Xabier Euzkitze: 'Eskola eta etxea'

2015-11-05

Ume-umetatik ikasketak euskaraz burutzeko zortea izan zuen lehen belaunaldiko kide naiz. Hala moduzko geletan lehenik, Loiolako basilikaren hegaletako batean ondoren, euskaraz hezi gintuzten. Egungo ikasgelekin eta irakasbidearekin alde handia nabaritzen dut begiak itxi eta gure ikasle garaiak oroitzen ditudalarik. Kaskarrekoren bat edo beste hartutakoak gara, eta ke asko irentsitakoak. Orain ulertezina dirudi, baina bai, zenbait irakaslek geletan erretzen zuten. Halere, irakaskuntza aurreratua eta modernoa eskaini zigutela iruditzen zait –ikastola zen orduan neskek eta mutilek elkarrekin ikasten zuten ikastetxe bakarra, esate baterako– eta inolako sektarismorik gabea.

 
 
Xabier Euzkitze: 'Eskola eta etxea'

Euskaraz ikasteko aukera ematen zuen eskola bakarra ere huraxe zen. Orain asko dira, eta gure seme-alaben etorrerak hautu bat egitera behartu gintuen. Ni ikastolakumea, emaztea ikastolakume izan ezaren damutan, oso kontuan hartzeko aukera zen, baina pisu handiagoa izan zuen Euskal Eskola Publikoaren betiko ametsak. Egiari zor, ez kezkarik gabe. Izan ere, pedagogiaz harago, zalantza bat sortzen zitzaigun nagusiki: zein herri ereduz hitz egingo diete gure seme-alabei? Bestalde, argi geneukan eskola publikoan ematen den jatorri, kultura, arraza, erlijio eta pentsamolde nahasketa oso aberasgarri gertatuko zela, baina zehar kalteren baten kezkatxoa bagenuen.

Urteak aurrera doaz, eta ibiliak saretu dizkigu zalantza eta arrangurak. Zarautzek nagusiki euskaldun izaten jarraitzen du, herriko kultura edo kirol mailako ereduak euskaldunak dira denak, eta hori funtsezkoa da ikasleen hizkuntza hautuan. Kanpotik etorririko zein bertako izanik ere euskaldun ez ziren sendietako seme-alabak euskara hutsean aritzen direa gureekin. Jenniferrekin –guardia zibil baten alaba benetakoaren izen asmatua– zein hizkuntzatan aritzen den galdetu nionean, harrituta erantzun zidan gure zaharrenak: “Aitta!!! Euskaraz!!!”

Gainerako oinarri pedagogikoez ziur egonik, erantzun hori aski berme bada zalantzak uxatzeko. Izan ere, herri eredua –edo erlijioari dagokiona, beste asko bezala– etxean bertan bidera edo finka daiteke ondoen. Daiteke... edo behar da. Pepe Mujikak, Uruguaiko presidente ohiak, irakaskuntzari buruzko gogoeta mamitsuak egin izan ditu. Hau, esate baterako. “Etxean ikasi behar da agurtzen, eskerrak ematen, garbia, zuzena eta onesta izaten, garaiz iristen, ongi hitz egiten, gordinkeriarik ez esaten, kide eta ez hain kide direnak errespetatzen, solidarioa izaten, ahoa itxita jaten, ez lapurtzen, gezurrik ez esaten, norbere eta besteen jabegoak zaintzen, txukuna izaten. Eta eskolan ikasi behar da: matematika, hizkuntza, zientziak, gizarte, ingelesa, geometria... eta gurasoek seme-alabei txertaturiko balioak indartzen. Oso zaila da letoiak urreak bezala dir-dir egin dezan lortzea”.