Kultura eta Hezkuntza Saila kartera berean bildu ditu Iñigo Urkulluren Gobernuak, eta Cristina Uriarteri (Hondarribia, 1961) lepo bete zaio agenda. 2012ko abenduaren 17an hartu zuen kargua, eta berriki bere lehen ikasturtea hasi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburutzan. EHUko Gipuzkoako Kanpuseko errektoreordea izan zen 2004-2012 urte bitartean eta aurretik EHUko Kimika Fakultateko irakaslea.
Bikaintasuna du helburu Uriarteren sailak. Baina ez da xede bakarra, gizartea elebitasun errealerako bidean jarri nahi du; baita lege propio berri baterako bidea egin ere... beti ere adostasun zabala makulu harturik. “Hau guztia egiteko eragile guztien adostasunarekin egingo dugu”.
Nolako hezkuntza-sistema dauka helburu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak?
Kalitatea eta orain arteko goi maila bermatzen dituen hezkuntza-sistema dugu helburu. Gure sistema ona da, badakigu, azken 30 urteotan egin dugun bideari esker, ona da. Baina badakigu, baita ere, hobetu dezakegula eta hobetu egin behar dugula. Gure programan genion bezala, bikaintasunerantz goaz eta hori lortzeko egingo dugu lana. Bikaintasuna lortzeko hiru lerro planteatu ditugu: bata ikasleari dagokiona da; irakasleari dagokiona, bigarrena; eta, hirugarrenik, administrazioarena, edo zentroena, horiek ere berritzaileak izan behar dute. Gure lema eta gobernuarena “pertsona helburu”, hori da ardatza eta xedea. Horretan zentratzen gara.
Ikaslea eskolatik ateratzen denean, bere profila zein izango den da gure ardura. Zer nahi dugu? Konpetentziak eduki ditzaten nahi dugu, ez bakarrik edukietan —matematika, zientzia…— baizik eta bizitzarako, eskolatik ateratzen denean konpetentzia nahikoa izan ditzala bai profesionalki eta baita pertsonalki ere garatzeko. Eskolatik ateratzen denean prestaturik egon dadila bizitzarako. Hori alde batetik. Bestetik, gure sistema egonkorra izateak arduratzen gaitu. Estatutik behin eta berriro —gobernua aldatzen denero— etortzen diren aldaketek eragiten digute. Guk hemen lortu dugu egonkortasun bat eta egonkortasun horretatik abiatuz, hobetu egin nahi dugu. Badakigu gai batzuetan hobetu egin behar dugula. PISAko datuak aztertzen baditugu, matematiketan ondo gaudela ikusten da, baina zientzietan ez gaude hain ondo. Zer egin behar dugu zientzietan gure emaitzak hobetzeko? Badaude beste adierazle batzuk gauzak hobetzeko proposamenak egitera eramaten gaituztenak. Hau guztia lortzeko, gure sistemaren ezaugarria adostasuna da. Hau da gure hezkuntza-sistemaren filosofia.
Gai zehatzetara etorrita, Partzuergoan, Lanbide Heziketan… zein dira zuen ildoak?
Partzuergoa ezarrita dago, badoa, eta hor ez dugu aurreikusten aldaketarik. Ikasle kopurua aldatuz doa, eta beharrak sortzen diren ahala, ahal dugun neurrian, betetzen goaz.
Lanbide Heziketan, gure sistema oso ona dela ikusten dugu, Europa mailan oso errekonozitua dago. Baina aldaketa behar du, egoera ekonomikoa aldatu egin baita eta enpresak ere aldatu egin baitira. Guk ere aldatu egin behar dugu egoerarekin batera. Ekainean ekitaldi bat egin genuen Lanbide Heziketaren agenda estrategikoa aurkezteko, eta hor planteatu genuen nola aldatuko dugun hurrengo urteetan. Enpresekin pixka bat gehiago landu behar ditugu harremanak, eta enpresak sortzeko ere bultzada bat egin behar dugu. Hori guztia aldatzeko, Lanbide Heziketako Laugarren Plana egin behar dugu. Lege bat egingo dugu Lanbide Heziketarako.
Zentroekin lan handia egin behar dugu, baina denak oso ilusionaturik daude, eta kontagiatu egiten da ilusio hori.
Hezkuntzan programa ugari daude, baita lehendik datozenak ere. Adibidez, eskola inklusiboaren programa, ijitoak, etorri berriak... ikasleen berezitasunak aitortzen dituena, eta hori mantentzen dugu, eta programa berriak ere jarri ditugu martxan, genero-bortxakeriaren prebentzioari dagokiona, adibidez. Programa berri-berriena Hauspoa da.
