Atxikimendua bizi osoan garatzen da

2013-05-27

 

Atxikimendu-harremanak bizi garen artean izan eta garatzen ditugu, Luixa Reizabal EHUko irakasleak azaldu duenez. Txikitatik lotura egoki josi dadin, oso garrantzitsua ikusten du gurasoek eta erreferentziazko helduek haurren oinarrizko premiei
sentiberatasuna adieraztea eta haiei eraginkortasunez erantzutea.

 

 
 
Atxikimendua bizi osoan garatzen da

Afektuzko lotura indartsuei egiten die erreferentzia atxikimendua kontzeptuak. Zehazki zer den azal zenezake? Zertan ikusten/sumatzen da atxikimendua?

Haurrak gurasoekiko edo/eta beste zaintzaile batzuekiko —hau da, atxikimendu irudiekiko— garatzen duen lotura afektiboari dagokio atxikimendua. Atxikimendua garatzen denean, haurrak pertsona horiekiko hurbiltasuna eta kontaktu fisikoa bilatzen ditu, bereziki herstura, tristura edo beldurra sentiarazten dioten egoeretan. Izan ere, atxikimendu irudiengandik hurbil egoteak lasai, babestuta eta seguru sentiarazten du haurra. Haiengandik bereiztean, berriz, urduri eta babesik eta segurtasunik gabe sentitzen da eta, ondorioz, atsekabea adierazten du.

 

Segurtasuna eta babesa ahalbidetzen ditu, alde batetik, atxikimenduak; baina, bestetik, esploratzera bultzatzen du haurra. Nola gertatzen da bi norabidetako efektu hori (segurtasuna eta esplorazio-nahia)?

Esploratzea haurren oinarrizko premia da eta atxikimendu irudiek premia hori asebetetzen laguntzen dute. Izan ere, haurrak atxikimendu irudiengandik hurbil daudenean seguru sentitzen dira eta ez dira izaten leku eta pertsona berrien “beldur”. Hori bai; despistatzen badira eta atxikimendu-irudia haien begi-bistatik desagertzen bada, esplorazioa bertan behera utzi eta atxikimendu irudiaren bila hasiko dira eta, aurkitu ezean, atsekabea adieraziko dute.  

 

Lehen hilabeteetan (eta lehen haurtzaroan) zer (egoera/baldintza konkretu) zaindu behar dute gurasoek (edo erreferentziazko helduek) atxikimendua gara dadin? Zergatik dira hain garrantzitsuak elikadura-, garbitasun-momentuak?

Oso garrantzitsua da gurasoek eta erreferentziazko helduek haurren oinarrizko premiei sentiberatasuna adieraztea eta haiei eraginkortasunez eta egonkortasunez erantzutea. Halaber, ezinbestekoa da haurrari harkortasuna, maitekortasuna, beroa eta sentikortasuna eskaintzea. Nolabait esateko, gurasoek adierazi behar diote haurrari asko maitatzen dutela eta beti hor daudela haren premiei behar bezala erantzuteko.

 

Elikadura- eta garbitasun-momentuetan haurrarekiko elkarrekintza pribilegiatuak gertatzen dira, hau da, elkarrekintza estu, harmoniatsu eta sinkronizatuak izaten ditugu, zeinetan modu berezian komunikatzen garen, elkar ukitzen dugun… Elkarrekintza pribilegiatu horietan oinarrituz garatzen da atxikimendua eta, ondorioz, garrantzia handia dute.

 

Negarra, irribarrea, keinuen bidezko adierazpena, kontaktua bultzatzen duten jokaeren bidez haurra helduarekin afektuzko lotura eraikitzen ari dela ulertu behar dugu? Jokaera horiei (negarra, irribarrea...) arreta berezia jarri behar die helduak?

Bai, noski. Izan ere, jokabide horiek guztiak atxikimendu-irudiekiko hurbiltasuna edo kontaktua lortu eta mantentzeko erabiltzen ditu haurrak eta ez badiegu erantzuten, atxikimendu-arazoak ager daitezke.

