Lau hankatan ibiliz garuna osatzen da

2012-11-04

Bizitzako lehen 6-8  urteetan garunak inoiz izango duen garapenik handiena jasango du. Garapen hori ingurunearen araberakoa izango da —elikaduraren,  estimuluen eta zaintzaren araberakoa—. Burmuina ondo osaturik duen pertsona batek emozioak kudeatzeko, ikasteko eta sozializatzeko aukera gehiago izango ditu.

 
 
Lau hankatan ibiliz garuna osatzen da

Nerabezaroan agertzen dira askotan portaera-arazoak, eskola-porrota, edo baita sozializatzeko zailtasunak ere, baina horrek ez du esan nahi problema horien sorburua nerabezaroan dagoenik. Alvaro Beñaran psikomotrizitate irakasleak argi dauka: “Gaur egun, gizartean dauden arazoei buruz hitz egiten dugunean, esaten dugu hezkuntzan nerabeekin egin behar dela lan. Eta nire iritziz, gakoa 0-6 adin tartean dago; batez ere, 0-3 adin tartean. Izan ere, hor ezartzen baitira oinarri guztiak!”. Haurraren oinarriak lehen urteetan ezartzen dira, bai fisikoari, heziketari, biologiari, kognizioari... dagozkienak, alor guztiek elkar eragingo baitute. “Gero ikasiko du!” horrek ez du, beraz, balio. Oraingo honetan, garunaren garapenari begiratuko diogu, garunaren antolaketak baldintzatuko baitu pertsonak emozioak kudea-tzeko daukan ahalmena; ahalmen kognitiboa edo ikastekoa; eta sozializatzeko gaitasuna ere

 

Garai batean uste zen haurraren garuna jaiotzetik zedarritua dagoela, baina neurobiologoen azterketek garbi erakusten dute, garuna muntatua bai baina antolatua eta osatua ez dagoela jaiotzetik. Horrek esan nahi du haur baten garunaren %50a genetikoki zedarritua dagoen arren, beste erdia ingurunearen arabera garatuko dela, estimuluen, ingurune emozionalaren, elikaduraren, atsedenaren... arabera. Horretarako, lehen 6-8 urteak dira egokienak, 

urte horiek baitira plastizitate handienekoak; Maria J. Lopez neurobiologo madrildarrak honelaxe esan zion Hik Hasiri: “Garunaren garapenari dagokionez, Haur Hezkuntza askoz inportanteagoa da Unibertsitatea baino”.

 

Garuna garatzeaz ari garenean, emozioak kudeatzeko gaitasunaz ari gara —emozioak garunean baitaude—, ahalmen kognitiboaz, ikasteko tresnez —hizkuntza gaitasunaz, ikusmenaz, entzumenaz eta ahalmen motoreaz—; eta sozializatzeko gaitasunaz ari gara. Aurrera egin ahal izateko tresnak edukiko ditu haurrak garuna egoki garatuz gero, baina oinarrizko tresna horiek ez baditu bereganatzean, herrenka hasiko du ibilbidea. Garunaren garapena egokia izan dadin honako baldintza hauek beharrezkoak dira:

 

Haurraren behar emozionalak asetzea. 

Elikadura egokia eta atsedena bermatu behar dira.

Estimuluak behar ditu umeak.

 

Garai bakoitzean berea

Estimulatzeak, alabaina, ez du esan nahi helduak haurraren prozesuetan esku hartu behar duenik. Maria J. Lopezek garunaren garapenaren prozesuak errespetatzeari garrantzia handia ematen dio. Prozesu horretan garrantzi handia dauka haurraren mugimendu askatasunak. Emmi Pikler pediatra hungariarrak sortu zuen Mugimendu Askatasuna kontzeptua. XX. mendearen erdi partean Budapesteko Lockzy institutua sortu zuen Piklerrek, erietxean ehunka ume zaindu eta behatu ostean. Bere metodo pedagogikoaren printzipioetako bat honakoa zen: “prozesuak ez aurreratu”. Ez eragin jarrera edo mugimendurik ez bada bere kabuz horraino iritsi. Haurra bere gorputz enborrari eusteko gai denean hasiko da esertzen; eta zutitzeko gai denean hasiko da bi oinetan jartzen; lehenago egiten ez badu, ez delako gai da. Bere urratsak errespetatu gabe prozesuak aurreratzen saiatzen bagara, eseri edo zutitzen badugu, prozesu bakoitzean garatu behar duen atala garatzeko aukera ukatzen diogu.  

