Etxekoak mintzo: euskaraz aritzeko koherentzia minimo bat

2013-06-09

Familian eta eskolan euskaraz egiten zieten arren, euren seme-alabak gaztelaniaz mintzatzen hasi zirela ikustean, elkartzen hasi ziren Mungiako Larramendi ikastolako hainbat guraso. Euskararen erabilera suspertzeko, “gurasoengandik gurasoengana” hasi dira lanean, aita-amen ohituretan eta jarreretan eraginez. 

 
 
Etxekoak mintzo: euskaraz aritzeko koherentzia minimo bat

Honako hau, Mungiako (Bizkaia) eszena bat izan liteke, edo beste edozein herri euskaldunetan jasoa, haurrak batzera joandako guraso euskaldunen artean ohikoak baitira gisa honetako elkarrizketak ikastola baten atarian:

- Pues como te decía, que en inauteris vamos a salir de andereños. Mikel, hartu bokata eta ekarri motxila, eroango dizut nik. Pues eso, no sé cuántos saldremos. Ez egin korrika, Mikel, zoaz astiroago!. Pero igual seremos 8 o 10.

- A! Pues igual yo también me animo. Anetxu, itxoin! Con una peluca y unos betaurrekos. Anetxu, itxoiteko, lehenengo platanoa eta gero actimela. Hace años que no nos disfrazamos. Ahora con los txikis ya sabes. Anetxu, segi Mikelegaz.

Eszena horiek ohiko bihurtzea, euskaldunek euskaldunen artean erdaraz egitea normal eta arrunt bilakatu izana kezka-iturri da hainbat gurasorentzat. Edo seme-alabak giro euskaldunean, etxean eta ikastolan euskaraz heziak izanagatik ere, gaztelaniara jotzen dutela ikustea. 

Halaxe da Mungiako Larramendi ikastolako guraso Agurtzane Mallonarentzat.”Ikastolan bertan, kalean, herrian eta eskualdean euskara gero eta gutxiago entzuten dela-eta zer edo zer egin behar genuela pentsatu nuen, eta, horrela, neure antzeko kezkak dituzten gurasoak elkartu nituen bilera batera”. Halaxe, Hazi Hezirekin mahaiaren bueltan bildu diren bost amak —Mallona bera, Maite Ruiz de Egino, Garbiñe Larrauri, Susana Murga eta Josune Urkizu, euskara irakasleak guztiak—eta beste batzuk elkartu ziren duela bi urte, “geure aldetik ahal genuena egiteko”. Guraso batzorde bat sortu dute ikastolaren egituran, euskararen erabilera areagotzeko eta gurasoei euren rolaren garrantziaz gogoeta eragiteko. Iñaki Eizmendi gizarte hezitzailearen aholkuekin plangin-tza sendo eta dinamiko bat gauzatu dute, baliabideak eta tresnak eskainiz, seme-alabek euskaraz hitz egiteko ohitura berreskura dezaten.

Etxean bertan ikusi zuten arazoa ama hauek, Ruiz de Eginok kontatu duen eran: “Geure umeak ere, txikitatik euskara hutsean heziak izanagatik, euskara natural eta aberatsa jasoagatik eta erdararekin arazo handiak izanagatik ere, urteak aurrera joan ahala, lagunen artean eta neba-arreben artean erdaraz hasi zirela ikusi genuen. Euskara, haurrentzako, klase barruko tresna bihurtu zela ikusi genuen; ez dela harremanetarako hizkuntza”. Guztiek LHko azken urteetan edo DBHn dituzte seme-alabak, eta ohartu dira, gainera, gero eta gazteago aldatzen dutela hizkuntza umeek. “Nik igarri dut txikerra arinago hasi dela erdararako jarduerarekin”, kontatu du Urkizuk. “Jada ez da DBHko kontua, ez da nerabezaroko kontra egiteko jarrera horregatik. LHko 2-3. mailan hasten dira euren artean eta etxean erdaraz, egun batetik bestera, eta hori niretzako kezkagarria da”.

