Psikomotrizitate-aretoak herritarrentzat

2013-03-15

Azken boladan, psikomotrizitate-aretoak irekitzen ari dira Lasarte-Orian, Tolosan, eta abarretan. Ireki berria da Urretxuko “Xume” aretoa ere

Karmele MADINA ARRIETA
Psikopedagogo, Haur Hezkuntzako irakasle eta psikomotrizista

 
 
Psikomotrizitate-aretoak herritarrentzat

Zergatik eta zertarako ireki ­psikomotrizitate-aretoa herritarrentzat?
Haurra, gaur egun, helduek esaten dioten tokian dago ia beti: etxean, eskolan, eskolaz kanpoko jardunetan, telebista aurrean, ordenagailuko jolasetan, eta abarretan. Oso bideratuta dute dena, eta oso mugatuta daude norberaren ikerketa, ekimena eta sormena garatzeko.
Lehengo haurra gehiago ibiltzen zen kalean, eta asko jolasten zen. Han bizi zituen jolas sinbolikoak. Orain, berriz, sarriagotan egon ohi da leku itxietan, eta beldur handiagoa dio kalean ibiltzeari. Horrela, mugatuago sentitzen da haurra, eta ez diogu haur ­izaten uzten. Hori da, agian, psikomotrizitate-aretoak sortzearen arrazoi nagusia, jolas librea, mundu sinbolikoa garatzen laguntzen duena.


Psikomotrizitateak duen balioa ­haurrarentzat

Psikomotrizitateak oso leku garrantzitsua dauka haur hezkuntzan, pertsonaren garapen fisiko, psikiko eta soziala ahalbidetzen duen, errazten duen eta suspertzen duen gaitasun gisa hartzen den aldetik.
Bernard Acouturier irakasleak adierazten duenez, psikomotrizitate saioetan gorputzarekin egin behar da lan eta gorputzetik abiatuta, hura baita gainerako gizakiekin komunikatzeko lehen bidea, emozioen eta sentsazioen oinarria eta afektibitatea eta nahiak adierazteko tresna. Muskuluen tonua, begirada, distantziak, jolasa, mugimendua, eta, batik bat, ekintza eta elkarreragina dira esku hartzearen elementu nagusiak. Guzti horretarako jolasa da bidea.
Psikomotrizitateak aukera paregabea ­ematen die haurrei beren bulkadei bide ­emateko, erruduntasun-sentimendurik gabe. Bulkada horiek arintzea funtsezkoa da oreka afektiboa lortzeko.
Haurrek, euren hasieratik adierazpen motorraz baliatzen dira inguruko mundua ezagutzeko, euren buruak ezagutzeko, ­euren beharrak asetzeko eta era autonomo batez moldatzeko.
Era berean, munduarekin elkarrekintzan dauden gorputz esperientzia horiek ­dira haurraren psikismoa oinarritzen dutenak. Haurrak ikasteko duen desira, egiteko, ekiteko eta izateko desiran nabarmenduko da .
Mugimendu bakoitzak, joko bakoitzak, keinu bakoitzak zentzu sinboliko bat dauka, eta horiek, prestaturiko giro egoki batean ­ematen direnean, haurrari pertsona moduan potentzialtasun osoz garatzeko aukera ematen diote.
Laburbilduz: mugimenduak, ekintzak, jolasak eta hautemandako plazera haurraren garapen pertsonalaren gako bilakatzen dira.
Haurrari “bera izaten” lagundu egin ­behar zaio. Psikomotrizitateak egoera hobean jartzen du haurra: ikasteko, lana hobeto egiteko eta, batez ere, bere buruarekin hobeto sentitzeko. Azken finean, horixe da psikomotrizitatearen egitekoa.
Psikomotrizitate-saioetan, haurra bera da protagonista nagusia, eta, gorputzaren mugimenduaren bidez, bere interesak eta beharrak adierazten ditu. Saioetako jolasak haurraren garapen afektiboan, sozialean, sortzailean eta kognitiboan lagundu behar du; eta, batez ere, haurraren segurtasuna zaindu.

Ez da horren erraza hori guztia ongi ­egitea
Oinarrizko abiapuntua da helduak prestakuntza ona izatea, espazio egokia ­edukitzea, denbora eta material berezi eta konplexuak eskaintzea… Horregatik, garrantzitsuak dira, alde batetik, helduak haurrekin egiten duen zuzeneko lana, eta, bestetik, hezitzailearen prestakuntza eta inplikazioa. Psikomotrizitatean, haurrak mugimendu askea du. Helduak utzi egiten dio haurrari jolasten, eta uneoro behatzen dio. Beharren arabera, gerturatu egiten da, eta modu sotilean probokatzen du, zerbait eskainiz; haurrak berak erabakitzen du eskaintza horri jarraitu ala ez.

Hainbat ikastetxetan egiten dira psikomotrizitate-saioak

Azken hamarkadetan, psikomotrizitate-praktika asko hedatu da ikastetxeetara. Hainbatetan, gero eta prestakuntza egokiagoa dute irakasleek. Hala ere, denbora nahiko mugatua da. Eta, haurrarentzat ona bada, zergatik ez eskaini aukera hori ikastetxeetatik kanpo? Hortik abiatzen da, agian, herritarrei irekitzen ari zaien espazio berri horien eskaintza.

