Partida izendun osoa kendu dio hezkuntza Sailburuak UEUri

2011-12-23

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) agerraldi baten bidez Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak UEUren zuzeneko dirulaguntza osoa kentzea salatu du.  

 
 
Partida izendun osoa kendu dio hezkuntza Sailburuak UEUri

PARTIDA IZENDUN OSOA KENDU DIO HEZKUNTZA SAILBURUAK UEUri

 

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) agerraldi baten bidez Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak UEUren zuzeneko dirulaguntza osoa kentzea salatu du.  Egoera honek UEUk bere jardueraren azterketa sakona egitera behartzeaz gain, egiturazko murrizketak ere ekarriko dituela adierazi du elkarteak. Hala ere, UEUk tinko azpimarratu du erabaki politiko honek ez duela bere jarduera etengo eta lan egingo duela bere bazkideen, instituzioen eta gainontzeko eragileen babesa jasotzen, orain arteko bere ekarpenak aurrera jarrai dezan.

 

 

Prentsaurrekoan UEUko Zuzendariek hartu dute parte: Lore Erriondok, Xabier Isasik, Mikel Aizpuruk, Kepa Altonagak eta Martin Orbek. Etortzerik izan ez badute ere, UEUko gainontzeko Zuzendariek ere sinatu dute agiria: Karmele Artetxe, Inaki Irazabalbeitia, Aitzpea Leizaola eta Baleren Bakaikoa.

 

 

Azaroaren erdialdean jakin zuen UEUk partida kentzearen erabakiaren berri. Azaroaren bukaerarako enmendakin partzialak sartu zizkion UEUk 2012ko aurrekontuei. Bitartean, legebiltzarreko gehiengoaren babesa eta alderdi sozialistako zenbait kideena ere lortu zuen, UEUk euskal gizarteari 40 urte hauetan egindako ekarpenaren aitortza moduan. Hezkuntza mahaiko kideen babesa ere eskuratu genuen.

 

Abenduaren 13 eta 14an eztabaidatu ziren legebiltzarrean enmendakinak goian aipatutako babes guztiarekin. Alferrik izan zen. Hezkuntza Sailburuak ez zuen onartu partida murriztea (krisi garaia kontuan hartuta, eskatzen genuena), eta guztiz kendu zuen.

 

 

UEUk 1998an lortu zuen lehen aldiz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babes instituzioala, partida izenduna lortuz. Bi milioi pezetakin hasi zen laguntza garatuz joan zen UEUren aurrekontuetan partida esanguratsuenetarikoa bihurtu arte. Aurtengo kopurua, 177.840
€-koa izan da. Azken batean, UEUren aurrekontu osoaren %25a suposatu du
azken urteetan.

 

 

 

Kuantitatiboki partida hau oso garrantzitsua da UEUrentzat, modu zuzenean jasotzen zenez, funtzioanamendu gastuentzat bideratzen zelako, eta ez proiektu jakinei lotua. Era honetan, egiturazko gastuak ordaintzeko erabili izan du UEUk, tartean, langileen soldatak.

 

 

Kualitatiboki ere garrantzi handiko partida izan da UEUrentzat, babes instituzioalaren adierazle izan den aldetik. Hots, Jaurlaritzak UEUri egiten zion aitortzaren adierazle.

 


Aitortza, babesa, egonkortasuna, iraunkortasuna zen UEUrentzat.
Partida hau kentzeak, proiektuen azterketa sakon bat egitera behartzeaz gain, egitura ukitzen du eta ezinbestean, langilegoa. Lanpostuen etete zuzena ekarriko du, murrizketak lanaldietan eta ERE bat martxan jartzea.

 

 

UEU Onura Publikoko izaera duen lukuru asmorik gabeko kultur elkartea da, zeinaren helburua euskara eta unibertsitate munduak gerturatzea den azken 40 urte hauetan. UEUk ekarpen handia egiten dio euskal gizarteari orokorrean eta unibertsitate-munduari zehazki. Hori frogatzen duen hainbat datu daude:

 

·      Urtero goi-mailako 200 ikastaro, mintegi, jardunaldi eta etengabeko formazio antolatzen ditu. Bertan, 2.000 pertsonak parte hartzen dute.

·      Urtero unibertsitate-mailako euskarazko 12 testu-liburu argitaratzen ditu, alor honetan aintzindaria eta erreferentzia delarik.

·      IKTeetako hainbat proiektu jartzen ditu euskal gizartearen eskura:

o   Inguma.org. Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea.

o   Unibertsitatea.net ataria. Unibertsitario euskaldunen topagunea.

o   Euskarazko software katalogoa.

o   Buruxkak.org. UEUren liburutegi digitala. Bertan, UEUren liburuak, aldizkariak, tesiak eta albisteak daude eskuragai.

o   Uztaro.com. Uztaro Giza eta Gizarte Zientzien aldizkariaren artikuluen erreferentzia eta artikuluak topatu daitezke.

·      UEUk 1.100 bazkideen babesa du, proiektuari oinarria ematen diotenak.

