Ekin, sentitu, pentsatu

2014-09-12

Haur txikien ikasketa-prozesua ez da nerabeena edo helduena bezalakoa, haien pentsamendua ez baita intelektuala. Mundua pentsamenduaren bidez ulertu ahal izateko, gorputzarekin bizi behar dute aurretik, ekinez, mugituz eta sentituz.

 
 
Ekin, sentitu,  pentsatu

Ssentitu, pentsatu, ekin!” diote Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek. Baina, lehen haur-
tzaroan ‘ekin’ eta ‘sentitu’ egiten dute umeek ‘pentsatu’ aurretik —intelektualki pentsatu aurretik—. Haurrak jaiotzen direnetik eta lehen bizpahiru urteetan berebiziko garrantzia dauka ekiteak, mugimenduaren bidez ikaragarri ikasten baitute. Batetik, bere gorputzaren jabe egin dadin, berau ezagutu, kontrolatu, garatu eta gaitasunak ezagutu ditzan behar beharrezko du ekitea eta mugitzea haurrak, eta bestetik, mundua deskubritzeko ere mugitu egin behar du, esploratu, probatu.

“Haurrak mundua pentsamenduarekin ulertu aurretik, gorputzarekin bizi du, beraz, gorputz hori —berea duena, baina ezagutu egin behar duena— probatzeko aukera eman behar zaio”. Sonia Kliassen hitzak dira, Emmi Piklerren eta Waldorf pedagogietan aditua den Kataluniako pedagogoarenak. “Batetik, inguruan daukan mundua hautemateko eta, bestetik, bere nia garatzeko, gorputza da haurraren bitartekoa 0-3 etapan”. Horregatik, pedagogoaren arabera, guraso eta hezitzaileek bermatu egin behar dute haurra ondo garatzen dela, ondo egokitzen dela bere gorputzera eta ingurunera, “eta hori mugimenduarekin bakarrik egin ahal izango du”. Lehen etapa honetan oinarri hori ondo ezartzea oso garrantzitsua da bai unean uneko bizi kalitateagatik baina baita ondoren etorriko den ikasketa-prozesu kognitiboari eusteko ere. “Adibidez, lau hankatan ibiltzea oso garrantzitsua da gero etorriko den irakurketa-idazketa prozesurako; ariketa horrekin gertatzen baita burmuineko bi hemisferioen arteko sinapsia”.

Haurrek ez dute helduek bezala pentsatzen eta ezta ikasten ere, Jean Piaget pedagogo konstruktibistak iragan mendearen erdialderako adierazi zuen garapenak hainbat etapa dituela, eta pertsonak gradualki jabetzen garela gaitasun bakoitzaz. Piagetek lehen haurtzaroari ‘etapa sentsorio-motorea’ deitu zion, hain zuzen ere, eta haurraren garapena ekintza sentsore-motoreei hertsiki lotua zegoela ondorioztatu zuen.

Haurraren eta helduaren pentsamendua ezberdinak direla ulertzea da, Kliassen arabera, haurren ikasketa-prozesua ulertu ahal izateko gakoa: “Ikastea ez da pentsamendu intelektuala garatzea soillik. Pentsamendu mota hori 12-14 urtetik aurrera garatzen da, nerabezaroko leherketa hormonalarekin; nerabe batek helduok bezala pentsatzen du, baina lehenago ez, haurrek ez baitaukate pentsamendu intelektual bat”. Garapen intelektualaz arduratu aurretik, haurren errealitatetik oso urrun dauden kontzeptuz, edukiz eta ideiaz bete aurretik, garapen hori eman dadin ongizate fisiko eta emozionalaz arduratu behar dela dio pedagogoak, “ondoren etorriko dira adierazpen sinbolikoa, hizkuntza, objektuen iraunkortasunaz jabetzea eta pentsamendu intelektuala, baina garaian garaikoa bizi behar du haurrak, eta lehenengoa mugimendua da”.

Haurraren pentsamendua ez eze, garuna ere diferentea da helduarenarekiko, neurozientziak erakutsi duenez. Helduaroan dugun garuna, pentsamendua  bezala, nerabezaroan iristen da. 0-6 urte bitartean da garunaren garapenari dagokionez garairik emankorrena, orduan baitauka plastizitate handiena, eta gero, urteak igaro ahala, egonkortuz joango da. Pertsonak gradualki jabetzen gara gaitasun bakoitzaz, beraz, prozesu mental bakoitza garapen biologikoarekin eta ingurunearekin dugun esperientziaren araberakoa izango da. Garuna garatzeko azken bultzada nerabezaroan iristen da hormona sexualak garunean sartzen direnean gertatzen baita garunaren azken berrantolaketa.

