Txusa Balbas: “Buruak hartu du dena, baita amatasuna eta aitatasuna ere”

2012-12-20

Nork bere gorputza ezagutzeak eta kudeatzeak hilekoa, haurdunaldia, erditzea, puerperioa eta menopausia osasuntsuago bizitzen lagunduko luke, ginekologo eta mediku homeopataren iritziz. Amatasunaz eta aitatasunaz hainbeste pentsatzeari utzi, eta sentitzen hasteko garaia dela dio.

 
 
Txusa Balbas: “Buruak hartu du dena, baita amatasuna  eta aitatasuna ere”

Nork bere gorputza ezagutzea eta entzutea osasuna —eta gaixotasuna— kudeatzeko bideak dira. Halaxe dio Txusa Balbas ginekologo eta mediku homeopatak (Madril, 1949). Ama eta amona ere bada Balbas. Gizon nahiz emakumeen kasuan, ezinbesteko ikusten du nork bere izatean konfian-tza edukitzea, baina bereziki andraz-koen kasuan, lehen hilekotik menopausiara bitartean oso interbenitua eta medikalizatua baitago emakumearen osasuna. Gorputza ezagutuz gero, eta horrek eskatzen duena en-tzuteko gai izanez gero, hilekoa, haurdunaldia, erditzea, puerperioa, edoskitzea, haziera eta menopausia oso ondo eraman litezkeen faseak direla dio Balbasek. Alabaina, gaur egun, oro har, nork bere gorputzarekin inoiz baino harreman gutxiago duela ikusten du, eta horregatik direla izan litezkeen baino fase zailagoak. Une horretan, gehiegi pentsatzeari utzi eta gorpu-tzaren sintomak neutralizatzeko joera baztertu, eta gorputzari eta senari entzuten hastea gomendatzen du. Baita aitaren kasuan ere.

Zarauzko kontsultan hartu du Hazi Hezi mediku homepata eta ginekologoak. Hiru hamarkada baino gehiago daramatza aholkulari lanetan, horixe baita, bere ustez, medikuaren egitekoa: bide-laguntzaile izatea. Bere ibilbidea hertsiki lotua dago emakumeak bere gorputzaren, osasunaren eta sexualitatearen gaineko kontrola erdiesteko bidearekin. Zidor horretan, kontrazepzioan, haurdunaren osasunean, erditze-baldintzetan, edoskitzean, hazieran, arlo sozialean... aurrerapauso handiak ikusi ditu hiru hamarkada horietan, baina, hala ere, oraindik nork bere osasunaren jabe izateko bidean pauso gehiago egin behar dela uste du, norbanako guztiek, baina bereziki andrazkoek: “Emakumeek euren botere pertsonalean konfiantza izan behar dute”.

Gorputz bat gara, ez ‘daukagu’ gorputz bat. Ikuspuntu aldaketa horrek gauza askotan lagunduko digu, ezta?

Osasunaren inguruan oinarrizko oker nabarmen bat dago: gorputz bat gara. Gorputz bat izatearen esperientzia funtsezkoa da osasuna zer den eta gaixotasuna zer den ulertzeko, baita atxikimendua zer den ulertzeko ere. Gorputz bat daukagula pentsatzen badugu, hau da, instrumentalizazio bat dela uste badugu, hortik ez dugu soluziorik aterako. Oinarrizko oker horren arabera, ni gauza bat naiz, eta nire gorputza beste gauza bat da. Hori sinesmen bat da, eta sinesmen horrek arazoak dakartza; beraz, sinesmen hori desmuntatu behar dugu, eta transformazio bat lortuko dugu.

Gorputz bat ‘daukagula’ dioen sinesmen horrek, gauza bihurtze horrek, dualismoarekin,  erredukzionismoarekin eta mekanismoarekin zerikusia dauka. Hortik ateratzen ez bagara, arroz integrala jango dugu, bai, baina ez dugu benetako iraultzarik, benetako transformaziorik lortuko. 

