Jose Luis Mendoza: “Hezkuntza-komunitateari autonomia handiagoa eman nahi diogu; heldutasunez tratatu nahi dugu”

2015-11-13

Nafarroako Gobernua osatzen duten lau alderdien artean 38 hezkuntza-akordio adostuta ekin dio Mendozak Hezkuntza Departamendua zuzentzeari. Nahi besteko aurrekonturik ez izan arren, hamaika erronka ditu aurrean.

 
 
Jose Luis Mendoza: “Hezkuntza-komunitateari autonomia handiagoa eman nahi diogu; heldutasunez tratatu nahi dugu”

Irakaskuntzan 40 urteko esperientzia izanik sartu zara Gobernuan. Uztailaren 23an hartu zenuen kargua. Zer moduzkoa izan da hasiera?

Departamentua aldez aurretik ezagu-tzen nuen. Hori alde batetik, eta bertze aldetik, aurreko arduradunek egin ziguten transferentzia politikoki nahiko zuzena izan zen, moduetan formala. Dena dela, ikuspuntu eta helburu erabat ezberdinekin gatoz gu. Gauza bat da gobernu-aldaketa, baina gero egunerokoan aurrera jarraitu behar duzu. Are gehiago Hezkuntza Departamentuan, irailaren lehenengorako guztiak martxan egon behar baitu. Beraz, aurreko taldeko batzuk mantendu ditugu. Hau ez delako XIX. mendeko kontu bat, non gobernua aldatzen den bakoitzeko guztiak etxera joaten diren. Hala, bertzerik gabe, ikasturte berriari ekin genion normaltasun osoz. Orain, planifikazio bat eskuartean dugularik, gauzak egitea dagokigu.

Hiru hilabeteko epean kokatzeko tartea izan duzue, beraz. Hiru urte eta erdi dituzue aurretik. Zein dira, benetan, zuen erronkak legealdi honetarako?

Gobernu honetan, Nafarroan lehenengo aldiz, lau formazio politikoren arteko akordioa lortu dugu. Hezkun-tza arloan, 38 erronka konkretu eta hainbat printzipio adostu ditugu eta horiek markatzen dute gure norabidea. Erronka eta konpromiso bakoitzari egutegia jarri berri diogu, dena batera ezin baita egin. Laster aurkeztuko diegu alderdiei eta horren arabera ekingo diogu lanari. Baina hor dugu Damoklesen ezpata ere: aurrekontua, hain zuzen.

Aurrekontuen arabera eta ditugun konpromisoei jarraiki jardungo dugu. Esate baterako, ikastetxe berriak egiteko dugun konpromisoari heldurik, dagoeneko Sarrigurengo eraikinaren bigarren fasean sarturik gaude. Era berean, Buztintxurin ere eraikin berri bat egitera goaz. Hori dago akordioetan jasota eta hori betetzea da gure xedea.

38 akordio asko dira, ordea. Batzuetan jarri behar izaten da indarra. Zein azpimarratuko zenituzke?

Gure erronka nagusia hezkuntza publikoaren aldeko konpromisoa bete- tzea da. Ez dugu kontzertatua bazter-tzen, baina osagarri moduan ikusten dugu. Horren barruan, hezkuntza komunitatearen balioa eta rola aldatu nahi dugu. Autonomia handiagoa eman nahi diogu eta heldutasunez tratatu nahi dugu. Gure lehen egitekoetako bat eskoletako zuzendaritzak eraberritzea izango da. Orain arte, zenbait kasutan, bazirudien zuzendaritzak Departamentuaren enbaxada moduko bat zirela, hau da, Gobernuaren ordezkari. Hortaz, autonomia handiagoa emanaz, alde batetik, eskoletako hautaketa demokratizatu nahi dugu, eta bestetik, gure xedea da hezkuntza komunitate osoa murgil-tzea planifikazioan nahiz erabakietan. Hori esparru guztietan: bai ikastetxe mailan, bai herri mailan eta baita politika diseinatzerakoan ere.

Gero gobernu-erronka konkretuak datoz. Alde batetik, aurrez aipatu bezala, eraikinak oso inportanteak dira, krisia dela medio edo krisia dela aitzakia, nahiko zaharkituta baitaude batzuk. Horrekin batera, hezkuntzako langileek —irakasleek nahiz beste profesionalek— errekonozimendu publikoa izatea lortu nahi dugu. Horrek badu alde ekonomikoa, 2012ko murrizketak indarrean daudelako soldatei, ratioei, irakasleen ordutegiei… dagokienez. Horri ere heldu nahi diogu, konpromisoetan jasota baitago eta gure lehentasunetako bat baita. Aurrekontua arazoa izan arren, erronka horiek ezin dira egun batetik bestera lortu. Legegintzaldi osoa daukagu horretarako.