Hauspoak zentroen autonomia bultzatuko duela irakurri dugu. Ikastetxeen aspaldiko kezka da autonomiarena. Dela irakasleen mugikortasunagatik, dela goitik ezarrita datorren curriculumagatik… beti daude besteren menpe, eta horrek barruko dinamika indartzea zaildu egiten du. Neurria jarriko diozue?
Pauso txikiak dira. Ikastetxeei barne antolaketan autonomia handiagoa emateko helburuz jaio den proiektu pilotua da Hauspoa. Ikastetxeek eskola-denbora banatzeko eredu berriak martxan jartzeko eta ebaluatzeko aukera izango dute, edo autonomia handiagoa izanda kalitatean hobera egitekoa, edo eskolaz kanpoko ekintzetan ikasleen ahalik eta parte hartze handiena bultzatzekoa. Zentro bakoitzak ikusiko du zein diren bere behar handienak, non dituen lehentasunak. Adibidez, eskola-porrota saihesteko, euskararen erabilera sustatzeko, edo bizikidetza sustatzeko... Ikastetxe bakoitzak bere beharren arabera berak ikusiko du zer indartu nahi duen. Hauspoak ematen dio aukera hori. Aurten 13 zentro hasiko dira programa honetan, eta gure nahia izango litzateke aurrerantzean gehiago izatea.
Ikastetxe horiei bermatuko zaie irakasleen egonkortzea, adibidez, 5 edo 10 urterako?
Hau programa berria da, eta ikusi egin behar da zein den emaitza. Emaitza onak ematen baditu jarraituko dugu, edo aldatuko dugu.
Baina gakoetako bat bada irakasleen egonkortasuna, hainbeste mugituz gero, zail da zentro batek hezkuntza-programa bat garatzea.
Nik uste dut nahiko egonkorra dela. Ikusten dut beharrezkoa dela irakasleen portzentai bat egotea mugitzeko, ateratzen diren beharrak betetzeko, bajak direla, ordezkapenak direla… Minimo bat beharrezkoa da. Horri buruzko datuak ikusten egon gara, eta hezkuntza publikoan 24.000 irakasle baldin badaude, 16.000 egonkorrak dira, beraien plaza daukate. Gainontzekoetatik, 6.000, gutxi gora-behera, nahiz eta ez izan bere plaza, mantentzen dira 10 bat urtean. Eta gainerako % 10 mugitzen dena da.
Gipuzkoan, adibidez, eskola txiki asko daude. Eta hiru langile mugitzen baldin bazaizkie, kasu askotan plantilaren erdia da.
Puntualki zentro batzuetan gehiago igertzen da, eta gertatzen denean, bereziki kurtso hasieran, gehiago nabaritzen da.
Aipatu dituzu zenbait puntu dagoeneko LOMCErekin zerikusia dutenak; batetik, aniztasuna
—Werten legeak ez dio asko lagunduko ikasleen aniztasunari— eta, bestetik, ikastetxeen autonomiaren puntua. Behin baino gehiagotan eman duzu iritzia Werten legearen inguruan, hasieran agian ez zegoen hain argi…
LOMCEren aurka edozer gauza egitea ez da nahikoa. Batu behar ditugu ahaleginak. Legegintzaldia-ren hasieran, sartu berriak ginenean, ikusi genuen zer zetorren eta LOMCE zirriborro bat zenez, saiatu nahi izan genuen ministeritzarekin hitz eginez zerbait lortzen. Baina berehala ikusi genuen ez genuela ezer lortuko.
Une honetan zuzenketak egiteko epea itxita dago eta, okerrik ezean, urrian edo azaroan onartuko du Espainiako Parlamentuak legea.
Ikusteko dago nola gelditzen den azken dokumentua, baina egia esan, ez daukat esperantza handirik. Uztailean jarri ziren lehen emendakinak, eta orain ere 40tik gora jarri ditugu, eta estatu mailan 500eraino iritsi direla ikusirik… nik ez daukat esperantzarik. Gure lanarekin jarraitu behar dugu, eragile guztiekin adostuz.Wert legea onartu arren, legea garatu ahal izateko dekretuak ezarri behar ditu autonomia erkidego bakoitzak, eta horrek aukera emango digu gure sistema babesteko.
Aukera izango bazenu, zer lauzpabost gauza aldatuko zenizkioke legeari, onartu ahal izateko?
Lehenengo eta behin, ebaluazioa. Ebaluazioak ikaragarri baldintzatzen du: metodologia baldintzatzen du, irakasleek urtetan egiten duten lana baldintzatzen du; ebaluazio horiek ez dute kontuan izango ikasleek eta irakasleek urtetan egindako lana, etsaminak jarriko dituzte eta horiek gainditzeko ikasi eta irakakatsi beharko da. Ebaluazioak edukiak baldintzatzen ditu, curriculuma… dena baldintzatzen du. Azken batean, selektibitatearekin ere horixe gertatzen da: azken urtean ikasleek selektibitatea gainditzeko soilik ikasten dute. Ebaluazioak edukiak, curriculuma, metodologia… baldintzatzen ditu.
