URTE BERRI ON!

2010-12-29

Pintzela hartzen dut eta leihoaren koadroa marrazten dut airean. Leihoa zabalik margotzen dut eta paisaiari begira geratzen naiz. Ikusten ditut egunsentiak, ostadarrak, uxatzen ditut zoritxarrak, kontatzen ditut sekretuak eta maitemintzen naiz... Gure ametsik ederrenak egi bihur daitezela!

 
 
URTE BERRI ON!

LEIHOAK

Leihotik begira geratzea gustatzen zait. Ezin naiz leiho bazterrean egon, amama egoten zen bezala. Ezin dut leiho bat besapean eraman denbora guztian. Pintzel lodi bat eramaten dut, zurdakia.

Leihotik begiratzeko gogoa dudanean, pintzela hartzen dut, zurda puntak pinturan busti eta leihoaren koadroa marrazten dut airean.

Leihoa zabalik margotzen dut. Ukondoak beheko marran ipini eta paisaiari begira geratzen naiz. Ikusten ditut egunsentiak, uhinak, ostadarrak eta basamortuko txalupak, ezagutzen ditut baikorrak, ezkorrak, etxekoak eta sorginak, uxatzen ditut zoritxarrak, janari zantarrak, iluntasunak eta orein izuak, kontatzen ditut sekretuak eta maitemintzen naiz...

Ez dira kanikak baino handiagoak begiak, eta zenbat gauza erakusteko gauza diren! Leihoak egiten badizkiozu, inork ere ezin izango ditu halako leihoan paratzen den jendearen begiak kaiolatu.

Joseba Sarrionandia

Marrazkia: Lierni Altube