Autonomia diozunean, zentralizaziotik deszentralizaziora jotzeaz ari zara?

Nik irakasle moduan ikusi dut zer-nolako murrizketak egon diren ikastetxeen autonomian. Iruditzen zait aurreko Gobernuak oso konfiantza eskasa zuela hezkuntza komunitatearengan. Are gehiago irakasleengan, eta zer esanik ez D ereduko irakasleengan. Horri buelta eman nahi diogu.

Hezkuntza komunitatearengan konfiantza izatea aipatzen duzu.

Gobernu honetan ez dut uste ahalguztidunak gaudenik, pertsonak gara eta akatsak izango ditugu. Baina uste dut merezi duela askatasunez jokatzea eta konfiantza izatea bai gure taldean, bai hezkuntza komunitatean, helduak garelako guztiok ere.

PAI Ingelesa Ikasteko Programa dela-eta dezenteko zurrunbiloa sortu da. Zuek Gobernura iristerako aurtengo ikasturtea zehaztuta zegoenez, bere horretan jarraituko du. Baina datorren ikasturtetik aurrera zein da zuen asmoa?

2015-1016 ikasturtea 2015eko otsa-ilean hasten da matrikulazioarekin, eta ia-ia 2015eko ekainean ixten da izendapenekin. Beraz, horretan eskua sartzea delirio bat izango zatekeen, hankaz gora jarriko baikenukeen hezkuntza-sistema osoa. Baina PAIren kontua ere akordioetan sartuta daukagu eta Gobernura iritsi bezain pronto heldu genion gaiari. Gure lehen egitekoa PAIren ebaluazioa egitea izango da eta horretan ari gara.

Zer ari zarete aztertzen PAIren ebaluazioan?

Edozein hezkuntza-programa martxan jartzeko, lehenik eta behin gogoeta bat behar da. Ondoren gogoeta hori paperean islatu behar da; gero esperimentalki jarri behar da hainbat zentrotan, eta horren ebaluazioa egin. Azkenik, emaitzak positiboak badira, dagoen eskariaren arabera edota hobetutako plangintza baten arabera, orokortu behar da programa. PAIren ibilbideari erreparatuz gero, kontura- tzen zara bat-batean martxan jarritako proiektua dela, baina ez duela inolako euskarririk. Soilik foru agindu bat dago, ikastetxe batek PAI ezartzeko zein baldintza bete behar dituen zehazten duena. Oinarririk ez duenez, ondorioa izan da ikastetxe bakoitzak bere PAI propioa duela.

Kezka bat badugu: PAIren kasuan nola bermatzen dute irakasleek ingelesaren ezagutza? Ez da gauza bera ingelesean murgiltzea Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan edota Haur Hezkuntzan, eta horretan sekulako inprobisazioa egon da. Orain PAI programari zein irtenbide eman aztertzen ari gara, baina ez soilik horri, baizik eta orokorrean ingelesa hezkuntzan txertatzeari. Adibidez, EAEn duten hirueleko eredua ari gara aztertzen. Beti dago ongi inguruan zertan ari diren ikustea. Horrek ez du esan nahi guk hori ezarriko dugunik, baina hainbat esperientzia ezagutu nahi ditugu gure hezkuntza-sisteman ingelera integratzeko eredu on bat egituratzeko.

Edozein kasutan, ikasle eleaniztunak sortzea duzue xede.

Bai, baina horretarako ez dugu behar PAI bezalako programarik. Egiteko horretan guri bereziki interesatzen zaigu euskarak zer-nolako tokia izango duen aztertzea. Izan ere, PAIa, Nafarroako presidente ohiak aitortu zuen moduan, euskarari muga jartzeko sustatutako zerbait izan da.

Aurreko legealdiaren amaieran onartu zen Euskararen Legearen araberako Eremu Ez Euskaldunean D eredua eskaintzea. Horretan ari zarete?

Bai. Aurreko legegintzalditik indarrean dago Nafarroako edozein tokitan D ereduan ikasteko aukera. Baina beti daude konpondu beharreko albo-ondorioak. Esaterako, gaztelaniako irakasleekin zer egin. Aurten Abar- tzuzako eskolan hasi gara D ereduarekin. Han ez dugu arazo hori izan. Bi irakasle zeuden, bat eskolak euskaraz emateko gaitasuna zuena eta bestea ez. Baina beste hori aurten jubilatzen zen, eta beraz, plaza hori euskarazko profilarekin aterata konpondu dugu auzia. Orain Zudairekoa daukagu zintzilik.