Hizkuntza?
Bai, baina lege-proiektua orain dagoen bezala, guk gure hezkuntzaren sistema manten dezakegu, ez da Kataluniako hizkuntza-eredua bezala. Beraiek [Madrilek] ez digute guri esango gure hizkuntzaren irakaskuntza nola egin behar dugun, konpetentzia horiek gureak baitira. Horrek erakusten du nola zapaltzen gaituzten: ez dute kontuan izaten konpetentziak ditugula, eta lege-proiektuaren izkin batean esaten dute “posible duzue zuek etsaminak egitea…”. Ez dute aitortzen horiek gure eskumenak direla, eta horretan ezin dutela sartu.
Niretzat Lanbide Heziketarekin egin nahi dutena ere ikaragarria da. Umeak sistematik oso goiz atera nahi dituzte, eta horrek hemen daukagun sistema erabat baldintzatuko luke. Gainera ekonomikoki ezin da hori mantendu.
Aipatu duzu hezkuntza-komunitatearekin adostasuna lortzea beharrezkoa izango dela. Hilabete eta erdiko epea dago legea onartu aurretik. Ze estrategia proposatuko diozu hezkuntza komunitateari?
Beraiekin egon ginen kurtso bukaeran LOMCEri buruzko hausnarketa bat egiteko. Gure asmoa da elkartu eta beraiekin lanean jarraitzea. Edozer gauza egiteko adostasuna behar dugu, adostasun zabala, bestela ez dugu ezer egingo. Momentu honetan abiapuntua ez da txarra, hezkuntza-komunitatea ados gaude gauza batean: ez dugu LOMCE nahi. Oinarrian adostasuna dago. Inportanteena da nola bermatu gure sistema, nola bermatu gure emaitzak, eta nola hobetu.
Gure sistema bermatze horretan, eragile askok diote hizkuntzen ereduen sistemak berea eman duela, gainditu eta beste sistema amankomunago bat behar dugula. Zer egin daiteke emaitza horiek hobetzeko?
Guk azterketa horiek egin ditugu. Eta nahiz eta D ereduan ikasi, datuek erakusten dute zenbaiten kasuan euskararen konpetentzia oso oinarrizkoa dela. A ereduan % 84k ez dute euskararen konpetentzia lortzen.
D ereduan heren batek ez eta B ereduan bi herenek.
Hori ez da ordea ereduen kontua soilik. Euskararen erabilerarekin zerbait egin behar da, baina ez bakarrik eskolan, baita bizitzan ere, eta horretan ari gara Hizkuntza Politikatik. Oso harrigarria da eskoletan erderaz hitz egitea klasetik kanpo. Gelan bai, irakasleak emango ditu bere eskolak euskaraz eta ikasleek egingo dituzte azterketak euskaraz, baina handik ateratzen dira ikasleak, eta patioan edo edozein lekutan erdaraz hitz egiten dute. Errealitatea ez da berdina Azpeitian edo Gasteizen.
Ez da bakarrik ereduaren aldaketa, baizik eta nola bultzatu euskararen erabilera arlo guztietan, batez ere eskola inguruan, familia inguruan, lagunekin ateratzen zarenean… Nik ikusten dut nire seme-alabekin, segun ze girotan mugitzen diren, erabiltzen dute edo ez dute erabiltzen.
Gaur egun daukagun hizkuntza-ereduan normatiba nahiko malgua da aukera ezberdinak lantzeko. D ereduan argi dago, hor ez dago aldaketarik, egin behar dugun moldaketa bakarra hirugarren hizkuntza sartzeko egin beharko da. B ereduan euskaraz ematen dena eskolen arabera oso zabala da. Baina bereziki bultzatu nahi dugun aldaketa A ereduan etorriko da. A ereduan irakasgai gehiago sartu nahi ditugu euskaraz. Dagoen normatibak aldaketa horiek egiteko aukera ematen du, eta hori askoz errazagoa da orain, bat-batean, ereduak kentzea eta horretarako adostasuna lortzea baino.
Euskararen irakaskuntzari dagokionez, metodologia eta prestakuntza ere oso garrantzitsuak dira. Irakasle eskolekin ez ote litzateke egin behar hitzarmen bat?
Bai, hori kezka bat bada. Ikusi behar da, baita ere, lanean ari diren irakasleen adina zein den. Irakasle zaharrenei metodologia berria sartzea oso zaila da. Lan handiagoa egin behar dugu berriekin, Magisteritza Eskoletan, ea nola prestatzen dituzten irakasleak, bai metodologiaren aldetik, bai hizkuntzaren aldetik ere. Eta ez da euskara bakarrik. Hirugarren hizkuntza indartu eta gehiago bultzatu nahi badugu, Unibertsitatean formazioa ingelesez egitea oso garrantzitsua da. Gaur egun, hezkuntza publikoan % 17k bakarrik daukate B-2 maila ingelesean, eta horrek esan nahi du irakasle asko formatu behar ditugula ingelesa gehiago sartzeko.
