Erditzearen jabe
Emakumea erditzera egoera zehatz batean iristen da, egoera fisiko, mental eta emozional jakin batean. Informatuta egoteak, prozesuaren jabe izateak eta zer nahi duen jakiteak erabaki kontzienteak hartzen lagun diezaioke, eta ondorioz, frustrazioak saihesten eta erditzea asebetetasunez igarotzen.
Emakumeak haurdun dagoenetik edo are lehenagotik imaginatzen du erdituko den unea. Bikotekideek ere hamaika aldiz irudikatzen dute momentu hori. Bizi arte, ordea, nolakoa izango den jakiterik ez dago. Erditzea ez da bikoteak buruan duen hori, biziko duen hori baizik. Pertsona oro ezberdin den moduan dira erditze guztiak diferente, eta andre berberaren erditze bakoitza ere bakarra izaten da. Erditze guztien prozesua da, ordea, erabat berezia, emozionala eta intentsoa. Eta prozesu horren nolakotasunak eragina izan dezake bai haurrarengan eta baita amarengan ere. Horrexegatik, informatuta egoteak eta norbere egoeraz jabetzeak erditze-prozesua asebetegarria izan dadin lagun dezake.
Erditze fisiologikoa, epiduralarekin, etxeko erditzea, zesarea programatua… guztiak izan daitezke ulergarriak, errespetagarriak eta gogobetegarriak baldin eta emakumeak aukeratuak eta kontzientziaz bizitako prozesuak badira, horixe adierazi zuen Estitxu Fernandez Maritxalar kazetari eta psikologoak Irriargi Elkarteak antolatutako hitzaldian, erditzean andrea bere prozesuaren jabe bada, normalki prozesu horretatik gustura ateratzen dela. “Gure erditzearen jabe” izeneko liburua argitaratu berri du sei urte inguruko ikerketaren ostean eta atera duen ondorio nagusia da erditzea asebetegarria izan dadin andreak zein premia dituen, zer nahi duen eta zer behar dituen kontziente izatea dela gakoa, eta premia horiek asetzeko eskatu ahal izatea artatuko duen horri.
Erditze kontzienteaz hitz egiterako orduan, hiru zutabe nagusi aipatzen ditu Fernandezek: 1. Umearekin lotura afektiboa sortzea; 2. Erditze fisiologikoaren inguruan informatuta egotea; 3. Norbere burua ezagutzea. Erditze kontzientearen abiapuntua umeak zein behar dituen jakitea da, Fernandezen esanetan. Izan ere, frogatuta dago umearen behar nagusia amaren presentzia, gorputza eta amarekin kontaktu emozionala izatea dela, eta hori haurdunaldian bertan hasten dela. “Garai batean uste zen umea sabel barruan ez zela ezerekin enteratzen, erditzean ere ez eta erditu ondotik ere hasieran ia ezertaz ez. Orain badakigu hori ez dela egia. Guk uste baino askoz gehiago enteratzen da umea. Emozioak ditu. Neurozientziak probatu du ume hori emozionalki mezuak jasotzeko eta emateko gai dela”. Gaineratzen du, umearen hasierako esperientziak bereziki garrantzitsuak direla, sabel barruan dagoenetik bost urte bete arte, batez ere. Beraz, haurdunaldiko eta erditze-prozesuko esperientziak determinanteak izan ez arren, umearen nortasuna marka dezakete, nahiz eta maitasunaren eta atxikimenduaren bidez gero hori konpentsatzeko modua egongo den. Ondorioz, amaren osasun fisiko nahiz emozionala kontuan izatea komenigarria izango da, amarengan berarengan ez ezik, horrek eragina izango duelako umearengan ere. Era berean, umearen barruko mundutik kanporako trantsizioa ere ahal den heinean zaindu egin behar dela dio psikologoak: “Zenbat eta trantsizio goxoagoa, suabeagoa, orduan eta hobe. Trantsizio hori agresio moduan bizi badu, bere nortasuna ere agresio horren aurreko erreakzio modura garatuko da”.
Erditze fisiologikoaren inguruan informatzea lan kognitiboa edo intelektuala izan arren, Fernandezen irudiko, zeregin inportantea da. Erditze fisiologikoari erditze arrunta edo normala ere esaten zaio. Hego Euskal Herriko ospitaleetan 2010etik indarrean den Erditze Normalak Artatzeko Estrategiaren arabera, erditze arrunta haurnaldiaren 37. eta 42. asteen artean modu naturalean hasten da, konplikaziorik gabe garatzen da eta ume osasuntsu baten jaiotzarekin amaitzen da. Beraz, ez du esku-hartze berezirik behar, errespetuzko laguntza integrala besterik ez.