Raimon Panikkarri entzun nion lehen aldiz gorputza erlijioaren biktima eta medikuntzaren preso gisa kudeatzeari buruz hizketan. Eta, bene-benetan, halaxe da: pentsamendu dualista eta erredukzionista hori botere-egituretan sendotu da, eta, noski, Elizari esker ere indartu da pentsamendu hori, gizakia gorputz eta arima baita; arima sakratua da eta gorputza lotsagabea. Baina bereizketa hori artifiziala da: dena da sakratua eta dena da lotsagabea, dena da gorputza eta dena da arima. 

Erlijio katolikoak gure gorputza mespretxatzen eta mortifikatzen irakatsi digu, eta, tradizioz, gorputza eta arima bereizten dituen paradigma horrekin bizi izan gara denbora luzean. Ondoren, paradigma zientifikoa iristean, izenak soilik aldatu dira:  buruaz eta gorputzaz hitz egiten da; burua noblea da, eta gorputza zati txikitan bereizten da, ehun eta zeluletan bukatu arte. Auto bat izango bagina bezala, medikun-tzak makina bati bezala begiratzen dio pertsonari, akats bat duenean mekanikoek konponduko dute; karrozariak dauden bezala, traumatologoak daude; motorraz arduratzen direnak eta kardiologoak... Hori ikuspegi guztiz mekanikoa eta murriztailea da: pertsona bat gaixo dagoenean bere osotasunean dago eri, eta hiltzen denean ere, bere osotasunean hilko da.

Gutako bakoitzak ze esku-hartze dauka norbere osasunaren kudeaketan?

Nola kudeatuko duzu ezer, zu ez bazara zu? Gure izateak ez badauka zerikusirik gure gorputzarekin eta ez badakigu zer esan nahi duen gaixotzeak, nola osatuko gara? Ezezagun dugu guztia, eta arrotz bizi gara. Gure materia bizi dugun arroztasun hori oso serioa iruditzen zait; gure buruak gure gorputzarekin zerikusirik ez daukala pentsatze hori, eta burua elikatu behar dugula eta gorputza mekanikoen esku utzi behar dugula pentsatze hori, oso kezkagarria iruditzen zait. Gaixotasuna gugandik kanpo balego bezala, eta bat-batean erasango bagintu bezala bizi dugu; baina ez da hala, gaitza geurengandik dator, eta geureganatu egin behar dugu.

 

Gaixotasuna aukera bat da: horixe da ulertu behar den lehen gauza. Gorpu-tza zer den hausnartzen dugunean, bizitza zer den eta heriotza zer den hausnartzen dugu, zer den osasuna eta zer den gaixotasuna. Gizakiok osasunaren eta gaixotasunaren oreka ezegonkor horretan gabiltza. Gaixotasuna gure izatean gertatu den desorekaren agerpen bat da, eta gorputzaren bidez adierazten da. Gaixotasun guztiak psikosomatikoak dira. Perbertsio bat da esatea gauza bat dela psikikoa eta bestea fisikoa. 

Gaixotasuna zer zentzutan da aukera bat?

Lehenik eta behin, egoeraz kontura-tzeko aukera bat da: konturatzen garela konturatu behar gara. Gure grabitate zentroaren atzetik korrika bizi gara, eta ez diogu gure gorputzari entzuten, eta ez diegu besteei ere entzuten. Ez dakigu zer diren emozioak ere. Gero eredu jasangarriez eta naturarekiko harremanez hitz egiten dugu, baina natura ez da hondartza bakarrik, naturarekin harremana galtzea norbere presentzia bera galtzea da.

Ama izatean, kasu batzuetan, oso nabarmen gertatzen da gorputzak lehengo erritmoa gelditzeko eskatzea.

Gaur egun emakumeek kontzienteki aukeratzen dute ama izatea, eta ondo iruditzen zait, baina seme-alabak programatu egiten dira, txango bat bailiran, eta orduan, ez dago bizitza errealarekiko irekitzerik. Ama nola garen pentsatu behar dugu, pentsamenduz soilik ote garen ama, ala ez.

