Konpententzietan oinarritutako hezkuntzaren lanketa berretsi dute ikastolek

2009-03-13

Konpententzietan oinarritutako hezkuntzaren lanketa berretsi du Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak atzo amaitu ziren “Hausnartu eta ekin” lelopean egin diren ikastolen XVI. Jardunaldi Pedagogikoen ostean. Hiru egunetan, 500 profesional elkartu dira Gasteizen eta Euskal Herriko 75 ikastola eta ikastetxe egon dira ordezkatuta.

 
 
Konpententzietan oinarritutako hezkuntzaren lanketa berretsi dute ikastolek

Konpetentzietan oinarritutako hezkuntzari buruzkoak izan dira Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak antolatutako XVI. Jardunaldi Pedagogikoak. Konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren garapena ezagutza kontuan harturik eraiki behar dela azpimarratu dute antolatzaileek, baina, argi utziz, soilik ezagutzan oinarritutako hezkuntzak ere, ez duela haur eta gazteek beharrezko dituzten konpetentziak garatzea bermatzen.

Etorkizunera begira, berriz, hainbat gai landu beharra ikusi dute arduradunek. Lau puntutan sailkatu dituzte: alde batetik, curriculum berrirako eskola-materialen egokitze eta hobetze prozesuan, eta prestakuntza planen eta ebaluazioaren garapenean, administrazioaren laguntza eta inplikazioa ezinbestekoa dela esan dute. Bestetik, irakaskuntza kooperatiboan sakondu beharra ikusten dute. Horrez gain, gurasoen parte-hartzea bultzatu nahi dute eskolan, eskola eta etxea bata bestearen osagarri izan daitezen. Eta azkenik, emozioei dagokien espazioa eman nahi diete.

Ikastola eredu komuna lantzen jarraitzeko asmoa agertu dute, baina ikastola bakoitzaren autonomia pedagogikoaren garapena aintzat hartuz eta elkarlana bultzatuz. Ildo horretan, hainbat esperientzia partekatzea egoki ikusten dute, eta horiek guztiak ikusteko, www.ikasleiho.net ataria sortu dute.