Edoskitzea: usteak erdia ustel?

2015-11-04

Badira edoskitzearen inguruan behin eta berriz errepikatzen diren esanak, eta zabaldutako uste bilakatu direnak. ‘Hazi Hezi’-k Carmen Ferro emaginari galdetu dio ea ‘mito’ horietako batzuek zer duten egiatik.

 
 
Edoskitzea: usteak erdia ustel?

Edoskitzearen inguruan hamaika baieztapen eta gomendio jaso ohi dituzte amek. Ustezko egia horiek izango dira maiz amaren iparrorratza, batik bat lehen haurra izatean. Horregatik, Hazi Hezi-k Villabonako osasun etxeko emagin Carmen Ferrori eskatu dio argitzeko ea mito horiek egiazkoak al diren, edo horretantxe, uste hutsean gelditzen al diren.

Haurdunaldian zehar emakume askok esan ohi dute “titia emango diot, ahal badut behintzat”.

Kontsultara etortzen zaizkidan emakumeei honako galdera egiten diet: zer asmo duzu zure haurraren elikaduraren inguruan? Elikadura motaren bat hobesten al duzu? Eta egia da askotan erantzuten didatela “titia eman nahi nioke, ahal badut behintzat”. Eta nire erantzuna izaten da: bai, ahal duzu; nahi baldin baduzu, segur aski ahal izango duzu. Orduan maiz ateratzen da bigarren kezka eta esaten dizute, “beno, arazorik sortzen ez bada behintzat”. Eta orduan erantzuna da: “Agian arazoak egongo dira, ezin dizut ziurtatu ez denik arazorik sortuko, baina arazo horientzat konponbideak ditugu”. Garrantzitsua da jakitea zailtasun horientzat soluzioak izan baditugula.

Emakume batek edoskitze artifiziala aukeratzen badu eta arazoren bat sortzen bada, ez du horregatik elikadura eredua aldatuko. Gauza bera edoskitze naturalarekin: arazoak sortzen badira, konpondu egingo ditugu elikadurarik onena ematen jarraitu ahal izateko.

Emaginak lagundu dezake arazo horiek konpontzen, baina oso komenigarria da haurdunalditik bertatik Edoskitze Taldeetara etortzea. Zailtasun askoren berri izango dute amek, baina baita konponbide askoren berri ere; gaiari dramatismoa kentzen laguntzen du. Etxean bakarrik gaudela arazo horiek gaindimentsionatzen ditugu, eta oso gauza arraroak gertatzen ari direla pentsatzen dugu. Baina, talde horietara etorri eta zure arazoa oso arrunta dela jabetzen zara, eta dena oso bide normaletik doala. Noski, bide horretan oztopoak egon daitezke, baina gainditu daitezke.

Haurdunalditik Edoskitze Taldeetan parte hartu duten emakumeek nekez esango dizute “titia emango diot, ahal badut”; izan ere, badakite arazoak egon daitezkeela, baina baita konpondu daitezkeela ere.

Amen artean ohiko kezka izaten da ea nahikoa esne ote duten, haurra gosez geldituko ote den. Esan ohi da “nahikoa pisu ez badu hartzen, hobe biberoira pasatzea”.

‘Nahikoa esne ote daukat?’, hori izaten da kezka eta beldurrik ohikoena, bai. Nik azaltzen diet bi esne-fabrika dituztela, eta zenbat eta gehiago estimulatu fabrika, alegia, zenbat eta hobeto zaindu langileak eta zenbat eta lan gehiago egin, orduan eta gehiago produzituko dutela.

Emakume batek ez badu esne asko sortzen, “bixkien efektua” delako metodoa erabil dezakegu. Umeari titia ematen ari garen bitartean, beste titian esnea ateratzeko tresna jarriko dugu, egun batzuetan zehar. Gorputzak ulertuko du esne gehiago sortu behar duela, lehen sortzen zuenaren bikoitza behar dugula, eta horrekin asko igoko da sortutako esne kantitatea. Alegia, esne gutxi badaukagu, gehiago estimulatu behar dugu; hori litzateke arazo zehatz horrentzako konponbidea. Arazo horren aurrean, beste aukera izan daiteke biberoira pasatzea... baina aukera txarra litzateke, bere elikaduraren kalitatea jaitsiko baikenuke. Pisu gutxi hartzen badu, eta, gainera, bere elikaduraren kalitatea jaisten badugu, erabaki txarra da.

