Euskal Unibertsoa, Euskal Unibertsitatea irudikatzeko

2009-03-24

Datorren larunbatean, martxoaren 28an, Euskal Unibertsoa izeneko ekimena izango da Eibarren, Euskal Unibertsitatea irudikatzeko helburuz. Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenak bultzatutako ekimenaren leloa Badugu, bagara; Euskal Unibertsitatea plazara! izango da, UEUk Eibarren duen egoitzan, Markeskoa jauregian.

 
 
Euskal Unibertsoa, Euskal Unibertsitatea irudikatzeko

Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenak urtero antolatzen duen Euskal Unibertsoa ekimenaren helburu nagusia Euskal Unibertsitatearen egitasmoari bultzada ematea dela azaldu dute antolatzaileek. Campusetik herrirako jauzia eman nahi dutela adierazi dute: “Unibertsitatea herri proiektua izanik, herria eta Unibertsitatea elkar elikatu behar diren esparruak dira”.

Egun osorako egitaraua antolatu dute eta bost gai nagusi landuko dituzte goizean zehar: hezkuntza, ekonomia, euskal nortasuna, osasun zientziak, eta zientzia eta teknologia. Goizeko saioak amaitu ondoren, bertso bazkaria izango da eta hainbat abeslarik emanaldia eskainiko dute arratsaldean.

2002. urtean EHBE sortu zenetik, Euskal Unibertsoaren lau ekimena egin dituzte. Iaz, Gasteizen izan zen eta 300 ikaslek baino gehiagok hartu zuten parte. Aurten ere, parte hartzea handia izatea espero dute antolatzaileek.