaldundu behar du! lelopean.  

D eredurik ez Sarrigurenen

Sarrigurenen, Lehen Hezkuntzan ere D eredua jartzeko eskatu dute hainbat guraso eta ikaslek. Eraikitzen ari diren eskola publiko berrian Haur Hezkuntza eskainiko dute soilik D ereduan, eta Lehen Hezkuntzan A eta G ereduetan ikasteko aukerarik baino ez da izango.

Sarriguren, Eguesibarren dago, Nafarroako eremu mistoan, eta ikasleek inguruko herritara jo beharko dute baldin eta D ereduan ikasi nahi badute. Gaur egun hiru eta hamabi urte bitarteko ikasleen % 44k D ereduan ikasten dute.