Konstruktibismoari buruz gehiago ikasteko aukera

2009-04-26

Ideia interesgarriak plazaratu ziren joan den larunbatean "Konstruktibismoa eta hezkuntza" izenburupean Bilbon HIK HASik antolatuta egindako jardunaldian. Konstruktibismoari buruz gehiago ikasteko aukera izan zuten bertan bildu zirenek, eta, hainbat azalpen teoriko entzunda, eta esperientzia praktikoak ezagututa, haien ezagutzaren eraikuntzari beste pieza bat gaineratzeko aukera izan zuten.

 
 
Konstruktibismoari buruz gehiago ikasteko aukera

Dozenaka pertsona bildu ziren larunbatean Bilbon “Konstruktibismoa eta hezkuntza” jardunaldian. Hainbat adituren ekarpenak entzutearekin batera, eta zenbait esperientzia praktiko ezagutzeko aukera ere izan zuten bertan bildutakoek. Lontxo Oihartzabal irakasle ohiak konstruktibismoari buruzko ikuspegi orokorra eman zuen, hasteko. Eta Mario Carretero Madrilgo Unibertsitate Autonomoko katedradunaren lana izan zen ondoren horretan sakontzea. Konstruktibismoaren gaineko alderdi nagusiak aztertu ondoren, Gizarte Zientziak eta Natur Zientziak irakasten dituzten irakasleek nola jardun beharko luketen azaldu zuen. Esperientzia praktikoei dagokienez, berriz, Mikel Etxaniz, Pasai-Lezo lizeoko irakasleak gasarekin esperimentatzeko hainbat adibide eman zituen, eta Berrobiko eta Zizurkilgo eskoletan egin dituzten proiektuak ere, ezagutarazi zituzten. Berrobiko “Lurbiran” proiektuaren gainekoak, Mertxe Amondarain eta Agurne Renobales irakasleek azaldu zituzten eta eta Zizurkilgo “Hizkuntza lehiaketa” proiektuari buruz Elena Laiz eta Mintxa Agirre irakasleak aritu ziren.

Uztailaren 1, 2 eta 3an izango dira X. Hik Hasi Topaketak, eta ikasturtean zehar antolatuko dugun bigarren jardunaldia izan da konstruktibismoari buruzkoa.