Zer funtzio bete dezake irakasle-coachak gaur egungo hezkuntza-sisteman?
Gaur egungo hezkuntza-sistemaren erronketako bat ikasten ikastea dela esaten da. Horretarako, ordea, bi irizpide izan behar ditugu kontuan: batetik, malgutasuna, etengabe ikasteko gai izan gaitezen; eta, bestetik, heldutasuna, sarean antolatuta dagoen munduan bizitzeko. Ingurunea eta mundua gero eta azkarrago ari dira aldatzen. Horrexegatik, gurasoon nahiz irakasleon egitekoa da uneotan nolakoa izango den ez dakigun etorkizun horretarako seme-alabak prestatzea.
Bide horretan, krisi moduko bat ari da gertatzen hezkuntza-alorrean, eta krisi horrek zerikusia du azken urteetan gertatu den edukien demokratizazioarekin. Edozein eduki edonoren eskura dago. Jada ikasleak ez du behar eskola magistralik uretako izarra nola ugalduko den azal diezaioten, nahikoa baitu horretarako Youtubera jotzea.
Gure ikasgeletan, ohiko arbelak erabiltzetik arbel digitalak erabiltzera igaro gara; proiekzioak, ikus-entzunezko materiala edota Internet eta antzeko erremintak ere erabiltzen ditugu, baina ez ditugu zalantzan jartzen ikaskuntzarako espazioak eta esperientziak sortzean darabiltzagun dinamikak eta jokatzen ditugun rolak. Irakasle asko oraindik jakintzaren autoritate dira, eta “ez dakiten” ikasle batzuei euren jakintza transmititzen diete. Zenbait kasutan, ordea, ikasleek gehiago jakin dezakete irakasleek baino. Kasu horietan, ez du balio tradizioz irakasleek orain arte jokatu duten paperak.
Izan ere, ez da kanala soilik aldatu digitalizazio-prozesuaren ondorioz (digitala analogikoaren ordez), baizik eta edukiaren/informazioaren balioa erlatibizatu egin da (pertsona orok du eskura), eta ezagutza eraikitzeko moduaren balioa handitu egin da. Testuinguru horretan, irakasleak lehen ez bezalako prestakuntza behar du. Garrantzitsua da metodologia berriak ezagutzea eta baliabideez jabetzea, baina, batez ere, jarrerari erreparatu behar diogu. Orain dela gutxi arte, ezagutza finitua zen, eta pertsona batek guztia ezagutzeko pretentsioa izan zezakeen. Gaur egun, hori pentsatzeak ez du zentzurik. Beraz, irakaslearen egiteko nagusia ikasleari errealitatearen hainbat alderdi ezagutzeko eta ikertzeko aukera emango dioten espazio eta testuinguru egokiak sortzea izango da.
Hezkuntza-testuinguru berri horretan, irakaslearen zeregina ikasleak jakintza modu esanguratsuan eskura dezan laguntzea izango da, eta horretarako baliabideak haien eskura jartzea. Ekintza, praktika, eskala txikiko eraikuntza edota esperientziaren gaineko hausnarketa izango dira ikaskuntza aktibo, deszentralizatu eta konektaturako gakoak. Zeregin horretan lagun diezaguke coachingaren ikuspegia hezkuntzan txertatzeak.
Coachingera hurbilketa
Eguneroko erronkei aurre egiteko gaitasun berriak hartzeko prozesua izendatzeko erabiltzen da coaching terminoa. Berorren bidez, ikuspegi berriak lantzen dira, norberaren ezkutuko ahalmenak azaleratzen dira, eta estrategia eta jarrera alternatiboak probatzen dira.
Zailtasun-egoera batetik abiatzen gara, hots, frustrazioa eragiten digun egoera batetik. Coachingaren oinarrian, elkarrizketa dago. Norbere izaeraren eta jarduteko moduaren zenbait alderdi aldatu nahi dituen pertsonak hainbat egoera zehatz partekatzen ditu coacharekin, hau da, erlazioa egituratzen duen pertsonarekin, eta elkarren artean azaldutako egoera zehatz horren inguruko hausnarketa egiten dute, deskribatutako egoerari beste ikuspegi batetik begiratzeko eta arazoari irtenbidea bilatzen saiatzeko. Horretarako, coacha espazio segurua eraikitzen saiatzen da, edozein epaitatik askea izango den eta pertsonari bere zalantzak azaleratzeko bidea emango dion espazio bat eraikitzen. Aurretiaz, ez da inolako baldintzarik izango, baldintzarik gabeko egoeratik soilik sortuko baitira aldaketak.
Coachinga, gaur egun ezagutzen dugun moduan, nahiko proposamen berria da, eta etengabe ari da garatzen eta korronte, eredu eta eskola berriak sortzen. Gainera, laguntza-harremanekin zerikusia duten beste praktika batzuk bezala, coacharen ezaugarrien, historiaren, nortasunaren eta ibilbide profesionalaren araberakoa da praktika hori ere, neurri handi batean. Gauza bera gertatzen da ikasgela barruko testuinguruan ere: estrategia, dinamika edota esku-hartze eredu berberak era bateko edo besteko forma eta hondoa izan dezake, irakaslearen, irakasgaiaren, taldearen, testuinguruaren, eta abarren arabera.