Datorren ikasturterako, berriz, matrikula epean edonor euskaraz edo gaztelaniaz matrikulatu ahalko da Nafarroako edozein tokitan. Izan ere, inork ez du ulertzen euskaraz ikasteko eskubidea lurraldeari lotua izatea eta ez pertsonari. Baina hori, jada, aurreko legegintzaldian konpondu zen. Egin zen aldaketa nahikoa da Nafarroako edozein tokitan D eredua jartzeko.

Kasu horretan muga ratioan egongo da, ezta?

Bai, baina gaztelaniarako ere bai. Toki batean modurik ez bada, eskualdeko eskola edo institutuetan egongo da. Kasu horietan oso inportantea izango da D ereduko ikasleei ere garraiorako eta jantokirako eskubidea bermatzea, orain arte ez bezala.

Uneotan euskaraz ikasteko kilometroak egin behar dituztenek badute garraioa eta jangela ordaintzeko laguntzarik?

Ikasturte honetan horrek iaz bezala jarraitzen du. Baina datorren ikasturterako Nafarroa osoan guztia normalizatua egongo da. Hau ez da pribilegio kontua, eskubide kontua baizik.

D eredua zabaltzeko erronka horretan Euskararen Legea ez aldatzeak ez du eraginik izango?

Ez. Kontu hori nahiko ongi aztertuta daukat, hainbat urtez Euskara Kultur Elkargoko lehendakari izan bainaiz. Duela ia 10 urte ari ginen esaten, legea oso gutxi dagoenez garatuta, modifikaziorik gabe ere, borondate politikoa izanez gero, posible zela legalki Nafarroako edozein tokitan D ereduan ikastea.

Orain artean ikastolek bete dute paper hori. Aurrerantzea zer izango da?

Ikastolek, euskarari dagokionez, egin dute Gobernuak egin nahi ez zuen lana. Gure Gobernuko akordioan espreski dago jasota Ikastolaren lanaren goraipamen eta errekonozimendu hori. Hori hala, ikastolek hezkuntza kontzertatuaren parte izaten jarraitzen dute eta ez dago bestelako ez eskaera ez asmorik.

LOMCE egosia jaso duzue. Adibidez, DBH eta Batxilergoko curriculumen dekretuak aurreko Gobernuak onartu zituen. Aurten, beraz, aurretik zetorrenari jarraitu diozue. LOMCEren ezarpena zein ondorio ari da izaten ikasturte honetan?

Gu iristerako martxan zegoen dena. Aurreko Gobernua ia-ia aitzindari ere izan zen zenbait gauza simulatzerako orduan. Sartu garenetik ikasturte hasierara ezin izan dugu ezta curriculumik aldatu ere egin. Lehen esan dudan moduan, gainera, ezin duzu hona iritsi eta dena hankaz gora jartzen hasi. Baina gu ikasturte honetan ere LOMCEk ahalik eta eraginik txikiena izan dezan lan egiten saiatuko gara.

Adibidez, LOMCEren arabera, aurten LHko 3. eta 6. mailako azterketak egitea tokatuko da. Azterketa horiek egingo dituzue?

Aurten segur aski egingo ditugu, baina gure erara moldatuta. Legea bortxatu gabe nahi duguna nola egin eta nahi ez duguna nola ez egin ikasten ari gara. Gauzak apurtzea erraza da, baina bide horretatik normalki ez da ezertxo ere lortzen.

Espainiako hauteskundeetan zer gertatuko zain zaudete?

Bai. Ikusteko dago nola osatzen den Espainiako Gobernu berria. Nik uste dut Nafarroan egin dugun antzera, Madrilen ere LOMCE ezabatzeko edo geldiarazteko akordio sendo bat lortu behar genukeela. Hauteskundeen zain egongo gara, gero tarte bat izan behar genuke lege berri bat egiteko. Gure nahia litzateke gutxienez belaunaldi oso bat iraungo duen lege sendo bat egitea.

Hezkuntza akordio sendoaren aldekoa zara. Nafarroan horrelako aukerarik egon daitekeela ikusten duzu?

Gaur egun ez. Sekulako zatiketa daukagu Nafarroan eta akordio sendoa lortzeko pedagogia handia dago egin beharra, ez soilik hezkun-tzaren arloan, baita elkarbizitzaren arloan ere. Dena den, Gobernu honen oinarrizko filosofia da ahalik eta adostasunik handiena lortzea. Eta nik esango nuke dagoeneko pedagogia horrekin ari garela funtzionatzen. Etekinak? Luzera ikusiko ditugu, akaso.