Zenbaitetan, bizpahiru hilabeteren bueltan, haurrak denbora gutxiago pasatzen du titia hartzen; batzuk uste dute jada beraien esnea ez duela atsegin haurrak, txarra delako.

Amaren esnea da beretzat munduko elikagairik onena: espezie guztien artetik, giza-esnea da onena berarentzat; eta, giza-esne guztien artetik, bere amaren esnea. Titia hartzen denbora gutxiago pasatzen badu, hainbat arrazoi egon daitezke tarteko. Agian azkarrago hartzen ikasi du; oso makal elikatzen dira hasieran, eta zenbaitetan bi hilabeteren bueltan haurrak aldatu egiten dira eta oso azkar hartzen hasten dira. Umea ondo badago eta pisu egokia baldin badu, ez dago kezka-tzeko arrazoirik. Titia eskatu ahala ematea gomendatzen dugu, ez du inporta zenbat denbora pasatzen duen hartzen.

Haurra pisua galtzen ari bada, berriz, agian laguntza behar du. Soluzio egokiena litzateke geure burua estimulatzea esne gehiago sortzeko, besterik ez bada esnea ateratzeko tresna erabilita. Ondoren esne hori xiringa edo tubotxo baten bidez eman diezaiokegu umeari, adibidez. Modu horretan, haurrak esnerik onena hartzen jarraitu dezake ahalegin txikiagoa eginda. Gakoa da esnearen kalitatea ez jaistea; ez uztea edoskitze naturala alde batera, alegia.

Hori litzateke edoskitzean laguntzea; izan ere, esne artifizialdun biberoia ematea inoiz ez da izan laguntza edoskitzerako, guztiz kontrakoa baizik. Izan ere, gorputza ohartzen bada egun batean esne gutxiago, produkzio txikiago eskatu diogula, aurrerantzean gutxiago emango du. Prolaktinaren hormona inklinatuta bizi da: egun batean produkzio txikia eskatzen badiogu, hortik aurrera ez du joera horizontala izango, baizik eta inflexio-puntua egin eta beheranzko joera hartuko du, gero eta gutxiago produzituz. Edoskitze naturalaren amaieraren hasiera izan daiteke biberoi bat. Egun batean, lanetik etxera berandu iritsiko banaiz eta umea gose badago, emergentzia batean har dezake esne artifizilaren biberoi bat; baina, kasu horretan, etxera iristean galdetu egin beharko dut ea zenbateko biberoia hartu duen, eta tititik kantitate bera atera esnea ateratzeko tresnarekin, gorputzak ez dezan pentsatu produkzioa jaitsi behar duenik.

Ohikoa da pentsatzea emandaldi bakoitzean bi titietatik eman behar zaiola umeari; hau da, tartean behin titiz aldatu behar dela, orekatzeko.

Hori ere uste faltsua da. Umeari eman behar zaio nahieran, printzipioz ez dago zertan titiz aldatu. Titia askatu eta berriro heldu nahian hasten bada, beste zerbaiten bila balebil bezala... bada, zorionez badaukagu beste zerbait, eta horixe emango diogu: beste titia. Hasieran ateratzen den esnea urtsuagoa da eta egarria asetzen du batik bat, ez hainbeste gosea; ondoren datorren esneak gantz gehiago du. Zenbait haurri noizean behin ur trago bat hartzea gustatzen zaie, eta horregatik titiz aldatu nahi izaten dute, hasierako portzio urtsu hori edateko.

Egokia da bai titi bakarretik ematea bai titiz aldatzea, ez dauka garrantzirik.

Zabaldutako beste kezka bat: hilabete batzuen ostean komeni da edoskitzea uztea, bestela haurra oso dependientea izango delako.

