Euskadiko Eskola Kontseiluaren oharra

2012-05-14

Euskadiko Eskola Kontseiluaren iritziz, ez litzateke ahuldu behar oinarrizko derrigorrezko hezkuntza, indartu baizik, ikasle guztiek berdin barneratu ditzaten ondorengo ikasketak behar adinako bermearekin jarraitzeko behar dituzten gaitasunak.

 
 
Euskadiko Eskola Kontseiluaren oharra

EUSKADIKO ESKOLA KONTSEILUAREN PRENTSA OHARRA

Espainiako Gobernuko Hezkuntza Ministerioak hainbat neurri iragarri ditu  aurrekontuak mozteko eta apirilaren 20an argitaratutako 14/2012 Legegintzako Errege Dekretuan islatu ditu neurri horiek. Euskadiko Eskola Kontseiluak ere bere iritzia eman nahi du gai honen inguruan.

Aipatu neurriak proposatzean ez da adostasunik bilatu Autonomi Erkidegoekin, nahiz eta funtsean eurak diren neurriak aplikatu beharko dituztenak, ezta ere hezkuntza komunitatearekin. Ikusirik zein garrantzitsuak diren neurriak, komenigarria zatekeen bi alderdi horien oniritzia lortzea herrialde demokratiko batean bizi garelako eta hezkuntza komunitatearen parte-hartzea bideratzen duten erakundeak dauzkagulako.

Adierazi nahi dugu kezkatuta gaudela planteatu diren neurriekin, batetik, irakasleen lan-baldintzak nabarmen okertuko dituztelako  eta, bestetik, ikasleei ere eragiten dieten neurriak diren aldetik, hezkuntza sistemaren kalitatea eta batez ere berdintasuna arriskuan jartzen dituztelako.

Esaterako, irakasleen lan jardunaldia luzatzea proposatzen denean, kontuan hartu behar da ordutegi horretan sartzen direla ikasgela barnean ematen diren irakastorduak eta baita ere talde txikiagotan banatzen diren jarduerak zein indargarri indibidualak. Errege Dekretu-Legearen neurriak aplikatuko balira, kasu askotan irakasleek denbora gutxiago izango lukete beste mota bateko jarduerak egiteko, eta, ekintza horiek irakas-denboratzat hartzen ez diren arren, funtsezkoak dira ikastetxeak behar bezala funtzionatu dezan: irakasle, tutore, departamendu eta ebaluazio taldeen arteko koordinazio bilerak, ikasleen jarraipen zehatza, familien harrera eta beste hainbat. Irakasleen lana ez da ikasgelan egiten dutenera bakarrik mugatzen, horrez gain, beste hainbat jarduera eta erantzukizun dituzte eta aipatu neurriek eragin handia izan dezakete jarduera eta erantzukizun horietan.

Bada derrigor bete beharreko beste neurri bat: irakasle titularra gaixotzen bada, ikasleek 10 ikastegun igaro ditzakete ordezko irakaslerik gabe. Neurri hau oso kaltegarritzat jotzen dugu ikastetxeen antolaketa eragozteko duen arriskuagatik. Bestalde ere ikasleria eskola orduak galtzeko zorian aurkituko litzateke, Lehen Hezkuntzan irakasle espezialista falta denean eta Bigarren Hezkuntzan kasu guztietan, irakasle guztiek baitira espezialistak

Derrigor bete beharrekoa ez den arren beste neurri bat ere aurkezten da, zeina kezkagarria baita proposatze hutsagatik, hain zuzen ere ikasgelako ikasle ratioari buruzkoa. Gurea bezalako hezkuntza sistema elebidun edo eleanitzen konplexutasunak (batez ere hezkuntzako lehen faseetan) argi erakusten du neurri hori erabat baztergarria dela eta, gainera, kontuan hartu behar da Euskadiko hezkuntzako adierazleak eta emaitzak onak direla. Eskola-uzte goiztiarra adibidez Estatuko batez bestekoaren erdiaren azpitik dago eta Europako batez bestekoaren azpitik ere bai. Halaber, derrigorrezko etaparen ondoren ikasten jarraitzen duen ikasle kopurua Estatuko zenbatekoa baino handiagoa da. Emaitzei dagokienez, ikasle euskaldunak matematikan nabarmentzen dira (PISA txostenak ELGAko herrialdeen batez bestekoaren gainetik kokatzen ditu).

Azkenik, Euskadiko Eskola Kontseiluaren iritziz, ez litzateke ahuldu behar oinarrizko derrigorrezko hezkuntza, indartu baizik, ikasle guztiek berdin barneratu ditzaten ondorengo ikasketak behar adinako bermearekin jarraitzeko behar dituzten gaitasunak. Horretarako, irakaskuntzari bere tokia eta ospea eman behar zaizkio, irakasleen prestakuntza eta langintza egokituz eta epe ertain-luzerako hezkuntza politikak diseinatuz hezkuntza komunitate osoa barne hartuko duen adostasun zabaletatik.