Gurasoek eurek iniziatiba hartzea erabaki zuten, biltzea eta ekitea, beraz. Gogoetan eta hausnarrean hasi ziren, kezkak mahai gainean jartzen, eta soluzioak bilatzen. Ikaragarriko ilusioak zituztela oroitzen du Ruiz de Eginok: “Gauza handiak egin zitezkeela ikusten genuen, eta ideiak eta erronkak plazaratzen ematen genituen lehen bilerak”. Hizkuntza ohiturak aldatzeko egin zuten plana handiegia iruditu zitzaion ikastolako Kontseilu Errektoreari, eta martxa apur bat mantsoagotu zuten. Baina tinko eusten diote asmo nagusiari: “Gurasoak gara eredu eman behar dutenak, geu gara kontzientzia hartu eta begiak zabaldu behar ditugunak; eta hor eragin nahi dugu”, azaldu du Ruiz de Eginok.

Gurasoek gurasoekin lan egitea adostu zuten hasieratik, “seme-alabengan eragin nahi bagenuen, gurasoen jarreretatik eta ikuspegietatik hasi behar genuen lanean, eta hala hasi ginen”, kontatu du Mallonak. “Uste dugu gurasoak direla eredu eman behar dutenak, transmisiorako lehenengo urratsa hortik hasten da, etxetik. Geu eredu ez baldin bagara, nekez eskatuko diegu seme-alabei guk egiten ez duguna egiteko. Nik nire senarragaz, edo amagaz, edo lagunegaz, erdaraz egiten badut haiek denak euskaldunak izanik, non dago koherentzia?”.

Ikastolako gurasoen ohiturak eta jarrerak ezagutzea izan zen egin zuten hurrengo urratsa, eta, horretarako, ikastolako guraso guztientzako galde-sorta bat prestatu eta bidali zieten, 2011ko maiatzean. “Galde-sortak erakutsi digu mahaiaren bueltan gaudenok ez gaudela bakarrik, 600 gurasok kezka dutela euskararen erabileraren inguruan”, azaldu du Murgak; baina galde-sortaren emaitzek erakutsi diete, baita ere, guraso gehienek uste dutela ikastolako transmisioarekin, ikaskuntza bidez datorren transmisioarekin, nahikoa dela seme-alabek euskaraz egin dezaten. “Guk bestela pentsatzen dugu”, azaldu du Mallonak, “hizkuntza batek ez dauka irauterik familiak, lagunek eta inguruak laguntzen ez badute; etxekoa, lagun artekoa, kalekoa bermatu behar dugu. Eskolakoa, zelanbait, bermatua baitugu; ikastolak egiten du berea ”. 

Gurasoengandik gurasoengana heltzea zen, beraz, helburua. Behin diagnosi bat egin ondoren, guraso euskaldunekin hasi ziren lanean. Mungiako ikastolako gurasoen artean oso kopuru handia da euskalduna. “Guraso euskaldun horien asmoen eta jarreren arteko kontraesana azaldu dute galde sortako emaitzek”, azaldu du Larraurik: “Gurasoen gehiengoak azaltzen du kezka seme-alaben hizkuntza-ohituren inguruan, baina eurek aitortzen dute guraso euskaldunek ere erdarara jotzen dutela gehienetan, nahiz eta hizkuntzen transmisioan eragiten duten faktoreetatik gehien-gehienek txikitatik euskaraz haztea zela eraginkorrena aitortzen duten”. Gurasoek euren seme-alabak euskaldunak izan daitezen nahi badute, “koherente izateko ahalegin bat” egin behar dutela dio Ruiz de Eginok, “gurasoek erabaki bat hartu ezean, eta euren jarrerak aldatu ezean, tribuak hartuko ditu erabakiak; eta, hemen, tribuak erdaraz egiten du”. Izan ere, atsekabez onartzen dute irakasleok, sonak eta soziolinguistikako datuek bestela badiote ere —inkesten arabera, oso herri euskalduna da Mungia— euskararen kale erabilera ez da %10era iristen. “Horixe da egia santua —dio Ruiz de Eginok—. Kalean oso gutxi entzuten da euskara”.

Kontraesanak agerian jarri, begiak zabaldu eta koherentzia ariketa bat egitera, edo sinpleki, euskaldunen artean euskaraz egitera gonbidatzen ditu gurasoak talde eragile honek. Horretarako, gurasoen euren zaletasunetatik abiatzea erabaki dute. “Haurrengan eragiteko, haurren bizipenak euskararekin lotu behar ditugu; baina horren aurretik, gurasoen euren bizipenak lotu behar ditugu euskararekin”, azaldu du euren proposamenaren muina Mallonak. “Zaletasunetan jardun behar dugu euskaraz, antzerkian, irrati-arloan, mendi-irteeretan, teknologia berrietan... euskaraz egin badezaket, hasieran igual behartu egin beharko dut neure buruan jarrera aldatzera, baina momentu batetik aurrera euskaraz egingo dut poteak hartzen, edo zineman edo dena delakoan”.

