Eguzkiari begiratuko dio Galdakaok igandean

2009-05-28

Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen aldeko festa, etzi, maiatzaren 31an, izango da Galdakaon Gerizpetik eguzki begire lelopean. Eguraldiak, gainera, horretarako aukera emango duela dirudi; Galdakaora hurbilduko diren euskaltzaleek eguzkia lagun izango dutela baitio pronostikoak.

 
 
Eguzkiari begiratuko dio Galdakaok igandean

Guztia prest dute Galdakaon igandean Ibilaldia egiteko. Eguzkibegi ikastolak antolatu du festa eta ikastolaren izena txertatu du aurtengo leloan (Gerizpetik eguzki begire!) egileak, Arkaitz Estiballes bertsolariak. 31. edizioa izango da 2009koa eta bildutako dirua ikastola handitzeko eraikin berria egitera bideratuko dutela aurreratu du Mari Jose Arriandiaga, Eguzkibegi ikastolako presidenteak. Baina horretarako soilik ez, Galdakaon euskararen aldeko mugimendua suspertzeko ere balio izan du festaren antolaketak.

Goizeko 9:30etan zabalduko dute sei kilometro eta erdiko ibilbidea. Sei gune nagusi izango ditu, eta bi txiki. 11:30etan egingo dute eguneko beste ekitaldi garrantzisuenetako bat Gandasegi aretoan. Aurreko urteetan gizarteko hainbat esparrutan euskararen eta euskal kulturaren zabalkundean lan egin dute pertsonak omendu izan dituzte eta aurten sukaldarien txanda izango da: Martin Berasategi eta Aitor Elizegi omenduko dituzte, besteak beste.

Egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek, eta haurrentzako, gazteentzako eta familientzako ekitaldiak ez dira faltako.