 

Mugimendu askeak haurrari adierazkortasuna, segurtasuna, bere buruarengan konfiantza  ematen dizkio eta garunaren garapenean laguntzen du, eta esku-hartzeak, berriz, oztopatu egiten du. Mugimendu askatasunari loturik, garunaren garapenean ondoko etapa hauek nabarmentzen ditu Maria J.  Lopezek:

 

Haurrak arrastaka ibili behar du: Jaiotzen denetik mugimendu txikiak egiten hasiko da haurra; hanka bat luzatzen duenean, edo besoa tenkatzean, edo jira buelta ematen duenean, atal motorea lantzen ari da, eta gero eta mugimendu konplexuagoak egiteko gaitasuna lor-tzen. Tonu muskularra, autonomia eta oreka ari da irabazten, neurologikoki antolatzen ari den bitartean. 

 

Lau hankatan ibiltzearen garrantzia: Askotan, umea lehenbailehen oinez has dadin presa izaten dute hezitzaileek, baina lau hankatan ibiltzea oso garrantzitsua da garunaren garapenari begira, orduan hasten baita okulomotrizitatea lantzen; hau da, une berean bi begiak leku berean jartzen ikasten du haurrak. Gaur egun, gero eta okulomotrizitate arazo handiagoak dituzte haurrek, 7 bat hilabeterekin ez direlako lau hankatan ibiltzen, dela amakatxoan etzanda denbora luzeegian egoten delako, edo parketxotik ez delako ateratzen, edo zutik jarriarazi eta eskutik helduta oinez ibiltzen hasteko fasera eraman delako haurra. Ikusmenaren garapeneko arazo horren ondorioz, haurra —bere garuna— ez da bi begiek eskaintzen dizkioten irudiak koordinatzeko gai, eta ondorioz, ezin du egoki irakurri, ez idatzi. 

 

f Hitz egiteko gaitasuna. Umea mundua entzuten hasten denean, 18 hilabete ingururekin, otitis arazoek edo mukiek, askotan informazioa garunera iristea oztopatzen dute, eta ondorioz, ez dute entzuteko gaitasuna egoki lantzen. Informazioa ez bada sartzen, lenguaia arazoak izango dituzte haurrek. Izan ere, umea hizkuntza ikasteko gaitasunarekin jaiotzen bada ere, ingurunetik jasotzen dituen estimuluen arabera garatuko du gaitasun hori.  Ondorioz, okerren entzuten dutenak dira eskola-porrota gehien jasaten dutenak, ongi entzuten ez duen umeak erraz deskonektatzen du; gauzak gaizki ulertzen ditu... 

 

Irakurtzen lehenago hasteak ez du esan nahi hobeto egingo duenik: Piklerrek mugimenduaz esaten duen gauza bera —“prozesuak ez aurreratu”— neurobiologiak irakurketaz esaten du. Ondo irakurri ahal izateko, irakurketarako antolaketa neurologiko egokia behar du haurrak. Begiak ez eta garuna denez irakurtzen duena, pertsonak begia sano edukitzeaz gain, hautemate tresnak eduki behar ditu: formak identifikatzeko gai izan behar du; memoria bisuala eduki behar du; edota informazioa diskriminatzeko gauza izan behar du. Haurrak —beren garunak— horretarako tresnak eduki aurreko adinera aurreratzen badu eskolak irakurketaren ikasketa, prozesu hori herrenka hasiko dute ume horiek. 

 

Garunaren garapena

Zelulei dagokienez, haurra garuna eraikita jaioko da, amaren sabelean osatu baita 9 hilabeteetan zehar. Ernaldiaren lehen bost hilabeteetan sortzen dira neurona gehienak. Behin jaiotzean, garunak gerora izango denaren %23 pisa-tzen du, hor egongo dira, dagoeneko, gure garuneko neuronen %100, eta horiek izango ditugu gure bizitza guztian zehar, bizitza osoan ez baita  neurona berririk sortzen. Neuronek, beraz, garunaren %23 pisatzen dute,  eta gainontzeko pisu hartze edo garatze hori 0-6 urte bitartean gertatuko da, garunak tarte horretan izango baitu plastizitate handiena. Epe horretan eraikiko da, beraz,  neuronen arteko sarea. Zelula horien arteko sare edo zirkuituari “sinapsia” deitzen zaio. Eta sare horretatik iragaiten den komunikazioaren kalitatea eta abiadura ere estimuluen arabera garatuko da, bereziki lehenengo bi urteetan (prozesu horri “mielinizazioa” deitzen zaio). Gero eta 

gehiago estimulatu, zaindu (elikadura ona, ingurune emozional egokia, atsedena...) errepide gehiago eta hobeak irekiko ditugu garunean, eta komunikazio azkarragoa eta kalitate hobekoa izango da; ondorioz, mugimendu konplexuak egiteko gaitasuna hartuko du; 

hitz egiten ikasiko du eta logikoki arrazoituko du.