Esne artifiziala ekoizten duen enpresaren bateko nagusiak asmatuko zuen hori. Arrazonamendu horren arabera, zergatik ez probokatu erditzea 7 hilabeterekin, amarentzat errazagoa izan dadin erditzea eta umea ez dadin hain dependientea izan? Ezin da horrela egin, gauza bakoitzak bere epeak behar ditu, hori da naturala. Esne artifizialaren zenbait ekoizlek sustatutako modaren arabera, nahikoa litzateke 3 hilabetez ematea titia. Baina ugaztunak gara eta 7 urte bitartean esnea oso garrantzitsua da guretzat. Ugaztun garen heinean, bizitzako lehen 6 hilabeteetan behar dugun elikagai bakarra esnea da; ezta ura ere ez genuke behar. 6 hilabete eta 2 urte bitartean, esnea oinarrizko elikagaia izango da, nahiz eta beste elikagaiak ere hartu. Eta, 2 urte eta 7 urte bitartean, oso garrantzitsua da umearen elikaduran, hazkunderako. Eta ez dut uste naturan inoiz imagina zitekeenik beste espezie baten esnea hartzen bukatuko genuenik... Epe horretan amaren esnea hartzeko gaude prestatuak.

Ama askok lanera itzuli behar izaten dute eta horrek ez du laguntzen edoskitzearekin jarraitzeko, baina, eragozpen bat izan arren, titia ematen jarraitu daiteke. Hori bai, beharrezkoa da planifikazioa. Amak nire kontsultara etortzen dira lanean hasi baino 10 egun lehenago eta egoera aztertzen dugu, bai umearen ingurukoa bai bere laneko egoeraren ingurukoa. Horren arabera, programa bat egiten dugu. Erreleboka lana egiten dutenentzat, gauez egiten dutenentzat... mota guztietako lanetarako aurkitu izan dugu konponbidea.

Edoskitzea uzteko eman ohi den beste arrazoi bat: umeak ohitu behar du ondoren edan beharko duen esne ‘arruntera’.

Amaren esnea da dagokiona, hori da berez beretzat arrunta lehen azaldutako epeetan. Eta, lakteoak hartuko dituen bezala, beste elikagai batzuk ere hasiko da hartzen denborak aurrera egin ahala, baina ez da beharrezkoa elikagai horietara egokitzeko eperik. Ez dago ondoren etorriko denerako prestatu beharrik, garaian garaikoa eman behar zaio.

Gainera, edoskitze naturalaren bidez elikaturiko umeak hobeto moldatzen dira bestelako likidoak edaterakoan, biberoia hartu dutenekin alderatuta: edoskitze naturalaren bidez elikaturiko ume bat gai da bospasei hilabeteren bueltan edalontzi batetik edateko; biberoia hartu duen 2 urteko haur batek, berriz, agian edalontzi berezia beharko du oraindik.

Alergiei dagokienez, zenbat eta denbora gehiagoz hartu amaren esnea eta zenbat eta beranduago sartu bere elikaduran behiaren esnearen proteina daramaten lakteoak, orduan eta aukera gutxiago alergiak garatzeko.

Mitoei aurre egiteko gomendioren bat emango zenuke?

Gauza bat nabarmendu nahi nuke: edoskitze naturala eskubide bat da, ez betebeharra; hori, hasteko eta behin. Zorionez, amarenaren ezaugarriak eman dizkioten behi-esneak egon badaude; batzuetan beharrezkoak dira eta eskerrak badauden.

Bestalde, azpimarratu nahi dut edoskitzea ekintza sexuala dela, erditzea bezalaxe. Prozesu sexualak dira, sexualitatearen fruitu. Eta, sexuala den guztia nabarmen hobetzen da guraria edo desioa baldin badago. Gauza bera gertatzen da edoskitzearekin.

Beraz, edoskitu nahi duten emakumeei komeni zaie motibatzea edo nolabait desio hori elikatzea, horrekin dena errazago joango baita. Horretarako lagungarria da Edoskitze Taldeetara etortzea eta titia ematen ari diren emakumeez inguratzea, horretarako desioa areagotzen baitu. Hori da bidea: informatu daitezela eta motibatu beraien buruak, titia emateko gogoa sustatzeko. Hein horretan, zaila da benetan titia eman nahi duen norbaitek ezin izatea; gutxitan gertatzen da halakorik.