Borroka indartuko du Prekarioen Kolektiboak

2009-05-14

Eskola laguntzaileek lanbidearen ezagutza eskatu dute beste behin ere. Duela bi urte osatu zuten Prekarioen Kolektiboa, eta gizartearen elkartasuna lortzeko sinadura bilketa egin dute azken egunotan. 2.200 sinadura inguru aurkeztu zituzten atzo Baionako Akademia Ikuskaritzan.

 
 

Ahalmen urriko haurren eskolatzea bermatzen duten eskola bizirako laguntzaileak kexu dira eta botere publikoei lanbidearen ezagutza aitortzeko eskatu diete. Eskola laguntzaile izateko eskatzen den titulazio bakarra baxoa da eta lehen urtean 60 orduko prestakuntza jasotzen dute. Kontratua hiru urtekoa izaten da eta behin baino ezin da berritu, beraz, sei urteren buruan lanpostua utzi behar izaten dute. Lanbidearen ezagutza eskatzen dute, baina Frantziako Hezkuntzak ez du eskaria onartu Fani Laskubek, Prekarioen Kolektiboko kideak esan duenez: “lana ez dela lana erran digu Akademia Ikuskariak, funtzio bat baizik”.  

Abuztuan langabezian geratuko dira 63 eskola laguntzaile Pirinio Atlantikoetako departamenduan. Bada beste lanpostu mota bat ordea, EVS izenekoa eta horiek eskola laguntzaileen funtzioa dute baina administrazio lanak ere egiten dituzte. Ekaina amaieran lanik gabe geratuko dira horietako 400.

Horren guztiaren aurrean, egoera aldatu arte presioa egitea erabaki dute, ahalmen urriko haurren eskolatzea eskubidea dela gogoraraziz.

Lanbidearen ezagutza aitortzea eta lan baldintza duinak lortzea da Prekarioen Kolektiboaren helburu nagusia eta bide horretan LAB sindikatuaren eta Snuipp sindikatuaren laguntza jaso dute. Aurrerantzean mobilizazioak egingo dituztela iragarri dute eskola laguntzaileek.