Emakumeak erditze fisiologiko bat izateko ikasitako guztia ahantzi behar lukeela esaten bada ere -azken batean, andreak badakielako nola erditu behar den, jakintza hori zeluletan duelako eta senarekin nahiz intuizioarekin jokatzea nahikoa izan litekeelako-, gaur den egunean logikoena informatuta egotea dela dio Fernandezek: batetik, dena profesionalen esku ez uzteko eta norberak nahi ez duen bezalako esku-hartze medikuak saihesteko, eta bestetik, idealizazioak ekar dezakeen frustraziotik aldentzeko.
Azkenik, norbere burua ezagutzeaz hainbeste solasten ez bada ere, erdintze kontziente batean sekulako garrantzia hartzen duen alderdia dela dio psikologoak. Abiapuntua erditze fisiologikoa izanik ere eta ospitalean emakumearen aukera hori errespetatzea eta egoki artatzea lorturik ere, ez du uste erditze fisiologikoa denik erditzerik egokiena emakume guztientzat. Izan ere, emakumea erditzera momentu zehatz batean iristen da, egoera fisiko, mental eta emozional jakin batean: “Alderdi fisikoari kasu gehiago egiten diogu, eta adibidez, burdina falta zaigula ikusiz gero, burdina hartzen dugu. Baina ezaugarri fisikoak ezagutzen ditugun bezala jakin behar dugu mentalki zein iritzi edo aurreiritzi ditugun, eta baita emozionalki nola gauden ere”. Adibide bat jartzen du psikologoak: “Demagun andre bati lehendabiziko erditzean umea hiltzen zaiola eta bigarren erditzean erabakitzen duela zesarea programatu bidez haurra izatea. Juxtu erditze fisiologikoaren bertze muturrean legoke hori. Niri erabaki hori hasteko ulergarria eta bigarrenik errespetagarria iruditzen zait, bereziki kontzienteki hartutako erabakia bada. Berak erabaki du: ‘nik nire ikarak ditut, ume hori galtzeko beldurra dut edo esperientzia traumatikoa izan dudanez niri seguritatea ematen didan erditze bat hautatu nahi dut’. Muturreko adibidea izan liteke, baina argigarria iruditzen zait”.
Fernandezen mezu nagusia horixe da: emakumeak nola sentitzen den jakitea eta benetan zer nahi duen ezagutzea garrantzitsua dela, eta ez kanpotik esan diotelako ideia bat edo beste irenstea. Izan ere, bere esanetan, erabakia kontzientea bada, emakumeak hausnartu badu eta uste badu hori dela berarentzat biderik egokiena, hori errespetagarria izango da. Liburuko psikologo baten esanak gogora ekarriz andrea bere historia pertsonalarekin erditzen dela dio Fernandezek: “Finean, erditzea oso esperientzia gordina eta intentsoa da eta gure esperientziarik, historiarik eta bizipenik gogorrenak, eta batzuetan traumatikoenak atera daitezke bertan”. Eta non oinarritzen da emakumearen historia hori? Norberak gurasoekin eraiki duen harremanetan eta norbere sexualitatean. Lan terapeutikoa aipatzen du Fernandezek, baina uste du horretara iritsi gabe ere komenigarria izan litekeela norbere haurtzaroa edota nerabezaroa berrikustea eta bizitzako esperientzia sexualez hausnartzea, gero hori guztia agertuko baitzaio emakumeari erditzean. “Nik ez ditut erditzeak artatzen, baina profesionalek diote trauma sexualak izan dituzten emakume askoren erditzeak ez direla behar bezala joaten. Beraz, azken batean helburua da gure trauma horiek edo historiako bizipenek eragiten diguten zamak erditzea ez baldintzatzea. Hor egon daitezke, eta ni kontziente izan, baina ez dute erditzea baldintzatuko”.
Erditze fisiologikoaren oinarri diren hiru zutabeak zainduta ere, erditze prozesuak izan ditzake hainbat baldintzapen Fernandezen hitzetan. Horietako bat izan liteke erdimina jasan ezina. Profesionalen aldetik iluntasuna, isiltasuna, intimitatea, babesa… bermatuta ere gerta liteke min jasangaitza agertzea: “Izan daiteke gizarte honetan minari buruz dugun ikuskeragatik edo bakoitzak txikitatik minarekin izan dugun harremanarengatik. Beraz, batzuetan, agian, mina ezin dugu jasan eta epidurala eskatuko dugu”. Era berean, gerta liteke erditzea bera blokeatzea beldurrarengatik: “Beldurra senti dezakegu ez erditze-unea errespetatu ez zaigulako edo kanpotik eragin digutelako, baizik eta gure historiatik, gure barnetik datorren zerbait izan liteke. Gerta daiteke gure haurtzaroan sortutako beldurrek erditzean aurrera egiten ez uztea”. Azkenik, emakumeak jasotzen duen tratuak ere baldintza dezake erditzea, epaitua sentitzen bada edo bere eskubideak ez direla errespetatu uste badu edo alboan duen pertsonarengandik babesik jasotzen ez badu… “Hain da momentu intimoa, berezia, emozionala, intentsoa… edozer gauzak oztopa dezakeela”.
