EUSKARA ANIZTASUNEAN topaketa

2014-11-27

Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, Euskara aniztasunean topaketa egingo da abenduaren 12an Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean.

 
 
EUSKARA ANIZTASUNEAN topaketa

Badira hainbat urte Euskaltzaleen Topaguneak,  Mugimendu gisa, aniztasuna jorratzen dihardugula. Topaketarekin, egindako bidearen berri eman eta hausnarketa partekatu nahi dugu etorkizuneko lankidetzarako bideak zabaltzeko oinarri gisa.

Topaketen egiturari eta edukiei dagokionez, hausnarketa teorikotik abiatu eta harrera, harrera linguistikoa, hezkuntza eremua eta sentsibilizazioa lantzeko baliabide eta egitasmo zehatzak aurkeztuko dira. Topaketa amaitzeko, etorkizunari begira dauden erronkak eta aukera posibleak jorratuko dira, alorra lantzen duten hainbat aditurekin. Egitaraua eta izen-ematea webgune honetan bertan aurki daiteke.

Topaketa irekia eta doakoa da. Euskara eta aniztasunarekiko interesa duen oro gonbidatu nahi dugu, izan norbanako, euskalgintzako eragile, jatorri ezberdinetako elkarte, erakunde publikoetako teknikari edo arduradun politiko nahiz hezkuntza alorreko hezitzaile. Bidea partekatzearekin hasi nahi dugu, elkarrekin hausnartu eta elkarrekin bidea egiteko.

Antolakuntza lanak errazteko, izena eman behar da  topagunea.eus/aniztasuna webgunearen bitartez (doakoa da, epea: abenduak 10).