Hiru garun dauzkagu: giza garuna, non pentsamendua dagoen, kontzeptua, hausnarketa... mentala den guztia dago bertan; ugaztun garuna dugu, non sistema linbikoa dagoen eta emozioak dauden; eta, hirugarrenik, narrasti garuna dugu, eta hor biziraupena dago. Ideala litzateke hiru garunak martxan edukitzea. Hezkuntzak narrasti garuna deuseztatu egiten du eta ugaztun garuna gidatzen saiatzen da. Mentalizazio prozesu bat ari gara egiten, pentsamendua da dena, buruak hartu du dena, baita amatasuna eta aitatasuna ere. Hiru garunak esnatzeko gai izan behar dugu, hiruren arteko elkarrizketa gerta dadin eta bide berriak ireki daitezen. Haustura horretan heziak izan gara, gizaki garunean soilik.

Haurdun gelditzen diren emakume asko pentsamendutik soilik gelditzen dira haurdun, “haurdun gelditu nahi dut”, pentsatzen dute. Haurra iristen denean, ordea, pentsatu duzun horrek guztiak ez ditu bi ogerleko balio, haurrak guztia hankaz gora jarriko baitizu. Horixe da umea pentsamendutik desio duen amari gertatzen zaiona.

Eta zer egin hain lagungarri diren biziraupen senera —narrasti garunera— eta emozioetara —ugaztun garunera— iristeko?

Emakume bat erditzean narrasti garunetik erdituko da, eta hori ezingo du saihestu, epidurala jarriagatik edo erditzea erabat zuzendua izanagatik ere... narrasti garuna piztu egiten da erditzean. Garun honi funtzionatzen uzten badiogu, ahalik eta gehien uzten badiogu, oso lagungarri izango da: oinarrizko instintutik erditu da andrea eta hortik haziko du bere umetxoa, eta hortik garatu ahal izango du emakumearen boterea: emakume sortzailearen boterea, bizia ematearen boterea, ama  elikatzailearen boterea. Baina bidea irekita utzi behar zaio narrasti garunari,  eta hartzen diren neurri askok saihestu egiten dute hori guztia piztea.

Sarri ikusten dugu emakume askok atxikimendu gutxi dutela seme-alabekiko, haurdunaldian, erditzean  eta hazieran ez baitute aukerarik izan atxikimendua sortzen duen instintua pizteko. Kontuz, ordea, atxikimendu gutxi edukitzeak ez du esan nahi euren seme-alabak maite ez dituztenik, ez da hori. Instintuaz ari gara: zure umea maita dezakezu, baina atxikimendurik ez izan, horretarako aukerarik ez duzulako eduki. Horregatik oso inportantea da erditzean eta hazieran giroa zain-tzea, ahalik eta errespetatuena izatea, ahalik eta gutxien esku hartzea: ama eta haurra ez dira bereizi behar, intimitate eta pribazitate erabatekoa duen atmosfera zaindu behar da. 

Bikoteari dagokionez ere, emozioen gainetik pentsamendua da nagusi haurraren zain daudenean? Etorkizunerako plan ugari egiten dira, esaterako.

Bikote askok euren seme-alabak nola haziko dituzten planak egin dituzte. Nik esaten diet ez egiteko planik, guztiak hautsiko baitzaizkie, eta horrek antsietate handia sortuko du bikotean eta haurrarekiko harremanean. Bikoteari dagokionez, ohartu behar dira aitak bi urrats atzera egin behar dituela, bikote berri bat sortu baita, amak eta umeak osatzen dutena, eta aitaren egitekoa babes erabatekoa ematea izango da, guztia ematea eta ezer ez eskatzea. Ematea, horixe da bizitzaren eta maitasunaren esentzia. 

Planak egiteari dagokionez, gauza bat jakitea ondo dator: umea jaiotzean kataklismo bat gertatuko dela jakitun baldin badira, bikote harremana indarturik aterako da. Egoera aldatu egin da, gauzak desberdinak dira, eta lehentasunak ere bai, eta baita sexuan ere: ez da esaten, baina gertatu gertatzen da, emakumea bularra ematen ari denean gutxitu edo deuseztu egiten da irrika sexuala, eta hori ulertzeak eta naturaltasunez bizitzeak lagundu egingo dio bikoteari.

