Paul BILBAO SARRIA: Nola jokatu beharko genuke eskolan euskararen normalizazioan aurreratzeko?

2013-02-25

Hizkuntza baten berreskurapen-prozesua gertatuko bada nahitaezkoa da egoera gutxiagotuan dagoen hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa erdiestea. Ezagutzaren unibertsalizazioa egiazkoa izan dadin hiztunak lortzeko hiru bide dago; lehenik eta behin, gurasoengandik seme-alabekiko transmisioa; bestetik, hezkuntza-sistemak hizkuntza horretan gaitasun egokia duten belaunaldi berriak bermatzea, eta azkenik, helduak egoera gutxiagotuan dagoen hizkuntza horretan trebatzea.

 
 
Paul BILBAO SARRIA: Nola jokatu beharko genuke eskolan euskararen normalizazioan aurreratzeko?
Euskarari dagokionez ere horrela da ­eta horrela izan da. Azken hamarkadotan milaka euskaldun gehiagok osatzen dute gure hizkuntza-komunitatea eta horietatik asko eta asko hezkuntza-sistemak ekarri ditu. Are gehiago, pentsaezina litzateke gaur euskarak bizi duen egoera hezkuntzan azken hamarkadotan zer-nolako iraultza gertatu den kontuan hartu gabe, eta beraz, hezkuntza-komunitatetik egin den esfortzua txalotu behar delakoan nago. 
Egia da, bai, oraindik urrun gaudela ­ezagutzaren unibertsalizaziotik eta XXI. mendean, oraindik, ikasturtez ikasturte herri honetako berezko hizkuntzan gaitasunik ez duten milaka gazte ateratzen direla ­ikastetxeetatik, eta ondorioz, milaka ikasleri ukatu egiten zaiela herri honetako berezko hizkuntza jakitea. Horrexegatik, kohesio soziala bermatzeko eta bereizkeriarik ez sortzeko nahitaezkoa da ikasle guztiei ezagutza berdinak eskaintzea, eta ondorioz, euskararen ezagutza bermatuko duen ikas-eredu orokortua izatea.
Gure komunitateak badaki hori guztia, baina gure hizkuntzaren berreskurapen-prozesua galgatzen dutenak ere horren jakitun dira, eta horrexegatik eraso berri bati ­ekin diote euskararen berreskurapen-prozesuari beste traba bat jartzeko. Eta oraingoan erasoa Espainiako Gobernuko Hezkuntza, Kultura eta Kirolerako ministro José Ignacio Wertek abenduan aurkeztu zuen hezkuntza-kalitatea hobetzeko lege organikoaren zirriborroa da.
Lehenik eta behin adierazi nahiko genuke Wertek aurkeztutako zirriborroak hari mutur asko badu ere, gurea bezalako hizkuntzei eraso zuzena egiten diela; besteak beste, azken hamarkadotan gure herrian ikasle euskaldunak bermatu dituen hezkuntza-eredua kanpoan utz dezakeelako. Eta, horretaz gain, gure lurraldeetan ikasle euskaldun eleaniztunak bermatuko dituen eredua orokortzea debekatuko lukeelako. Hartara, egun gure ikastetxeetan gertatzen den bereizkeria gainditzeko neurriak baliogabetuko lituzke.
Lege hori abian jarriz gero, gure hizkuntzaren berreskurapen-prozesuan inflexio-puntua gerta liteke eta urteotan emandako hainbat aurrerapauso ezerezean geratuko lirateke, eta gure hizkuntzaren etorkizuna bera arriskuan jar lezake.
Hortaz, Estatuaren erasoa dela zalantzarik ez dugu. Tamalez, bestelako erasoak ere pairatu ditu gure hizkuntza-komunitateak, eta oraindik ditugu gogoan duela ­hamar urte euskara hutsezko egunkaria itxi zuteneko irudiak, eta beste hainbat ger­taera.
Otsailean Kontseiluaren Batzar Nagusian Euskararen gutxienekoak zehazteko ­adierazpena aho batez onartu genuenean horren konstantzia ere bagenuen:
“Hainbatetan ikusi behar izan ditugu herrigintzatik sortutako proiektu bortxaren bidez ixten, gure lana baldintzatzen, bai eta eragozten ere. Estatuek egiturazko galga jartzen diote gure hizkuntzaren, eta ondorioz, gure herriaren normalizazioari”. 
Batzuek erabakitzen dute noiz, norekin eta nora erabil edo ikas dezakegun gure hizkuntza. Batzuek, boterea erabiliz, eraba­kitzen dute gure herriari  nola deitu behar diogun.”
