Hiru nafarretik bi euskaraz ikastearen alde daude

2009-06-02

Nafarroako Gobernuak 2008an egindako inkesta soziolinguistikoaren arabera, Nafarroa Garaian euskaraz ikasteko aukeraren alde daude hiru nafarretik bi. Inkestak utzitako datuek diotenez, nafarren erdiak baino gehiagok euskararekiko interesa du.

 
 

Nafarroako Gobernuak egindako inkesta soziolinguistikoak utzitako datuen arabera, hiru nafarretik bik (% 66,5k zehazki), Nafarroa Garaian euskarazko irakaskuntzarako aukera egon beharko lukeela uste dute. 1986. urtean onartutako Euskararen Legeak, hiru eremutan banatu zuen Nafarroa eta hezkuntza sare publikoan, eremu euskaldunean eta mistoan baino ezin da ikasi D ereduan. Inkestaren emaitzek diotenez, eremu euskaldunean, herritarren % 81,6 euskarazko irakaskuntza Nafarroa osoan eskaintzearen alde agertu dira; eremu mistoan, % 67,5, eta eremu erdaldunean, berriz, % 60.

Euskararekiko interesari dagokionez, herritaren % 54,5k interesa du euskararekiko eta % 29,3k batere ez. Gazteak dira euskararekiko interes gehien agertzen dutenak.

2003an egin zen azken inkesta soziolinguistikoa eta orduan, nafarren % 11,8k ulertzen zuen ongi euskara, orain berriz, % 14k. Hitz egiteko gaitasunari dagokionez, %10,5 ziren euskaraz hitz egiteko gai eta gaur egun, % 11,9. Irakurtzeko gaitasunak %10,5i eutsi dio eta idazteko gaitasuna, % 8,7tik % 9,5era pasatu da. 15 eta 24 urte arteko gazteak dira euskara menderatzen dutenak.