 

Haur askok beldurra adierazten dute bereziki lehen haurtzaroan. Beldurra banaketagatik gertatzen da sarri. Nola azaltzen da beldur hori atxikimendutik abiaturik? 

Beldur hori azaltzeko zenbait teoria daude. Spitz-ek (1965) adibidez, amarekiko separazioaren aurrean gertatzen den erantzuntzat zuen. Umea ama aurkitzeko irrikaz dago eta ezezaguna agertzean umea ohartzen da hori ez dela ama eta atsekabetu egiten da eta, ondorioz, pertsona errefusatzen du. Baina haurrek horrelako erantzuna amarekin daudenean ere izaten dutela kontuan hartzen badugu, Spitzen azalpena ez litzateke oso egokia izango. Etologoek arazo honi aurre egiteko esaten digute ezezagunekiko beldurra atxikimenduarekin harreman zuzena duen beste sistema bat dela, zeinaren helburua haurra ezezagunekiko elkarrekintzetan sor daitezkeen arriskuetatik babestea litzatekeen. Atxikimendu- eta beldur-sistemak lehen urtearen amaieran agertzen dira, umea mugitzeko gaitasuna eskuratzear dagoenean eta amak beste seme edo alaba bat izan baino lehen, bi gertaera horiek umea independenteago bizitzera bultzatzen baitute. Urtebete edo urtebete eta erditik aurrera, beldurrezko jokabideak aldatu egiten dira eta erreserba, arreta eta jarraikako hurbiltasuna dira haien ezaugarri nagusiak. 

 

Atxikimendua lehen haurtzaroarekin lotzen dugu, baina bizitzan zehar sortzen diren harreman afektibo sendoen oinarrian baldin badago, bizi guztian garatzen doa, ezta? Faserik fase, aipa zenezake atxikimendua, oro har, nola garatzen den? 

Atxikimendua prozesu baten emaitza da. Bizitzaren lehen hilabeteetan ezin dugu atxikimenduaz hitz egin, baina haurrek jaiotzetik nahiago izaten dituzte pertsonen ahotsak, ukipena, usaina, aurpegia eta antzekoak beste estimulu batzuen aldean. Hala ere, lehen hiru hilabete horietan haurrek ez dituzte zaintzaileak beste pertsonengandik bereizten. 

Bereizketa hori bizitzaren lehen hiru hilabeteetan izandako elkarrekintzei esker eta giza estimuluei erreparatzeko jaiotzetiko joerari esker gertatzen da. Izan ere, haurrek zaintzaileen zenbait ezaugarri ikasten dituzte. Besteak beste, usaina, ahotsa eta aurpegia. Halaber, egoera jakin batzuk dituzten aurrekariez eta ondorioez jabetzen dira. 

Hirugarren hilabetetik bosgarren hilabetera gutxi gorabehera, haurrek pertsona ezagunak besteengandik bereizteko gaitasuna garatzen dute eta nahiago izaten dute gehienetan zaintzen dituzten pertsonekin egon. Hala ere, aro honetan oraindik ez dituzte ezezagunen zainketak arbuiatzen. Halaber, haurrek ez dute oraindik atsekabea adierazten zaintzaileengandik banatzean.

Seigarren hilabetetik 12. hilabetera, gutxi gorabehera, atxikimendua garatzen da eta haurrek atxikimendu irudiekiko lehentasuna adierazteaz gain, ezezagunak arbuiatzen dituzte eta haien beldur sentitzen dira. 

Urtebete bete eta gero, berriz, haurrek gero eta gaitasun gehiago eta handiagoak dituzte eta horri esker atxikimendu-irudiekiko duten dependentzia urritu egiten da eta hobeto hartzen dituzte banantze-uneak, betiere haurrak ez badaude atsekabetuta edo egoerak ez badituzte mehatxagarritzat hartzen. Halakoetan, atsekabea adieraziko dute. Horregatik da garrantzitsua zenbait egoeratan (esaterako, haurrak haur eskolara edo haur-tzaindegira joaten hasten direnean) neurriak hartzea, egoera horiek mehatxagarritzat ez hartzeko eta segurtasuna errazteko. 