Hezkuntza-komunitateak bai LOMCEri aurre egiteko eta baita geure hezkuntza-sistema babesteko, lege propioa aldarrikatzen du. Oinarrizko Hezkuntza Akordioak kontsentsu zabala izan zuen. Legegintzaldi honetan lege berririk izango dugu?
Lege bat lortzeko oso adostasun zabala behar dugu eta hori ez da erraza. Momentu honetan abiapuntu bat badaukagu, eta LOMCEri aurre egiteko pausoak emango ditugu. Gure asmoa lege berri baterantz pausoak ematea da. Ez dakigu noiz lortuko dugun, ez dakigu legealdi honetan izango den, edo legealdi honetan jarriko ditugun oinarriak hurrengoan onartzeko. Baina hori da gure asmoa. Hasi lan egiten, adosten, lege propio berri bat adosteko. Hori gure helburuetako bat da, helburu oso garrantzitsua.
Zuek esan zenuten hezkuntzaren kalitatea bermatuz egingo zenituztela murrizketak. Nola egin duzue hori?
Hasteko, ez nieke egoera ekonomiko honetan “murrizketa” deituko. Nik murrizketak ulertzen ditut dirua eduki bai baina banatzen ez duzunean; dirurik ez daukazunean ez dira murrizketak. Diru gutxiago dugu, 1.500 milioi euro gutxiagorekin gizarte osoak aurrera egitea zaila da. Gobernuak argi izan du oinarrizko zerbitzuak babestu egin behar zirela: zerbitzu sozialak, osasuna eta hezkuntza. Eta horretan ari gara. Egia da, ez dela gauza bera beharrezkoa, urgenteena eta inportantea. Hezkuntzari dagokionez inportantea dena da, beti, baina lehenengo urgenteena edo beharrezkoena bermatu behar dugu, eta inportantea den hori pixkanaka-pixkanaka joango gara egiten. Bermatu ditugu irakasleak, guretzat hori zen inportanteena. Kalitatea bermatu dugu, ratioak mantenduz; mantendu ditugu jangelak, garraioak, bekak… guretzat oso inportantea da. Obrak kendu egin ditugu, ikasturte honetan ez dugu obrarik egingo, atzeratu egin ditugu, hurrengo urtean edo hurrengoan hobeto egotea espero dugu eta orain uzten duguna egingo dugu. Badakigu ez dela nahikoa, baina saiatzen gara beharrezkoena bermatzen.
Zaila da 2 urteko 18 haurren gela bat irakasle batek kudeatzea. Nola berma dezake irakasle horrek kalitatezko hezkuntza?
Bai, zaila da. Espero dugu aurrerago gauzak hobeto egotea.
Prestakuntzan izugarri murriztu da.
Bai, nonbaitetik kendu behar genuen, beste gauza batzuk mantentzeko.
Europa-mailan egin zen ikerketa batek erakutsi zuen hezkuntzan inbertitzen den euro bakoitzeko, 3,9 euroko etekina ematen duela. Nahiko sentsibilitate ba al dago hezkuntzaren garrantziari buruz?
Ez dut uste gizarteak sentsibilitate hori duenik. Gizarteak hezkuntza oinarrizko zerbitzu gisa ikusten du. Gure gizartea nola dagoen osasunak eta hezkuntzak erakusten dute. Hezkuntzan inbertitzen den dirua gizarteari nola itzultzen zaion ez da ikusten. Inpaktu ekonomikoa aztertzeko ikerketa zehatz bat egiten ez baduzu, ez da ikusten. Duela urte batzuk unibertsitatearen inpaktu ekonomikoa zein zen aztertu zen eta jendea asko harritu zen emaitzekin. Etorkizunean lana egingo duten profesionalak prestatzen ari da eskola, eta horiek ondo formatu behar dira, bestela etorkizuneko gizarteak sufrituko du. Igual Lanbide Heziketan argiago ikusten da inbertsioaren etekina, baina Oinarrizko Hezkuntzan ez da ikusten.
Legegintzaldi honetan irakasleen izen ona indartu nahi duzuela esan izan duzu. Zer gertatzen zaio irakasleen prestigioari?
Nik ikusten dut kanpotik prestigio galtze bat egon dela azken urteetan, irakasleak ez daude ondo ikusita. Zentro batean arazoak daudenean, orain irakasleen kontra joaten dira bai ikasle eta familiak. Nola eman diezaiekegu berriro prestigioa irakasleei?