Lehen Hezkuntzan, bi eskoletatik bat elebiduna da Iparraldean

2009-04-08

Matrikulazioak utzitako datuen arabera, Lehen Hezkuntzako ikastetxeen erdia elebiduna da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) arduradunak gustura agertu dira bilakaera horrekin, eta emaitza horiek gainerako mailetara zabaltzeko nahia adierazi dute.

 
 

Max Brisson, Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakariak adierazi duenez, 2004-2005 ikasturtean, Lehen Hezkuntzan eta sare publikoan, eskolen % 34an present zen euskara. 2009-2010 ikasturtean, berriz, eskolen erdian euskaraz ikasiko dute ikasleek. Zehazki, epe horretan sare publikoan (eskolak gehi RPI) elebidun eskaintza % 34tik % 48ra pasatu da.

2009ko sartzean, hiru sekzio berri zabalduko dituzte: Baiona Largenté (lehen aldiz izanen da eskaintza elebiduna Lapurdiko hiriburuan), Milafrangan eta Donazaharren. Heldu den ikasturtean, hezkuntza elebiduna % 56ra helduko da eskola giristinoetan, Lehen Hezkuntzan. Eta ikastolei dagokioenez, 2004-2005 ikasturtean 20 ikastola kudeatzen zituen Seaskak. 2006ko sartzean, ikastola berria zabaldu zuen Baigorrin eta iaz beste haur eskola bat Arberoako bailaran.

Gaur egun, duela lau urte baino 30 eskola gehiago aritzen dira euskaraz.

Brissonek azaldu duenez, euskaraz ikasteko eskaintza maila guztietara zabaltzen denean, hezkuntza elebiduna jasotzeko aukera % 55era iritsiko da. Bigarren Hezkuntzan hala ere, euskararen presentzia apalagoa da. Datorren urtean beste hiru sekzio berri irekiko dituzte Hiriburun, Hendaian eta Uztaritzen. Azken hori azpimarratu du Brissonek, lehen aldiz zabalduko delako eskaintza elebiduna lizeo tekniko batera.

Bestalde, euskal haurtzaindegien labelizazio prozedura finkatuko duen akordioa laister izenpetzea espero dutela azaldu dute EEParen ordezkariek.