 

2 urtetik aurrera niaz mintzo dira haurrak. Norberaren izaeraren eraikuntzan zer zeresan du atxikimendua eraikia duen pertsona horrekiko harremanak? 

Zalantzarik gabe, atxikimenduak eragin handia du niaren garapenean. Izan ere, haurrak bere buruaz, atxikimendu harremanaz eta atxikimendu irudiaz dituen ikusmoldeak barne-hartzen dituen irudikapena eraikitzen du atxikimendu harremanean esanguratsuak diren gertaeren orokorpenean oinarrituz. Irudikapen hori haurrak zaintzailearekin dituen elkarrekintzen kalitatearen araberakoa da, eta atxikimendu irudiaren erabilgarritasunaren eta eskuragarritasunaren inguruko itxaropenak, usteak eta emozioak ez ezik, norberak atxikimendu irudiaren babesa eta afektua eragiteko gaitasuna ere hartzen ditu barne. Hala, haurraren premiekiko sentiberak izan eta erne dauden zaintzaileak dituzten haurrek, atxikimendu ziurra garatu eta beren burua onartutzat, baloratutzat eta besteen afektua eragiteko gaitzat hartu ohi dute. Halaber, zaintzaileak beren premiei erantzuteko prest dauden pertsona fidagarriak direla dioen irudikapena eraikitzen dute eta harremanaren inguruko itxaropen positiboak gara-tzen dituzte.

 

Haurraren premiekiko inongo sentiberatasunik ez adierazi eta erne ez dauden zaintzaileak dituzten haurrek, berriz, atxikimendu ez–ziurra garatu eta oso bestelako irudikapenak eraikitzen dituzte. Beren buruari dagokionez, maitasunik merezi ez duen eta besteen afektua eragiteko gaitasunik ez duen pertsonatzat hartzen dute. Zaintzaileak, beraien premiei erantzuteko prest ez dauden pertsona fidagaitzak direla dioen irudikapena eraikitzen dute eta, azkenik, harremanaren inguruko itxaropen negatiboak garatzen dituzte. 

 

Irudikapen horrek eta, oro har, atxikimenduaren kalitateak eragin handia izan dezake haurtzaroan ez ezik, hortik aurrerako aroetan ere. Hain zuzen ere, irudikapen positiboak eraikitzen dituzten haurrek etorkizunean erronkei aurre egiteko beharrezkoa den auto-konfiantza eta segurtasuna izan ohi dute, eta bai lagunekin, bai bikotekide(ar)ekin, elkarrekiko konfiantzan oinarritutako erlazio positiboak garatzeko joera izaten dute. Helduaroan fidagaitza den edo enpatiarako, konpromisorako, elkarrekikotasunerako eta antzekoetarako gaitasunik ez duen norbaitekin topo eginez gero, badakite egokiena dela pertsona horrekiko harremana etetea eta bilatzen jarraitzea. Irudikapen negatiboak eraiki dituzten haurrek, berriz, ez dute erronkei aurre egiteko beharrezkoa den auto-konfiantzarik eta segurtasunik, eta mesfidantzan oinarritutako erlazioak garatzeko joera izaten dute. Helduarora iristen direnean, ez dute ezer onik espero izaten harremanetatik, eta ez dakite beste pertsonekin erlazionatzen. Hala, harremanak ekiditen saiatzen dira.

 

Nerabezaroan, helduaroan... atxikimendua garatzen jarraitzen dugu?

Atxikimendu-harremanak bizi garen artean izan eta gara ditzakegu; beraz, bai. Esaterako, gurasoekiko —eta, bereziki, amarekiko— atxikimendua bizi garen artean mantentzen da eta atxikimendu harreman berriak sor ditzakegu. Besteak beste, zenbait lagunekiko eta, baldin baditugu, bikotekide(ar)ekiko eta seme-alabekiko. Hala ere, atxikimenduaren zenbait alderdi ez dira bizi-zikloan aldatzen. Esaterako, atxikimenduaren funtzio nagusiak. Hain zuzen ere, nerabezaroan, helduaroan eta zahartzaroan ere, atxikimendu-irudiekiko hurbiltasuna eta kontaktua nahi izaten ditugu; segurtasuna eta ongizatea senti-tzen ditugu haiekin gaudenean eta, banantzen garenean, ezinegona eta urduritasuna sentitu eta, ahal bada behintzat, “protesta” egiten dugu;. Atxikimenduaren funtzioak ez ezik, komunikatzeko moduak ere ez dira aldatzen. Hala, egoera intimoetan daudenean pertsonek erabiltzen duten komunikazio-kodea lehen haurtzaroan erabiltzen denaren parekoa da: begietara begiratzen diote elkarri etengabe, pertsonen arteko tartea hausten dute, elkar ukitzen dute, fonema bereziak erabiltzen dituzte, hitzak asmatzen dituzte, hiztegia aldatzen dute, besarkadak, laztanak eta abar. 