Hilekoarekin hasi eta menopausiara arte pilula ugari hartzen ditu emakumeak. Narrasti garuna aktibatu ezinarekin, eta gorputzarekin harremanik ez izatearekin zer nolako zerikusia du medikalizazioak? 

Tranpa da andreon bizitzako etapa guztiak medikalizatuak izan behar direla sinestea, etapa horiek gaixotasunak izango balira bezala pasarazi nahi dizkigute. Ez dugu aurrera egin emakumeak bere botere pertsonalean duen konfiantzarekiko. Nik neure lehen semea eduki nuenean, ume hori eduki ahal izan banuen edozertarako gai nintzela sentitu nuen, berdin zidan beste guztiak. Ikaragarria izan zen. Baina inguruan besterik ikusten da.

Oraindik ere hilekoak berak tabua izaten jarraitzen du, eta neskek oraindik ere gauza bera esaten jarraitzen dute lehen hilekoa izatean: “ez esan inori”; eta amak gauza bera pentsatzen jarraitzen dute: “gaixoa”. 

Zergatik diozu emakumeak bere botere pertsonala garatzeko premia duela? 

Konfidantza berreskuratu behar dugu. Botere femeninoa aldarrikatzen dut gizateria une honetan bizitzen ari den kaos egoera honetatik ateratzeko bide gisa. Espazio horretan sartzeak esan nahi du konkistarik gabeko espazio batean sartzea; jasangarritasun espazio batean sartzea esan nahi du, bakegin-tza, partekatzea,  ematea... Hori oso ondo egiten dugu emakumeok, geure barneko indarrarekin konektatzen dugunean. Horri berez daukan balioa eman behar zaio, prestigioa. Esentzian bizitzaren euskarriak eta sostengatzaileak gara emakumeok, eta pozik egon beharko genuke emakume jaio izanaz. Horretarako premia dago, geure barreneko indarrarekin konektatzekoa. 

Erabateko sumisiotik dator emakumea historikoki, eta askapenerako bidea izan behar zuenak, batzuetan beste sumisio  bat dirudi. Lanean, etxean, emakume perfektu edo ‘superwoman’ izan behar horrek ez ote ditu itotzen?

Sistemak emakumeari bi aukera ematen dizkio: batetik, baztertu egiten du, eta menderatu egin nahi du; bestetik, gizonaren “pare” jartzeko “aukera” ematen dio, baina hori ere negozio anker bat da, emakumeak asko galtzen baitu bide horretan. Emakumeari ederra eta perfektua izatea eskatzen zaio, baina, hori bai, gizonek bezala jokatzea. Non gauden jakin behar dugu, eta nondik irten gaitezkeen jakin behar dugu. Ez dugu atzera itzuli behar, bide berria egin behar dugu, geure nortasunaren aldeko borroka egin behar dugu, eta diskurtso berria eraiki.

Horretarako, gelditu egin behar da, barne aldera begira gelditu behar da. Isila eta barnerakoia izan behar du geldi-tzeko erabakiak. Ezin da gelditu agindu kategoriko batengatik, horrek ez du balio, beharrari jarraitu behar zaio. En-tzute horrek senarekin du zerikusia, eta berriro narrasti garunera itzultzen gara. Emozioak onartu behar dira, eta guztiak hartu, nahiz eta emozio eta sentimendu batzuk ez izan oso zoragarriak, onartu egin behar ditugu. Gero, bidea bera irekiko da. Hainbeste pentsatzeari utzi behar diogu. 

Feminitatea berreskuratu behar dela esan izan duzu, baina, askotan, feminitatea eta garai bateko sumisio egoerara itzultzea nahasten dira. 

