Aiora ZULAIKA "Pirritx": Eskolaz

2012-11-12
Eskolaz dudan lehendabiziko oroitzapena hiru urte eskas nituenekoa da.  Ikastolako gelan ginen, lehenengo solairuan eta andereño Arantzazu sorginez mozorrotuta etorri zen eskailera zaharretan gora. Hura zirrara eta zalaparta! Irailean etxeko txikiekin eskola-egokitzapenean jardun gara. Bizitzako lehen eskola egunetan haiek senti-tzen ari diren beldurrek, jakin-minak eta sabeleko tximeletek behin baino gehiagotan ekarri didate haurtzaroko irudi hura gogora, usaina ere baduen oroipena.
 
 
Aiora ZULAIKA "Pirritx": Eskolaz
Esfortzua, irudimena eta auzolana ziren garai hartako guraso eta irakasleen ikurra; ez zegoen haurrei euskarazko hezkun-tza duin eta aurrerakoia, aurrera begirakoa, eskaintzeko beste modurik. Aitak ikastolako paretak pintatu zituen, amarekin eskulanak egiten genituen ostiral arratsaldetan. Etxe xahar bat zen gure lehen ikastola. Hormari alde banatan torlojuz itsatsitako oholak mahai bihurtzen ziren; mahaiak igota zeudenean borobilean esertzen ginen lurrean, edo jolasean aritzen ginen. 
Gero barrakoi prefabrikatuetan  ibili ginen, eta hamar bat urterekin joan ginen ‘handien ikastolara’, mendi aldera zegoen eraikin berrira. Juan txoferrak eramaten gintuen autobusean, builosoa bezain maitagarria gizona, gabon egunean gaztainak erretzen zituen denontzat. Egurrezko eserlekuak zituen autobus urdinak. Lineakoa izandakoa omen zen, auskalo nondik berreskuratua.
Edukiz, balorez, abenturaz, eta batez ere sentimenduz betetako ikastola bizi izan nuen, nola ez, irakasle petralen bat edo besterekin, gelakide jator eta ez hain jatorrekin. Sentimenduak azpimarratu ditut, izan ere, eskola, jakintza baino gehiago sentitzea dela edo izan behar duela uste dudalako. Sentitu gabe ikasten dena ahaztu egiten da 
ikasterako. Arribeko Juan Gorriti zurginak hala erakutsi zigun, gero pailazo taldean geure egindako lema: Sentitu, pentsatu, ekin: Bihotzak sentitu, ‘buruarekin jan’ eta eskuekin egin, denok elkarrekin.
Sentitu, pentsatu, ekin!, bizimodua da, bizitza bizitzeko jarrera. Eskola, berriz, hori ulertzeko, bideratzeko eta egia bilakatzeko tresna. 
Eta eskola, haurrak hazi eta hezteko bidean, sentimenduaz gain, elkartasuna ere bada, hau da, onena eman eta onena jaso: Norberak duen onena ematea eta besteengandik haien onena jasotzea, itsasoa bezala, etengabeko mugimenduan, marea gora eta marea behera.  Etenik gabe, gelditu gabe, eskola, ikasketa akademikoaz gain, bizipena baita, egunerokotasunean bizi ditugun gaiei eta arazoei heltzeak eta aurre egiteak ematen diguna.
Pailazo saioa amaitu eta oholtzatik behera jaisten garenean, haur, guraso, izeba-osaba eta aitona-amonekin muxuak, besarkadak eta sekretuak partekatzen ditugunean, askotan galdetzen diote Pirritxi ea zer moduz dauden Pupu eta Lore, ea zelakoak diren. Pirritxek erantzuten die, berak, Pupu eta Lore aurrean dituen haurrak bezain politak, jatorrak, irudimentsuak eta maitagarriak izatea nahi duela. Egiaz betetako hi-
tzak dira, izan ere, hori lantzen badugu, mamiz betetako pertsonatxoak hazi eta heziko ditugu, eta argiak izango dira, azkarrak, eta gauza ederrak egingo dituzte elkarrekin.
“Gure gelakoak gelara! Egia-egia da!”