Ateak zabalik Bizi Toki ezagutzeko

2012-05-29

Bizi Toki ezagutzeko ateak zabalduko dituzte ekainaren 2an eta 3an. Behauze herriko Goitia baserrian duela ia urtebete hamar familiek prestaketa lanean ari dira "Gure haurren heziketa gure gain hartu" lemapean. Orain, proiektua zertan datzan aurkezteko garaia da. Informazio gehiago: www.bizitoki.org helbidean.

 
 
Ateak zabalik Bizi Toki ezagutzeko

Bizi Toki : gure haurren heziketa gure gain hartu

  Idazki honen bidez Bizi Tokiren aurkezpen laburtua egiten dugu eta heldu den ekainaren 2 eta 3an antolatzen ditugun ate idekietara interesatua den oro gomitatzen dugu.

  2011ko uztailaz geroztik, Bizi Toki egitasmoa hamar bat familiren artean Behauzeko Goitia baserrian gauzatzen ari gara: gure haurren heziketa gure gain hartzea erabaki dugu.

  Haur baten heziketan gurasoetaz gain beste hainbat pertsonek esku hartu behar dutenez (hain zuzen, afrikar erran zaharrak dion bezala, «herri oso bat behar da haur baten hezteko»), esku hartzen duten guzien artean haurrei zein balore eta jakitate transmititu nahi zaien zehaztu behar dela uste dugu, baita nola transmititu ere.

 Funtsezkoak iruditzen zaizkigun balore batzuen arabera gure haurrak hezteko eta bizitzeko, Bizi Toki egitasmoa abian ezarri dugu:

● Balore kulturalak: euskara plazerez ikasiz eta mintzatuz, bere biziraupenaren alde jardutea ; telebistaren, bideo-jokoen, interneten, telefono mugikorren... arriskuen aitzinean beti erne egotea...

● Balore ekologikoak: planetaren oreka ekologikoarekin bateragarria den bizimodu baterantz ahal bezain fite aitzinatzeko, gure eguneroko zenbait ohitura aldatzea; naturaren kontaktuan bizitzea...

● Balore sozialak: partekatzea eta ekonomian lehentasuna elkar-eskaintzari ematea; pertsonen arteko harreman moldeak arretaz zaintzea: zintzotasuna, konfiantza, errespetua, elkarlaguntza, bortizkeriarik gabeko komunikazioa...

Balore politikoak: autonomia; denak asetzen dituzten adostasunak lortzea...

Balore pedagogikoak: zigorrik eta saririk gabe heztea; haurrari, bere ikasketak bere motibazioen arabera hautatzeko askatasuna ematea...

 

  Haurrei transmititu nahi dizkiegun baloreak guaurek bizi behar ditugula argi dugu, ezen ikaskuntza prozesua, ingurumeneko baloreen berezko eskuratzea (eskuratze naturala) da. Ber gauza haurrei transmititu nahi dizkiegun jakitateentzat. Hauek haientzat zentzua ukan dezaten, lehenik inguruko helduentzat zentzu sakona ukan behar dute. Adibidez, haur batentzat askoz errazagoa da euskara ikastea bere inguruko pertsonek ere ikasten edota mintzatzen badute; haurrek esku lanak egitea nahi baldin badugu, helduak esku lanetan ikusi behar gaituzte ; haurrek edozoin gai ikasteko jakinmina ukan dezaten nahi baldin badugu, helduek ere jakinmina ukan behar dugu... Horrela, ikasketak eta bizitzak bat egiten dute. Horregatik Bizi Toki izena eman diogu gure egitasmoari.

  Gurasoak, guraso ez diren helduak, zaharrak, haurrak eta niniak biltzen dituen horrelako egitasmo kolektiboa eraikitzea oso interesgarria da guretzat, balore horiek kolektiboki bizitzeak bizia zentzuz betetzen duelako. Ahantzi gabe gure edota gure adiskideen haurren heziketa gure gain hartzeak haurrekin une bikain ugari bizitzea eskaintzen digula, emozioz beteak, oso aberasgarriak...

  Bizi Tokin bizitzen ditugun baloreak jendartera zabaltzera bi kezkek bultzatzen gaituzte: bata da, «nolako mundua utziko diegu haurrei?», eta bestea, «nolako haurrak utziko dizkiogu munduari?». Bizi Toki egitasmoa garatzeko, gure gogoetak, esperientziak eta aurkikuntzak interesatua den ororen esku ezartzen ditugu, eta nonahi antzeko egitasmoen sortzea bultzatzen edota laguntzen dugu.

  Heldu oro haur edo nerabe bati nola ikasten den irakasteko gai dela oso argi dugu. Beharrezkoa dena, horren egiteko nahia ukatea eta denbora hartzea da. Horretarako, gure eguneroko oinarrizko beharrak (etxe bizitza, garraioa, elikadura, artatzea, tresnak, puskak...) txikituz eta sinplifikatuz, eta behar horien asetzeko elkar laguntzaren eta auto ekoizpenaren bidez autonomia kolektiboaren hautua eginez, “lan denbora” txikitzen ahal da. Horrela, haurren heziketarako denbora gehiago har daiteke.

  Bizi Toki egitasmoan gure bide lagun izan nahi duen oro ongi etorria da. Bide horretan eman ditugun lehen urratsek, beste anitz emateko gogo handia eragin digute.

  Gurekin harreman zuzenean sartzeko eta Bizi Toki ezagutzeko, heldu den ekainaren 2 eta 3an ate idekiak antolatzen ditugu Behauzeko Goitia baserri ederrean. Bizi Tokiren aurkezpena eta bisita larunbat eta igandean 11:00etan, 15:00etan eta 18:00etan burutuko ditugu. Bertara pik-nika ekar daiteke. Bizi Tokira heltzeko, eskuinean den Behauzeko frontoinaren aitzinetik pasa, ondotik bi aldiz eskuin eta lehen baserria ezker. Telefonoa: 05 59 65 36 27.

  Bizi Toki egitasmoa hobeki ezagutzeko, www.bizitoki.org internet gune berrituan argibide anitz eskura daiteke.

 

  Bizi Tokiko kideen izenean, Emilie Mendieta eta Joseba Queiruga Oronoz