Oso gauza desberdinak dira: ez dugu atzera egin behar, jakin egin behar dugu nondik gatozen. Nire belaunaldiko emakumeak ez ziren unibertsitatera joaten, asko jota burgesiako andereñoak joaten ziren karrera femeninoak egitera. Nire fakultatean milatik gora gizonezko zeuden, eta 86 emakumezko. 

Hala ere, gerora konturatu naiz ginekologian ez direla emakume gehiago behar, baizik eta arketipo femeninoa behar dela kontzientziaren egitura gisa. Berdin dit emakumezkoak edo gizonezoak izan, behar dena beste ikuspegi bat da. Ginekologo emakumezko asko dago ikuspegi erabat maskulinoa dutenak, bai ugalketaz eta baita emakumeari dagokion guztiaz ere eta, horrela, ez dugu geure gorputzaren, osasunaren eta sexualitatearen kudeaketan aurrera egingo. 

Gizonezkoek ere irabazi lukete euren alderdi femeninoari esker?

Bai, eta euren alderdi maskulinoari esker ere bai. Guk geure lekua hartuko bagenu, eurak ere kokatu egingo lirateke. Gizonei buruz azken aldian arduratzen nauen gauza zera da, inork ez du aita izan nahi. Aitatasun sena, berez, ez da existitzen. Existitzen dena da amatasun sena emakumeengan. Kontua da, bikote batean, harremana eraikitzen hasten denean, une batean gizonak baietz esaten duela, eta baiezko hori ez dator bere senetik, baizik eta bere bihotzetik. Behin beldurrak gainditzen dituenean baiezkoa ematen du. Gizonak bihotzetik dira aita, maitasunetik. Aita dira konpromisotik, apustu egin nahi dutelako, maite dutelako.

Bikoteak haurraren etorrerari buruzko planik ez duela egin behar esan duzu, baina prestatu behar du?

Harremana landu behar da, lehenik bikotea eraiki, maitasun maila bikainenera iristeko, eskuzabaltasuna eta maitasuna behar dira, eta senean ez baizik eta hor bilatuko dute aitatasuna gizonek, bihotzean. Eta ondoren, umearen habia izango den hori eraiki beharko du bikoteak. Oinarriak ezarriz, eraiki. Behin haurra jaiotzean, orduan bai sena piztuko zaie, babesteko sena, ugaztun garunarekin zerikusi erabatekoa duen sena. Hori bai, ondo ulertu bedi: babesak ez dauka zerikusirik menderatzearekin eta azpiratzearekin, babesak, beti ere, entrega, kolaborazioa errespetua esan nahi du. Aitaren rola ezinbestekoa da hazieran; horretarako, bere lekua eduki behar du.

 

 

 

“Hilekoaren bidez, geure gorputza  ezagutzeko aukera dugu"

 

Emakumeek harreman txarra dute hilekoarekin?

Oso txarra; madarikazio bat da, gauza nazkagarri bat. Gizon bati lehen bizarrak ateratzen zaizkionean, “gizajoa” esaten al zaio? Emakumeari hilekoa jaisten zaionean ‘gaixoa’ esaten da, eta haurdun gelditzean, eta gelditu ezin duenean, eta hilekoa joatean... Gure emakume kalitatean gertatzen zaigun guztia lastima eta konpasio gai da, horixe da ustea, eta kendu egin behar dugu uste hori gainetik.

AEBetan hilekoa kentzeko mugimendu bat dago, eta, nik neuk, kongresu batean entzun dut honako hau, emakume gaixoak salbatzeko aukera fantastiko gisa: emakumeak pilulen bidez hilekoa kendu behar du, antisorgailuak hartu behar ditu bere bizitza sexuala zuzentzeko, obuluak atera eta izoztu behar ditu bere bizitza egiten jarraitu ahal izateko eta seme-alabak noiz eduki erabakitzeko, eta ugalketa lagundua edukiko du ondoren; menopausian partxeak jarriko ditu. Horixe da farmazeutikek dakarkiguten planteamendua. Ikaragarria da, baina ikaragarriena da emakume batzuei bikaina iruditzen zaiela plan hori. “Gaixoak gara gu eta etor bitez gu salbatzera”. Baina guk ez dugu salba gaitzaten behar. 