Kontziente ez izateak ideologietan edo muturreko usteetan erortzeko arriskua izan dezake Fernandezen ustez. Bi mutur ikusten ditu: batetik, oraindik ere zenbait ospitaletan dagoen eredu medikalizatuaren sareetan erortzea, “ez bazara kontziente eta dena bere eskuetan uzten baduzu, anitz esku hartutako erditzea izan daiteke”; eta bestetik, erditze naturalaren aldeko defendatzaile sutsu bihurtzea. “Nire errealitatearekin bat badator uste dut etxean erditzea erditzerik osasuntsuena izan daitekeela, baina bakarrik nire errealitatearekin bat badator”.Muturretan ez dagoela aniztasunaren-tzako tokirik dio, eta horrek frustrazio eta erruduntasun handia eragin diezaiokeela emakumeari: “Batetik, horrenbeste desiotako erditze natural hori lortu ez dutelako emakume anitz sufritzen ari da, eta bestetik, ardura guztia besteen esku utzi duten emakumeak daude, gero etxera bueltatzean errudun sentitzen direnak hori edo hura egin ez zutelako”. Beraz, psikologoaren esanetan, garrantzitsua da kontziente izatea erditze prozesutik asebeteta eta gustura ateratzeko, hartutako erabakiak agian idealenak izan ez arren, norberak hartutakoak direlako eta horrek satisfakzio handiagoa eragiten duelako. “Baina kontziente izateak ere ez du erditze ideala ziurtatzen. Beraz, igual komeni zaigu espektatibak jaistea eta erditze idealik ez dela existitzen barneratzea. Erditzea ez da buruan dugun hori, baizik eta biziko dugun hori. Eta dena ez dago gure esku”.
2007an erditzearen gainean ikertzen eta hausnartzen hasi zenean, etxeko erditzeek erakarrita ekin zion bideari Fernandezek, gero erditze fisiologikoetara pasa zen, aldarrikatu nahi baitzuen andreek erditze fisiologikoa edukitzeko eskubidea dutela etxean nahiz ospitalean, eta azkenik, erditze kontzientearen ideiara iritsi da, baina dio liburua argitaratu duen arren, ibilbidea ez dela hor bukatzen, zenbat eta kontzienteago izan bera, orduan eta gauza gehiago ikusten dituela. “Kontziente izateri buruz aritu naiz, hori nagusiki lan kognitibo edo intelektuala da, baina juxtu erditzean horixe da behar ez dena. Buruarekin ez gara erditzen, gorpu-
tzarekin, intuizioekin, senarekin erditzen gara. Beraz uste dut sena eta geure buruarekiko konfiantza landu behar genituzkeela, eta ‘gai gara’ mezua ere zabaldu beharko genukeela, eta erditzean jakinduria horrekin konektatu, gure amaren, amatxiren eta haren amaren jakinduriarekin, hain zuzen”.
Continuum-aren kontzeptua ere aipatzen du, uste baitu erditzearen kontzientzia ez ezik, prozesu osoaren kontzientzia dela garrantzitsua, erditzea agitz inportatea delako, baina aldi berean pasabide bat besterik ez. “Ama eta umearen arteko harremana bizitza osoan emanen da eta hori izango da ume horren nortasuna eraikiko duena. Idealena litzateke, bikote hori oraindik haurdun geratu baino lehen kontzientzia hartzen hastea, haurdunaldian gero, erditzean gero, erditzearen ondotik gero, adoleszentzira arte”. Hala ere, dio ez dela komeni ezer idealiza-
tzerik eta kontuan izan behar dela zein sistemaren barruan gauden ere: “Amatasun-baimenak direnak dira, hipotekak direnak dira, gure arrakasta profesionalari ematen diogun garrantzia ematen diogu eta badakit muga horiek ere hor daudela. Erditze idealik ez da existitzen eta continuum-ean ere perfekzioa ez da existitzen. Aita eta ama perfekturik ez da existitzen, baina gure bidea ahalik eta kontzientzia handienarekin egingo bagenu uste dut hori izango litzatekeela gure buruari eta gure umeari egiten diogun oparirik onena”.