Seaskak eta Frantziako Hezkuntza Nazionalak akordioa lortu dute

2009-05-06

Frantziako Hezkuntza Nazionaletik jakinarazi dutenez, hiru urtetarako hitzarmena lortu dute Seaskak eta Hezkuntza ministerioak. Hainbat bileraren ostean lortu zuten akordioa, atzo Parisen egindako bileran. Seaskak, akordioa berretsi beharko du indarrean sartu baino lehen.

 
 

Akordioaren arabera, Frantziako Hezkuntza Nazionalak, datozen hiru urteetan 11 irakasle postu sortzeko konpromisoa hartu du. Aurrerapausoa da, baina akordioan ez dira agertzen Seaskak egindako eskaera ugari. Besteak beste, azterketak euskaraz egin ahal izatea, eta egoitzak egiteko eta berritzeko laguntzak aztertzea eskatzen zuen Iparraldeko Ikastolen Elkarteak.

Frantziako Hezkuntza Nazionalak jakinarazi duenez, bestalde, EEP Euskararen Erakunde Publikoari 120.000 euro gehiago emango dizkio urtero, euskararen aldeko hizkuntza politika indartzeko. Akordioarekin eta berri horrekin pozik agertu da Max Brisson EEPko burua.

Bien bitartean, Seaskak, datorren igandean, Herri Urratsekin bat eginez egingo du akordioaren gaineko balorazioa. Ahozko akordioa, idatziz jasotzea eskatu dio Seaskak Frantziari.