Zer-nolako inportantzia ematen diozue irakasleen formakuntzari?

Hori oinarrizkoa da. Hasierako formazioari dagokionez, zorionez Unibertsitatearekin harremanetan gaude ikusteko eta ikusarazteko zeintzuk diren formazio betebeharrak. Esaterako, PAI jartzeko asmoa izanik, nik ez dakit zergatik aurreko Gobernuak ez zuen eskatu Unibertsitate Publikoan irakasleak eskolak ingelesez emateko prestatzea. Hori hasierako prestakuntzari dagokionez; etengabeko prestakuntzari dagokionez, berriz, guk, adibidez, medikuntza dugu eredu, haiek uneoro prestatzen baitaude. Uneotan, aipatzekoa da, hainbat kasutan irakasle bakoitzak bere aldetik egiten duela prestakun-tza, lanorduetatik kanpo; baina ikastetxe barruan ere egiten dira. Gainera, gobernuetatik ere programak aldatzen joaten direnez, formakuntza handiagoa behar dugu. Baina nik uste dut formazio hori irakasleen lanorduetan txertatu behar litzatekeela.

Lanbide Heziketa, LOMCE tarteko, bigarren mailako ikasketa bilakatu dela kexu dira asko.

Apurtu egin behar dugu LOMCEk dakarren eredua. Orain dela gutxira arte oso preziatua zen Nafarroan Lanbide Heziketa. LOMCErekin, berriz, sailkapen oso goiztiarra egiten da eta Lanbide Heziketara bidera-tzen dira bestean aurrera egin ezin dutenak. Badirudi Lanbide Heziketa bigarren mailako formazioa dela eta guk horri buelta eman nahi diogu. Gu jada hasi gara neurriak hartzen formazio aldetik eta prestigio sozial aldetik atzera ere Lanbide Heziketari balioa emateko.

Nafarroan haur-eskolek ere lan handia egiten dute, baina horiek printzipioz udalen eskumenekoak dira.

0-3 artekoak udalen eskuetan daude. Akordioan jaso bezala, pentsatzen dugu haur-eskolak hezitzailea izan behar duela eta ezin dela soilik, lehen bezala, gizarte zerbitzuen arloaren baitan utzi. Iruditzen zaigu haur-eskolek heziketa funtzioa nahiz funtzio soziala betetzen dutela eta hori inportantea da. Izan ere, edozein psikologiako zein pedagogiako teoriak esaten du 0-3 adin tarteak zer-nolako garrantzia duen haurraren garapen osasuntsurako.

Zer moduzko harremanak dituzue Nafarroako hezkuntza-eragileekin?

Abuztua erabili genuen kontaktuak egin eta lehendabiziko harremanak izateko. Bestalde, hilero bilera bat izaten dugu elkarteekin. Sindikatuekin ere, banan-banan elkartu gara eta nahi dutenean eska dezakete Departamentuko edozeinekin egoteko bilera. Harremanak nahiko errazak direla esan dezakegu. Horrek ez du esan nahi gauza guztietan ados gaudenik. Hezkuntzako-mahaiak, normalki, erreibindikatiboak izan ohi dira. Baina nik gehiago ere eskatu nien: ahol-kuak ematea eta iradokizunak egitea hezkuntzarekin loturiko edozein arlotan. Paper inportantea jokatzen duen beste eragile bat Hezkuntza Kontseilua da. Rol eragileagoa joka-tzea sustatu nahi dugu.

Zer ibilbide egin daiteke Nafarroan hezkuntza erdigunean jartzeko?

Horretarako jendearen pentsamoldea aldatu behar dugu. Gaur egun eredu Messi eta antzeko futbolari eta izarrak dira, bide errazetik dirua metatu eta arrakasta lortzen dutenak. Beraz, pentsatzeko eta bizitzeko modua aldatzen ez dugun artean, berdin da zein lege egiten dugun, baina ez dugu hezkuntza erdigunean jartzerik lortuko. Eta ikuspegi aldaketa gerta dadin belaunaldi bat baino gehiagoko lana beharko da. Eta ez da soilik hezkuntzaren arloan jardunaz aldatuko hori, baizik eta esparru ezberdinetatik ekin beharko diogu. Nik askotan errepikatu ohi dut, Afrikan erabiltzen duten esaldi bat: “Haur bat hezteko tribu osoa behar dugu”.