Jaiotzen den unetik, lehen egun eta hilabeteetan egiten dituen mugimendu txikiekin, haurtxoak beso bat edo hanka bat tenkatzeko keinua egiten duenean, edo jira-buelta egiten duenean, atal motoreak mielinizatzen ari dira —hau da, neuronen arteko errepideak osatzen ari dira, eta mielinizaturik dauden errepideetan soilik pasatzen da informazioa ondo eta azkar—. Bizitzako ikasketa garrantzitsuena izango da hori, neurozientziaren arabera. Lehen urtean zentzumen sustraiak mielinizatzen dira, haurtxoa, ikusmen, entzumen eta ukimenaren aldetik konektatzen ari baita. Zazpi bat hilabeterekin lau hankatan dabilenean, adibidez, okulomotrizitatea —ezker begiak eta eskuin begiak ikusten dituzten bi irudiak batean fusionatzeko gaitasuna— lantzen du haurrak, une berean bi begiak leku berean jartzen ikasten du, eta ikasketa horrek berebiziko garrantzia izango du ondoren etorriko diren ikasketa kognitiboetarako.

Lehen  haurtzaroa etapa bereziki sentsorio-motorea izaki, mugimendua izango du lehen ikasketa-baliabidea. Beraz, haurrak prozesu hori modu egokian aurrera eraman dezan, ondo gara dadin eta garuna ondo antola dadin, garrantzitsua da helduak baldintza egokiak ematea; batetik, baldintza emozionalak —segurtasuna, gertutasuna...— eta bestetik fisikoak, hala nola inguruneari loturikoak, lurrean egon eta buelta emateko aukera emango dion zorua; arrastaka eta lau hankan ibiltzeko ingurune egoki eta segurua; zutika jartzen hasteko askatasuna eta segurtasuna...; nahiz materialei, arropei loturikoak. Aldiz, mugitu ezin duen lekuan badago, ez bada seguru sentitzen, arropak mugitzen uzten ez badio, edota inguruan min egin diezaioketen materialak baldin baditu garapen horretan zailtasunak aurkituko ditu.

Mugitzean, ukitzean, ekitean, probatzean, egitean... haurrak ingurunea —mundua— ezagutzen du, baina baita norbera ere. Niaren esperientzia korporala bizitzen ari da haurra, nor den definitzen, eta pixkanaka-pixkanaka bere buru-gorputza nola dagoen antzematen joango da, “geure gorputzaren kontzientzia hartzen”, hasierako “ondo” edo “gaizki” sentsazio orokorretatik, nekaturik, gose, egarri, urduri, indar- tsu... gauden bereizten ikasiko dugu. Norbere gorputza “bakoitzak okupatzen duen gorputz hori” ezagutzeko baliabide nagusia mugimendua da Kliassen arabera.

Ondoren, hiruzpalau urtetik aurrera irudimenean kokatzen dira haurrak, eta irudietan pentsatuko dute, horregatik dira hain garrantzitsuak ipuinak eta jolas sinbolikoak garai horretan. 7 bat urtetik aurrera, gutxi gorabehera, hitzetan pentsatuko dute.

0-6 urte bitarteko etapan haurrak urratsik urrats, bere erritmoan etapak igarotzea garrantzitsua da ondoren etorriko den ikasketa intelektualen prozesua erraz eta modu atseginean eraman ahal izateko.  Neurogarapenak presta- tzen ditu haurrak ikasketarako, eta horregatik, kontzeptuak, edukiak eta ideiak sartu aurretik burmuina ondo garatu behar da, hau da, garuna egoki antolatu behar da informazioa prozesatzeko.

Etaparik etapa, haurrak lehen behar horiek modu egokian garatzen ez dituenean, mugimenduan, hizkun- tzan, jolasean edo eskolako ikasketa prozesuan arazoak ager ditzakete. Esate baterako, Lehen Hezkuntzan irakurtzeko arazoak dituen haur batek, prozesaketa edo ikusmenean izan ditzake arazoak; gauza bat ikustea baita eta bestea ikusmena —gauza bat begia sano egotea da, eta beste bat garunak ondo prozesatzea begiek bidaltzen dioten informazioa—. Eskolan landuko dituzten ikasketa gehienak bide bisualetik eta entzumenetik sartzen direnez, tresna bisualak eta auditiboak ondo finkatuak izatea garrantzitsua da, eta hori lehen haurtzaroko etapan gertatzen da.

Baina burmuina ez da soilik prozesu kognitiboez arduratzen, eta mugimendua pentsamendu intelektuala egonkortzeko garrantzitsua den bezala, garapen emozionala bermatzeko ere beharrezkoa da, emozioen garapena garunaren garapena baita. Neurozientziaren arabera, garapenaren piramidearen oinarri-oinarrian behar emozionalak daude, beraz, haurrak bere gorputzean eta ingurukoekin eta ingurunearekin harremanetan nola sentitzen den probatzea eta ezagutzea garrantzitsua da. Ekin, sentitu eta pentsatu elkarrekin baitoaz.