 

Alderdi horiek mantentzen diren arren, bada aldatzen den alderdirik. Esaterako, atxikimendu-irudiarekiko hurbiltasuna eta kontaktua bilatzeko moduak aldatu egiten dira. Halaber, atxikimendu-jokabideen maiztasuna urritu egiten da. Izan ere, kontuan izan behar dugu jokabide horiek atsekabea dagoenean agertzen direla eta helduek badakitenez nahiz eta atxikimendu-irudia hemen ez egon, «hor» dagoela, urritu egiten dira atsekabea sortzen dieten egoerak eta, ondorioz, atxikimendu-jokabideak ere. Hori ez ezik, atsekabea gutxiagotan adierazten dute helduek. Gauza da gizarte-arauen arabera ez dela egokia atsekabea gehiegi adieraztea eta, ondorioz, helduek kontrolatu egiten dituzte haien emozioak. Gainera, helduaroan eta zahartzaroan pertsonak aldakorragoak dira, bai eta haien bizimoduak ere. Hori dela eta, atxikimendu-harremanak ere aldakorragoak izaten dira. Azkenik, haurtzaroan asimetrikoak eta osagarriak dira haurraren eta atxikimendu irudiaren arteko harremanak. Izan ere, haurrak behar batzuk ditu, atxikimendu irudiak asebetetzen dizkionak. Helduaroan, ostera, harremanak simetrikoak eta elkarrekikoak dira, atxikimendu irudi bakoitza bestearen atxikimendu-irudi, zaintzaile eta, bikotekidearen kasuan, maitale izaten da-eta. Zahartzaroan, berriz, bi motako harremanak izan ditzakegu: batetik, helduaroan bezala, simetrikoak eta elkarrekikoak. Eta, bestetik, bereziki nolabaiteko menpekotasuna ager-tzen denean, behar batzuk dituen pertsona zaharraren eta zainketak, babesa eta segurtasuna eskaintzen dizkion atxikimendu irudiaren arteko atxikimendu-harreman asimetrikoa eta osagarria. Horren harira aipatu behar da guraso diren pertsona zaharrek askotan seme-alabak aukeratzen dituztela atxikimendu irudi-tzat. Hori dela eta, mezu bat bidali nahi nieke guraso zaharrak dituzten seme-alabei. Batzuetan gurasoek zainketa iraunkorrak behar izaten dituzte eta, halakoetan, ezinezkoa gerta dakizueke gurasoen zainketen ardura osoa hartzea. Hori gertatzen bazaizue, haurrekin egin ohi dugun moduan, bilatu zuek ordezkatzeko zaintzaileak eta, beharrezkoa bada, eraman gurasoak egoitza batera. Baina bilatu haiekin egoteko tarteak (asko badira, noski, hobe). Ez ahaztu gurasoek —zuek bere garaian haien beharra izan zenuten bezalaxe— zuen beharra dutela, zuen maitasuna eta babesa behar dituztelako.

Gurasoak zaintzea batzuetan ez da erraza izaten, baina haiekin egonez, bizipoza emango diezue eta haien bizipoza ikustean, zeuek ere pozik egongo zarete. Eta joaten direnean, zuek haiengan sortutako irribarreak eta maitasun-adierazpenak  etorriko zaizkizue gogora eta lasai eta asebeteta sentituko zarete eskainitako maitasunarengatik. Eta hori gauza handia da.