Iñaki Eizmendiren laguntzarekin, euskaraz bizitzeko baliabideak eskaintzen ari zaizkie talde eragilea ikastolako gurasoei. Eta aurrera begira, diagnosia oinarri harturik, hiru urteko plana osatu dute, “jendea kontzientziatzeko, tresnak eskain-tzeko eta emaitzak ikusteko”. Lehen urtean Haur Hezkuntzan umeak dauzkaten gurasoekin egingo dute batez ere lana, ”eurek konpromiso bat erakuts dezaten gurako genuke, talde bat eratzea eta apurka-apurka has dadila lanean. Gero horiek etorriko dira gorantz, eta haien eredua ikusita, gainerako gurasoak erakartzea eta animatzea nahiko genuke”. Mallonak azaladu duenari eutsiz, Urkizuk ere estrategikotzat jotzen du Haur Hezkuntzako gurasoekin hastea, batetik, haiek euskaraz ikasitakoak direlako, eta, bigarrenik, haurrak txikiak direnean haiek jagoten dituzten bitartean gurasoen arteko harremana gero izango dena baino estuago izango delako: “Lehen hartu-emana euskaraz egiten badute, errazagoa izango da hala jarraitzea”. 

Bigarren urratsa guraso erdaldunen jarrera euskararekiko positiboa izatea litzateke. “‘En erdara, mesedez’ dioten ‘euskaldungor’ horien jarrera aldatzea”, dio Urkizuk. Gaur egun guraso batengatik edo birengatik batzarrak erdaraz egiten dituzte ikastolan, “eta hori aldatzea bera lorpen handia izango litzateke”. Hori eta hemendik urte batzuetara eskolara umeak batzera etortzean, entzuten den hizkuntza euskara izatea, “orduan helburua betea edukiko genuke. Orain oso normala da gurasoak hemen batzen garenean hizkuntza erdara izatea, umeek ikastolan ere normaltzat jotzen dute gaztelaniaz egitea. Bihar bertan ikusiko dugu halako egoera, inauteri jaian. Guraso guztiak etorriko gara geure seme-alabak ikustera, eta hor, hizkuntza bakarra egongo da: erdara”. 

 

 

Prestigio kontua

Etxean eta eskolan euskaraz egiten badute, eta gaztelaniaz okerrago berba egiten badute, zergatik jotzen dute umeek erdarara?  Galdera hori dute buruan Mungian euskara suspertzeko batzorde bat sortu duten gurasoek. Itaunak ez dauka erantzun bat eta bakarra, baina, arrazoien bila jarrita, hizkuntzaren prestigioa agertzen da oinarrian. “Haurrek, azken batean, inguruan ikusten duten horixe egiten dute —dio Mallonak—: helduek ez badute euskara harremantzeko erabiltzen, zergatik erabili behar dute eurek? Helduek gaztelaniari ematen diote prestigioa, euskaraz jakin arren erdara aukeratzen badute”. 

Ereduak aipatzen dituzte, halaber, seme-alabek gaztelaniara jotzeko arrazoien artean: telebistako nahiz kaleko jende ezagunek gaztelaniaz egiten dute; horrexegatik, ama hauek beharrezko jotzen dute haurrek miresten eta  jarraitzen dituzten kirolari edo musikari ezagun euskaldunen ereduak ere ezagutaraztea. Telebista birritan aipatzen dute haurrak erdalduntzeko, eta, gainera, gero eta garaizago erdalduntzeko arrazoi gisa. “Garai batean, beti ETB1 jartzen genuen —kontatu du Urkizuk—; orain Disney Channelen ikusten dituzte marrazkiak, noski, erdaraz”. Marrazkietatik harago euskarazko ezer interesgarririk topatzea ere zaila dela dio Ruiz de Eginok: “Nerabeentzako edo handiagoentzako, ez dago ezer erakargarririk telebistan euskaraz”.

Euskarari prestigioa kentzea, ordea, ez da gaur goizeko kontua. Mallonak gogoratu du, Mungialdean, historikoki pentsatu izan dela euskara balio gabea zela, “bertoko euskaldunek ere hemen pentsatu izan dute bizkaiera ez dela egokia”. Bertako erdaldunentzat, berriz, euskalduna “aldeanua” izan da inguru honetan; “jendeak gutxietsi egiten zaitu euskaraz egitean”.