 

 

Hau guzti honengatik, UEUk salatu nahi du partida izendun OSOA kentzea lotsagarria dela eta Hezkuntza Sailburuaren erabakia izanik, Jaurlaritzari hausnarketa egin dezan eskatzen diogu, partida mantendu dezan. Era berean, nahiz eta garai gogorrak izango diren, UEUk bere jarduera ez duela etengo adierazi  nahi du, eta lanean jarraituko du inoiz baino gehiago bere bazkideen, instituzioen eta gainontzeko eragileen babesa lortzen, orain arte bezala, gizarteari ekarpenak egiten jarraitu dezan.

 

 

UEUko Zuzendariek honoko testua irakurri dute agerraldian:

 

IZENA ETA IZANA

Euria ari du. Gogotsu. Zorioneko krisialdiak (zorigaitzeko, hobeto esanda) goitik behera blaitu gaitu denok eta besteak beste euskalgintza, kulturgintza, hezkuntza edota jakintzaren sustapenaren hainbat alorretan dihardugunok. Klima ozeanikoaren umela ezaguna genuen aspaldi, ordea, eta sekula erantzigabea genuen ziraz jantzita harrapatu gaitu aipatu ekaitzak.

 

Uda garaian jantzi zuen UEUk euritakoa lehen aldiz, 1973. urtean. Orduz geroztik, euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzen, euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzen eta ekoiztutako unibertsitate-gaiak gizartearen esku jartzen jardun du. Eta arestian aipatu bezala ezagutu ditugu era guztietako langar-giro, ziri-miri, euri ttiki, erauntsi eta kazkabar erasoak. Tokatu zaigun atmosfera zati kantauriar honi izpiritu “udatiarrez” eutsi izan diogu beti.

 

Elkarlanean, ikuspegi dinamikoz eta izaera parte-hartzailez UEUk berak sustaturiko uda zein neguko jarduera akademikoak, argitaratutako korpus bibliografikoa edota IKTetan garaturiko hainbat azpiegitura eta zerbitzu UEUren beraren berme izan dira. Bideragarritasun ekonomikoa, ordea, aipatu berezko ekinbide hauetaz gain hainbat erakunde publikoren diru-laguntzei esker lortu da, 1.100 bazkideren laguntzarekin batera. Hartara, autonomia eta gizarte-izaera galdu gabe UEUk erakunde publikoen sostengua jaso izan du bideragarritasuna bermatze aldera. Hementxe berreskuratuko dugu metafora klimatologikoa: “Geruza” instituzional hauetan ezagutu baititugu gora-behera barometrikoak.

 

Azken urteotan aipatutako krisialdiak hainbat erakunde publikoren etengabeko murrizketa ekarri du. Ttanttaka batzutan eta jario nahiko larriz bestetan, UEUk jasan du diru-murrizketen atergabeko ixuria.

 

Gaur salatu nahi duguna, ordea, diru murrizketarekin batera Eusko Legebiltzarrean aurkeztu eta bozkatu diren 2012rako aurrekontuek agerian utzi dutena: UEUri 1998az geroztik esleitutako partida izendunaren desagerraraztea. Izan ere, gaur Legebiltzarrak bozkatu dituen aurrekontuek UEUren bideragarritasunari danbateko agerikoa emateaz gain, diru-laguntza “merezi” duten erakundeen izen zerrendatik ezabatu baikaitu. Ekialdeko agintarien boladak bortitz sartu dira mendebaldeko instituzioetan. Aurrena laguntzak murriztu, 0 €an utzi hurrena eta desagerrarazi azkena. Gasteizko aurrekontuek, alabaina, ez dute UEUri esleitu ohi zaion diru-laguntza ezereztu. Zuzenki subentzioaren onuradunaren izena ere desagerrarazi dute.

 

Dute diogu baina du esateko gogoa dugu. Izan ere, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean aurkeztutako emendakinek talde abertzaleen jarrera positiboa agertarazi dute. Legebiltzarretik kanpo egunotan izaniko bestelako harremanek ere izan dute bere fruitua eta UEUren “desagertarazpenaren” aurkako jarrera agerian utzi. Baita PSEren barrenean ere. Eta horrexek du aditz horren subjektua Hezkuntza Sailburua dela pentsarazten gaitu. Bera izendatzen dugu erabaki izengabetzaile honen arduradun gisa.

 

Eta halaxe, eguraldi petralarekin eta Eusko Jaurlaritzarako izenik gabe, segitzen dugu gure zira zaharrarekin, gure aterkipean. Izena izan badugulako, baina batez ere izana badaukagu, euritakoa badugu. Ez ditugulako datorren urtean 40 urte alferrik beteko. 40 urte udako ikastaroak antolatzen. 40 urtez eguraldia zerbait aldakorra dela pentsatzen.

 

Karmele Artetxe, Lore Erriondo, Aitzpea Leizaola, Xabier Isasi, Mikel Aizpuru, Kepa Altonaga, Inaki Irazabalbeitia, Baleren Bakaikoa eta Martin Orbe

UEUko Zuzendariak