Gamere-Zihigako eskola itxi egingo dute

2009-03-11

Zuberoako Gamere-Zihiga herriko eskola itxi egingo dute datorren ikasturtean. Bertako irakaslea kentzeko erabakia hartu du Pirinio Atlantikoen Departamenduko Hezkuntza Batzordeak eta haurrek Atharratzeko eskolara joan beharko dute 2009ko irailetik aurrera. Larraineko eskola ere antzeko egoeran da, baina oraingoz ez dute itxiko. Orotara, 25 irakasle postu kenduko dituzte datorren ikasturtean.

 
 

Akademia Ikuskaritzak proposatu duen eskola karta ontzat eman zuen atzoko bileran Pirinio Atlantikoen Departamenduko Hezkuntza Batzordeak, eta eskola publikoan 25 irakasle postu gutxiago egongo dira. Eredu elebidunari, bederatzi lanpostu eta erdi emango dizkiote eta eredu franses elebakarrean, bi kenduko dituzte. Beraz, eredu elebidunean zazpi lanpostu irabaziko dira, guztira.

Era berean, SNUP-IIP sindikatuak Euskararen Erakunde Publikoaren eta Akademia Ikuskaritzaren arteko akordioa urratu dela salatu du. Donibane Garaziko eta Azkaineko eskola publikoetan euskara eredua indartzea onartu zuten, baina, Akademia Ikuskaritzak esan duenez, ez die horretarako baliabide gehiago emango.   

Lehengo astean bezala, atzo ere hainbat protesta izan ziren. Besteak beste, Donibane Lohizuneko Haize Errota eskola okupatu zuten.