Hartara Espainiako Hezkuntza ministro Wertek aurkeztutako proposamena hor kokatu behar delakoan gaude. Alegia, beste behin kanpo eskuhartzea baliatu nahi dute gure hizkuntzaren, eta gurea bezalako hizkuntzen, etorkizuna auzitan jartzeko.
Egia da, bai, Wert ministroaren aurkako ahotsak ozenago entzun direla Katalunia aldetik. Izan ere, aipatu erkidegoan ez dago gurean bezala hezkuntza-eredurik. Katalunian ez dituzte umeak eta gazteak hizkuntzaren arabera banatzen edo bereizten, eta horri esker ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan bi hizkuntza ofizialak ezagutzen dituzte, beti ere kohesio soziala eta aukera-berdintasuna ahalbidetuz. Katalunian murgiltze- edo mantentze-sistema orokortua dago eta katalana da irakas- edo ikas-hizkuntza, eta eredu horrek biziki lagundu du katalanak hainbat eremutan gaztelaniarekiko dituen desorekei aurre egiten. Hartara, Wertek proposatutako zirriborroa zuzen-zuzenean jotzen du ­bertan indarrean dagoen hezkuntza-ereduarekin.
Eta horren karira gehiago kezkatu ninduten Wert ministroak zirriborroa aurkeztu eta gero adierazitakoek, EAEko eta Nafarroako hezkuntza-ereduak goraipatuz. Horrelako erreforma bortitza egin nahi duen agintari batek gure hezkuntza-eredua goraipatzen badu, akaso, pare bat buelta ­emango genioke hemen indarrean dagoen hezkuntza-ereduari.
Hortaz, eztabaida parametro egokietan kokatu behar dugu; hau da, orain da unea ­egun Hego Euskal Herrian gertatzen den bidegabekeriari, hots, gazte ez-euskaldunak sortzeari, amaiera emateko. Gure aldarrikapena ezin dugu mugatu egungo hezkuntza-ereduak mantentzera, urrats kualitatiboak emateko garaia iritsi da.
Horretarako, tresna egokiak baditugu, besteak beste, 2007an Kontseiluak, hezkuntzako eragile garrantzitsuenekin adostutako Ikasle euskaldunak sortzen proposamena. Azken hamarkadotan lortutako eskarmentua ere hor dago, ez gaude orain esperimentu berriak egiteko, badakigu nola lor ditzakegun gazte euskaldun eleaniz­tunak.
Hartara, inoiz baino garrantzitsuagoa dugu elkarlana. Erabaki ausartak hartzeko garaia dela iruditzen zaigu, eta horretarako instituzioen eta herri-eragileen arteko konplizitatea sustatu behar dugu.
EAEn aukera errealak daude ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen eredua abian jartzeko eta ezin dugu hutsik egin. Horrexegatik, euskal erakunde eta alderdiei eskura dituzten tresna guztiak erabiltzeko eskatu behar diegu, euskal gizarteak garatu duen sistema blindatzeko eta euskaldun eleaniztunak sortuko dituen eredua bultzatzeko eta babesteko exijitu behar zaie. 
Euskalgintzatik oso argi dugu guk geureari eutsiko diogula, alegia, hizkuntza-komunitateari hiztunak ekartzen jarraituko du euskalgintzak. Traba, lege eta oztopoen gainetik azken hamarkadotan egindako lanari are indar handiagoaz ekiteko konpromiso sendoa dugu, baina horretarako babesa behar da. Horrexegatik lortu egin behar dugu horrelako erasoei aurre egiteko gizarte eragileen, eragile sindikalen, eragile politikoen eta instituzioen arteko elkarlan trinkoa. 
Euskararen berreskurapen-prozesuaren ikuspegitik Werten erasoari aurre egiterik badago, hain zuzen ere, ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen eredua, bat eta bakarra, abian jartzea. Baldintza sozial egokiak sortu behar ditugu urrats atzeraezinak emateko. Abenduaren 13an sindikalgintzak, hezkuntza-komunitateak eta euskalgintzak, denok batera, erakutsi genuen batasuna harresi bihurtzeko garaia iritsi da. Hortaz, balia dezagun indar hori guztia politikoki eragiteko. Are gehiago, instituzioek erabaki egokiak hartzen badituzte, jakin dezatela harresia sortuko dugula Wertek plantea ditzakeen eraso berrien aurrean, eta harresi hori ezin izango dute bota, ­inondik inora ez.