Zuberoako bi eskola okupatuko dituzte gaur gurasoek

2009-03-05

Barkoxe eta Gamere-Zihigako eskolak okupatuko dituzte gurasoek irakasle postuen murrizketaren aurkako protesta egiteko. Barkoxen, eskola elebiduneko frantseseko irakaslea kendu nahi du Hezkuntzak, eta Gamere-Zihigako irakasle bakarra kentzeko aukera ere ez dute baztertu.

 
 

Gamere-Zihigan bizi dute egoerarik larriena, izan ere, Akademia Ikuskaritzak bertako irakaslea kentzea erabakiko balu, irakaslerik eta, beraz, eskolarik gabe geratuko litzateke herria. Barkoxen, berriz, eskola elebidunean frantses irakaslearen postua kentzeko asmoa dute. Hori guztia salatzeko, gaur eskolak okupatzeaz gain, bihar, ostirala, haurrak ez dituzte eskolara eramango, “herri hilak” irudikatzeko helburuz.

Astelehenean izango da Paueko Akademia Ikuskaritzan bilera eta gurasoek, bertara joateko asmoa azaldu dute. Akademia Ikuskaritzaren aurrean elkarretaratzea egingo dute haien haserrea erakusteko.