Psikomotrizitate-praktikak baditu helburu zehatz batzuk
- Haurrari “bera izaten” lagundu behar zaio, seguruago ager dadin eta sortzaile izan dadin. Hori lortzeko, errespetatzen dutela, entzuten diotela, onartzen dutela eta aske dela sentitu behar du haurrak.
- Harreman pertsonal egokiak lortzen lagundu behar zaio. Haurra, segurtasuna duen heinean, “bera” sentitzen den heinean, harreman pertsonalak normalizatzen joango da. Bai bere kideekin eta bai helduekin.
- Haur bakoitzaren mugimendutik, ­ekintzatik, abiatzen da psikomotrizitatea, ­eta hori ulertu eta interpretatu egin behar da. Hau da, haur bakoitzaren eskaera ezagutu behar da, eta horri erantzun egokia eman behar zaio; zerbait psikologikoa da. Izan ­ere, haur bakoitzak bere sakoneko adierazpen motorra du, pertsonala, beste guztiengandik desberdina dena. Horregatik, kontuan hartu behar dugu haurra nola mugitzen den, bere gorputza nola erabiltzen duen, zeri begiratzen dion eta nola, barre ­egiteko erraztasuna duen ala ez, desadostasuna nola adierazten duen edo nola negar ­egiten duen, zailtasun baten aurrean nola hartzen duen arnasa, erritmoa, espazioak hartzeko era, pertsonak tratatzeko modua, jokoan eta harremanetan nola erantzuten duen...
Nola antolatzen da saioa?
Labur-labur esanda, horrela garatuko litzateke saio bat:
- Sarrerako errituala. Biribilean eserita, saio horretan zer eskainiko den eta zer arau bete behar dituzten adieraziko da: “hau ongi pasatzeko toki bat da; beraz, hemen ez zaio inori minik ematen”, adibidez.
- Saioaren garapena:
    - Hasiera adierazteko, modu zehatz bat erabiltzen da; normalean, eraikita dagoen ­apar-gomazko pareta hausten da.
    - Haurraren adierazpenean, barne-­segurtasuna sentitzen laguntzen zaio.
    - Mugimendu libreak eskaintzen dion zentzu-mugimenduen plazera bizitzen ­lagunduko zaio.
    - Era guztietako jolas sinbolikoa ­adieraziko da.
- Amaierako errituala. Hitz egitea, bizipenak eta sentipenak adieraztea, plastilina, marrazkia, eraikuntza eta abar. Ipuina kontatu edo irudi bat paretan proiektatu, eta ­haren gainean hitz egin, kantaren bat abestu, edota muxu batekin amaitu. Horrela, saioa itxi egiten da.
Saioaren garapenaren arabera, helduak GELDI edo STOP esatean, haurrek 10era arte zenbatu behar dute, geldi egonez. Hala, dinamika desegokiak bideratzeko aukera eskaintzen da. Hainbatetan, musika ere erabiltzen da, oldarkortasunik baldin badago, lasaitzeko, eta, giro geldoegia baldin badago, giro dinamikoagoa sustatzeko.

Jolas librea metodo gisa
Jolas librea, bat-batekoa, ez-gidatua eta epaitu gabea da metodorik egokiena. Psikomotrizistak haurraren portaerari behatzen dio, autonomiari garatzen uzten dio, eta bideratu egiten ditu agertzen dituen zailtasunak eta gatazkak. Jolas librearen bidez, haurrak barneko eta kanpoko munduak adierazten ditu, modu sinbolikoan. Horrela, haurrak bere fantasia, beldurra, zailtasuna, sormena eta abar azalduko ditu, eta lantzeko bidea izango du. Jolasa, gainera, garapen intelektualaren oinarria da, buru-prozesuak eragiten baititu.
Jolas librearen bitartez, haurrak asmatu eta akatsak egiten ditu, eta bere “porrotak” gainditzen saiatzen da. Hori guztia sendotu duen haurrak oinarri sendoa du bere garapen psikoafektiboan.

Neurri zehatzak hartu behar dira
Aretoa saiorako prestatzeko unean, baztertu egin behar da adinen arabera gure ustez arriskutsua izan daitekeen oro, edo norberaren mugimendurako oztopo izan daitekeen oro. Oro har, adierazpena errazteko eta komunikaziorako bide izango den materiala edukiko dute haurrek eskura.
Askotariko materiala (sokak, puxikak, uztaiak, pilotak, oihalak, hainbat paper mota, kartoizko kaxak, apar-gomazkoak, lastairak, aparrezko hodiak....), haurrak edozer irudikatzeko edo antzezteko aukera eskain dezakeena, arriskurik gabea, eta egituratzeko nahiz eraikuntzarako aukera emango duen materiala.

Gurasoen inplikazioa
Behar-beharrezkoa da aretora joaten diren gurasoekin elkarrizketak izatea haien seme-alaben jarraipenaz eta bilakaeraz. Horrek guztiak asko lagun lezake haurraren garapen integrala hobetzen. •