Proposamen berria izan arren, coachingak ez dakar hezkuntza-prozesuak ulertzeko modu berririk; aitzitik, gaur egungo errealitate berrira hobeto egokitzen diren zenbait korronte eta esperientzia berreskuratzen ditu. Haur Hezkuntzako jardunean, adibidez, hainbat esperientzia iradokitzaile izango genituzke. Nola baliatzen dute ikasteko pasioa? Nola erabiltzen dute esperientzia ludikoa? Nola egituratzen dituzte banan-banako izaera handiagoa izango duen ikaskuntza garatzeko espazioak? Nola dago egituratuta ikasgela? Hitzaz bestelako adierazpideak nola txertatzen dira? Zer toki betetzen dute irakasleek?
Azken batean, coachingak tradizio pedagogikotik, terapeutikotik nahiz komunikazioaren eta lagun egitearen inguruko tradiziotik hartzen ditu ideiak. Beraz, coachingaren erronketako bat hezitzaile askok dagoeneko ezagutzen duen horrekin berrio konektatzea da. Azken aldian, indar handia ari dira hartzen eskola libreak, baita Montessori metodoa edota adimen anizkoitza delako kontzeptua ere. Horrek adierazten du parametro askotatik ari direla gaur egungo hezkuntza-jardunaren hausnarketa egiten eta orain arte ezagutu dugun hezkuntza-sistema berritu nahian. Coachingak ikaskuntza-prozesuetan irakaslearen tokia berriro pentsatzeko erreminta eskaintzen du.
Dagoeneko hasi dira hainbat unibertsitatetan ikasleentzako coaching-programak eskaintzen. Horietako batzuetan, ikasketak coaching indibidualaren bidez osatzeko esperientziak eskaintzen dituzte. Beste zenbaitetan, berriz, coachinga darabilte, laguntza indibidualaren nahiz kolektiboaren bidez, proiektu errealak abian jartzeko (adibidez, enpresa bat sortu).
Testuinguru horietan, irakasle-coachaz hitz egiten da, beste zenbait ingurunetan lider-coachaz edota gerente-coachaz hitz egiten den moduan. Eta irakasle-coachak balio dezake, unibertsitaterako ez ezik, aurreko hezkuntza-sistemetarako ere.
Irakasle-coacharen rola eraiki ahal izateko egin beharreko zenbait aldaketa:
Eskolak eta irakasleek sekulako ahalmena izan dezakete coachinga hezkuntza-esparruan aplikatzeko eta ikaskuntza-prozesua esanguratsuagoa izan dadin aldaketak abian jartzeko.
Beraz, zer egin irakasle-coacharen papera hartzeko eta hezkuntza-jarduera hobetzeko? Coaching-prozesu batean konfiantza giroa sortzea oinarrizkoa dela diogu. Horixe izango da gela batean sartzean izango dugun lehen egitekoa, eta bereziki garrantzitsua izango da lehen saioetan. Hortik abiatuta, hainbat fase izango ditu irakasle-coach baten jardunak:
- Isiltasuna. Ezjakintasuna. Entzuten ikastea. Garrantzitsua da besteen jarduna ez eteten ikastea, bestearen erritmoari behatzea eta erritmo hori errespetatzea, isiluneei tartea egitea… Gure pertzepzioa lantzen dugu, eta adi gaude esaten dena entzuteko nahiz esateko moduari erreparatzeko.
- Emozioa hauteman. Harremanei egiten zaie lekua. Hautematen dugun horri izena jartzen diogu (adibidez, ‘haserre zaude’), eta, hortik abiatuta, zerbait garrantzitsuari buruzko elkarrizketa abiatzen dugu.
- Galdetu. Ez epaitu. Geurea ez den ikuspegi eta bizipen bat ulertzea. Behatu eta ulertu nahi dugu, eta pentsamendu berriari bidea ireki nahi diogu. Gure ikuspegia zabaltzeko, galderak egiten ditugu. Galderak garbiak, azpian erantzunik gordeta ez dutenak eta esploratzaileak izango dira, hots, galdera labur eta irekiak, erantzun luzeei bidea irekiko dietenak.
- Berriro kokatu, perspektiba eman. Pentsatzen lagundu. Parafraseatu egiten dugu, sentipenak nahiz irudiak partekatzen ditugu, eta horien gainean hitz egiten dugu. Egoera jakin batean zein toki dugun hausnartzen laguntzen digu horrek. Paradoxak erakusten ditugu, eta, askotariko perspektibek tokia izan dezaketen dilemak eraikitzen ditugu.