Noski, salbazio honetatik etekin handiena multinazional farmazeutikoek lortzen dute. Uste dugu salbatu egingo gaituztela, gure hobebeharrez eta gure mesedetan ari direla; baina, ohartzen al gara gure kontura aberastea dela farmazeutiken helburua? Konturatzen al gara gure gorputzean, edoskitzean, gure sexualitatean nola eragiten ari diren kanpotik datozkigun esku-hartzeak? Emakume izate hutsagatik interbentzioa diseinatua dago, baina ez luke hala izan behar; gizonezkoei, adibidez, ez zaie hala gertatzen. 

Hilekoak, ordea, emakumeari bere izatearekin eta bere gorputzarekin konektatzen laguntzen dio berez, ezta?

Hilekoa izugarrikeria bat dela pentsatzeari utzi behar diogu, burutik kendu behar dugu hilekoa gaitzesten duen pentsamendua; hilekoaren bidez, gu geu hobeto ezagutzeko aukera izango dugu, geure gorputza sakonki ezagutu eta geure izatearekin konektatzeko aukera ematen digu hilekoak, beti ere etapak ezagutzen baditugu.

Hileroko zikloaren lau asteak emakumearen bizitzako faseei dagozkie; Miranda Grayk honela izendatzen ditu: dontzeila, ama, sorgina eta atsoa. Emakume guztiak, hilero-hilero lau fase horietatik igarotzen dira. Lehenengo garaia energikoena da, proiektuetarako garai indartsuena; bigarrena tarte lasaia izan ohi da, irekitze garaia; hirugarrenean emakumea irudimentsuagoa izan ohi da,  intuitiboagoa; laugarrenean, goibelaldia eta indargabetzea etortzen da, nekea. Emakumea hori guztia da, lau faseak bizi ditu beti.

Gero, fase handiak daude: lehen hilekoarena, amatasunarena, menopausia garaia... Hori guztia eskoletan azaldu beharko litzaieke neskei, ziklo sexualean euren gorputzean zer gertatzen den uler-tzen irakatsi behar zaie, horrela jabekuntzarako tresnak izango lituzkete. Emakume bakoitzak bere etapak ezagutzen baditu,  horiek ondo bizitzen ikasiko du.  Batzuek lehen etapa oso luzea izaten dute, beste batzuek bigarrena... norbere faseak ezagutzea norbera ezagu-tzea da, eta horrek garai eta une bakoitza ondo bizitzen lagunduko digu, pertsonalki hazten lagunduko baitigu. Biologiaren eta emozioen arteko intimitatea ezinbestekoa da, baina horri bide eman behar zaio.

 

Menopausia aipatu duzu. ‘Bueno chicas, esto se acabó:  una guía para desdramatizar la menopausia’ liburuan menopausia minarekin eta hondamen fisikoarekin lotzen duen istorioa desmuntatu  nahi izan zenuen.

Emakumeak bere botere pertsonala garatzeko gaitasuna baldin badauka, menopausia buru argitasun garairik handiena  izango da. Zoragarria. Energia aurrezten hasteko unea izango da: orain zeuregan jarriko duzu energia guztia, aski energia xahutu baituzu besteengan jadanik. Ez da era horretan bizitzen, emakumeak menopausiaren inguruko gutxiespen mezuak jasotzen dituelako: “gaixoa, akabatua zaude, ez duzu ezertarako balio”... Guztiz kontrakoa da, ordea, menopausia: emakumeak ikuspegi zabalena izango duen garaia da, begirada zorrotzarekin ikusteko aukera izango du;  lasaitasun eta barealdi garaia izango da, nahiz eta, noski, lurrikarak ere biziko dituen, aldaketa guztiak horrelakoak izan ohi dira. Beste zibilizazio ba-tzuetan emakumeek ikaragarrizko prestigioa erdiesten dute menopausian, jakintsu bilakatzen baitira. Badugu zer ikasia, beraz.