Biharko ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla salatu dute sindikatuek

2009-05-20

ELA, LAB, EILAS, ESK, Hiru eta EHNE sindikatuen ustez “gehiegizkoak eta greba eskubidearen aurkakoak” dira biharko greba orokorrerako Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ezarri dituzten gutxieneko zerbitzuak.

 
 

Sindikatuek salatu dutenez, “inoizko atzerakoienak” dira ezarritako gutxieneko zerbitzuak, eta helegitea jarri dute, bai Euskal Autonomi Erkidegoan eta baita Nafarroan ere. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeak eta haur eskolak zabaldu beharko dituzte, eta ikasleei “arreta” eman. Jaurlaritzak finkatu duenez, gutxienez zuzendaritza taldeko pertsona batek eta administrari laguntzaile batek egon beharko du ikastetxe bakoitzean eta Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, lau gelako irakasle batek egon beharko du, gutxienez. Haur eskolei dagokienez, berriz, langileen % 25 bermatu beharko da.

Bien bitartean, Nafarroan, ikastetxeetako eta lantokietako garraioa erabat bermatzeko baldintza jarri du Nafarroako Gobernuak. Horren aurkako helegitea jarri dute sindikatuek, baina gutxieneko zerbitzuak foru agindu batez ezarriko dituztenaren susmoa agertu dute.