Euskal Eskola bizirik Iruñean

2009-05-25

Arrakastatsua gertatu zen atzo Sortzen-Ikasbatuaz-ek Iruñean antolatu zuen Bizi Euskal Eskola! festa.

Ospakizunean, festa eta aldarikapena uztartu ziren Euskal Eskola Publiko Berriaren XIV. jaian, eta han bildutakoek euskal eskola bultzatzeko eta indartzeko borondatea azaldu zuten, agintarien traben gainetik.

 
 
Euskal Eskola bizirik Iruñean

Beste urte batez agerian geratu da Iruñean jendarteak euskal hezkuntzari ematen dion babesa.

Giro ederra lagun izan zuen bereziki haurrentzat prestatu baina denentzako eskaintzak izan zituen festara hurbildu zen jende andanak.

Festa giroan hainbat aldarrikapenek lekua izan zuten ospakizunean: Txantreako Arturo Kanpion eta Axular ikastetxeetan bizi duten egoera larria salatu zuten festa gunean ageri ziren pankartek: “Axulartik ez gaituzte mugituko! Inposaketarik ez!”.

Nafarroako Gobernuak euskarazko hezkuntzarekiko duen jarrera salatu zuen Euskal Herrian Euskaraz-ek bere aldetik:  “UPN euskararen etsaia. Udala euskaldundu!” zioen pankartan.

Eta  Euskal Herriak Bere Eskola plataformak euskal curriculum-aren eta Euskal Unibertsitatearen aldarrikapenak eraman zituen, Nafarroan ezik Euskal Herrian ere, Hezkuntza Sistema propioa eraikitzearen aldeko elkarlanerako deia eginez.