- Helburu baterantz mugitu. Irakasle-coachak ikasleei beren buruaren gaineko aldaketak eta ikaskuntza-helburuak eraikitzen laguntzen die. Ekintza-plan zehatzak, neurgarriak eta interesa duen pertsonarengan txertatuta daudenak eraikitzen laguntzen du. Berrikusteko espazioak gune pribilegiatu bilakatzen dira, hainbat gauzaz ohartzeko eta gure ikuspegia zabaltzeko.
Nola aplikatu irakasle-coacharen rola ikasgelara?
Irakasle-coaharen rolak ikasgelan gertatzen denari hainbat ikuspegitatik begiratzera darama irakaslea, irakasle-rola berreraikitzera. Horretarako, kontuan izango du zein den gaur egun edukiaren funtzioa, kanal berrietara eta ikasteko modu berrietara irekita egongo da, eta, horren ondorioz, ikasleen jarrera proaktiboa bilatuko du. Ikasleak, aitzitik, irakaslearen bidez, justu ikasteko beharrekoa duen ezagutza soilik eskuratuko du. Era berean, ikasleak irakasleari “nola irakatsi behar duen irakasten” dio, eta irakasleak, interakzio horretatik abiatuta, nola irakatsi behar duen “ikasten” du.
Ikasgelan coaching-prozesu bat kontratu baten bidez hasten da. Testuingurua, usteak eta rolak azalerazi behar dira lehenik, eta, oinarri horren gainean, edukiak, ikastaroaren iraupena, ebaluazioa, etab. zehaztu. Giltzarri horietako zenbait aurrez zehaztuta egongo dira hezkuntza-testuinguru batzuetan; hau da, aurrez ezarritako mugak izango dira. Bada, muga horiek ere argi eta garbi adierazi behar dira. Zer alda dezakegun eta zer ez jakin behar dugu ikasgelako partaide guztiok. Inguramendua zehaztuta dagoenean, gainerako guztia partaide oro lotuko gaituen akordio baten parte da.
Batzuetan, ikasleengandik urrun dauden galderak egiten ari garela irudituko zaigu, ez garela ari haien beharretara iristen. Izan ere, maiz, arazo bat planteatu ohi dugu erantzuna jakinda, eta ikasleek erantzuna asmatzea da horrekin bilatzen dugun gauza bakarra. Baina pentsatu ote dugu nolakoa izango litzakeen ikaskuntza-prozesua jarrera “ikertzaileago” baten bidez laguntzea? Zientzialariak ez du erantzunik jakiten, eta ez du jakiten erantzunik aurkituko duen ere. Aitzitik, hipotesi bat planteatzen du, eta, eskura duen informazioan, esperimentazioan eta behaketan oinarrituz, hipotesi hori berresten edota baztertzen du. Zer egin ote dezakegu guk ere antzera jokatzeko?
Gure gaitasunak (ikasleenak nahiz irakasleonak) gaindituko dituzten erronkak planteatu behar ditugu, pertsonok jarduera horretan erabat inplikatzera eramango gaituztenak. Ikuspegi horretatik, ikaskuntza-prozesu bat laguntzeak esan nahi du irakasleak ez dituela erantzunak ezagutzen. Baina zer-nolako esperientzia da irakasle batentzat ‘ez dakit’ esatea? Huts egitea eta zaurgarri agertzea da? Bada, ezagutza esanguratsua eraikitzeko informazioa ehuntzen lagunduko luke jarrera horrek. Huts egitea, erantzun okerrak ematea, ikaskuntzarako ezinbesteko urratsa da. Galderek erantzun bakarrak badituzte eta soilik saio amaieretan planteatzen badira, horien helburu bakarra zuzentasuna neurtzea da, eta, zenbait kasutan, edukiak buruz ikastea, baina ez besterik.
Irakasle-coachak edukiak plazaratzen ditu, eta ikasleen esku uzten du eduki horiek erlazionatuko dituen haria jostea, hau da, eduki horietatik guztietatik zein izango diren esanguratsuak ikasle bakoitzarentzat eta, horrez gain, narrazio bakoitzak zein zentzu izango duen. Prozesu horretan, entzute aktiboa oinarrizko erreminta da. Elkarrizketek, berriz, irakasgaien helburuetara gerturatzen laguntzen digute, hau da, kasu askotan, gaitasun espezifikoak nahiz orokorrak eskuratzen laguntzen dute, bai eta pentsamendu sistemikoa, talde-lana, pentsamendu kritikoa, eta abar garatzen ere.
Gure hezkuntza-sisteman, gehiegitxotan eman ditugu erantzunak, artean galderak formulatu ere egin gabe genituenean. Iraul dezagun, bada, jarduteko modu hori, esperientziak argi erakusten baitigu ikasleei eurei ikertzen lagunduko dieten espazioak sortzeak, ikaskuntza-prozesuan ikasleari lagun egiteak eta irakasleon jarrera aldatu eta berdinetik berdinera jarduteak gure heziketaren kalitatea hobetzen lagun diezaguketela.
ASIER GALLASTEGI
Coach-a, aholkularia eta unibertsitateko irakaslea
www.korapilatzen.com