KATTY HOMAR: “Haur batentzat bizitzea jolastea da, dituen beldurrekin eta munduarekin jolas egitea; horrek bere burua nahiz ingurua ulertzeko balio dio”
Magaleko jolasen inguruko hitzaldia eman zuen Homarrek Luzarok udazkenero antolatzen dituen jardunaldietan. Haren ustez, magaleko jolasek haurrari berraseguratzeko prozesua egiten laguntzen diote, hau da, bizitzako ezintasunen aurrean ziurtasuna bilatzen.
“Jolasa kontu serioa da”, hala dio eman berri duzun hitzaldiaren izenburuak eta baita Balear Uharteetako hainbat haur-eskoletan oinarrituz egin duzuen ikerketak ere.
Haur batentzat jatea, edatea edota lo egitea bezain inportantea da jolastea, eta hori hala dela ulertarazi behar diogu gizarteari. Haurrak jolasaren bidez ikasten du. Jolas egiteaz gainera, jolasarekin disfrutatu egin behar du haurrak. Guretzat haur-eskolako jarduna jolasean oinarritzen da eta jolasik egiten ez duen umeak asko kezkatzen gaitu.
Sophie Marinopoulosek dioen bezala, haur batentzat bizitzea jolastea da, dituen beldurrekin jolastea eta munduarekin jolas egitea. Horrek bere burua nahiz ingurua ulertzeko balio dio, eta etorkizuna itxaropenarekin proiektatzeko, baita bere geroa irudikatzeko eta ikasteko ere.
Ez zaio behar besteko baliorik ematen jolasari?
Nire ustez ez. Jolasa kontu serioa dela ikusarazi behar dugula diot, hezitzaile asko ez delako behar beste baloratuta sentitzen. Badirudi haurrak jolasera bakarrik doazela haur-eskolara, hori gutxi balitz bezala, eta hezitzaileek ez dutela ezer egiten. Apur bat ikertuz gero, ordea, konturatzen gara haurtzaroak eta jolasak pertsonaren garapenerako duen garrantziaz. Horrexegatik iruditzen zait haurtzaroaren premiei erantzuteko ez direla soilik hezkuntza arloko politikak behar, baizik eta politika orokorrak behar direla gizarteko arlo guztiei eragingo dietenak. Haurtzaroan inbertitzea presazko auzia da. Are gehiago kontuan izanik gaur egungo umeen premiak aldatu egin direla.
Zein zentzutan aldatu dira gaurko haurren premiak?
Gizartea bera eta gizarte horretako pertsonen beharrak aldatu diren heinean aldatu dira umeenak ere. Adibidez, aurreko batean ume bati liburu bat eman genion eta pantaila bat izango balitz bezala hasi zen harekin jolasean. Oraingo haurrak mundu erabat digitalean jaio dira, asko libururik gabeko inguruetan. Hori ez da txarragoa edo hobea, baina bai diferentea. Izan ere, lehen haurrek gauzak eskuetan hartzen zituzten eta kolpeak emanaz probatzen edo esperimentatzen zuten haiekin. Orain haurrei ez zaie bururatzen mugikorrak, tabletak edo bestelako makinatxoak hartu eta kolpeak ematea, inguruak ez baitie uzten.
Baina, era berean, konturatzen gara haurrak adin horretan esperimentatzeko eta ikertzeko lehen adinako beharra duela, eta dena hain digitala izatean, kezka sortzen zaigu haurrari esperimentaziorako espaziorik uzten ote diogun. Gauza askotan aurrera egin dugu, baina beste batzuetan… Irudipena dut gauza guztiak sinplifikatuta ematen dizkiegula umeei, eta horrek ez die inolako mesederik egiten.
Esperimentazioa eta ikerketa jolasarekin lotzen duzue?
Umeak haur-eskolan egiten duen guztia lotzen dugu jolasarekin. Haurraren jolasa helduak umeari ematen dion ezinbesteko lehen sostengu horretan hasten da. Jolasaren oinarria helduaren eta haurraren arteko lehen harreman hori da. [Donald] Winnicott-ek zioen bezala, haurra bera bakarrik ezin da existitu. Izan ere, haurra heldugabe jaiotzen da eta, beraz, sorreratik haurrak babesa emango dion euskarri bat behar du. Hasieran, premia horiek elikadura, higienea, loa… bezalako behar fisikoekin bermatzen dira, baina horrekin batera haurrak afektua behar du. Umea ezin da hazi bere inguruneak behar fisiko horiek afektuarekin uztartzen ez baditu. Helduaren eta haurraren arteko hartu-eman horretan jartzen dira esperimentazioaren eta ikerketaren zimenduak, eta horrekin batera, baita jolasarenak ere.
Garapenean aurrera egin ahala, haurraren jolasa ere eboluzionatuz joaten da?
Bere kabuz sostengatzen doan heinean, bere kasa jolasean hasten da haurra. Lehenik bere gorputzarekin jolasten du —esan gabe doa haurra helduaren besoetan ez badago, hobekien lurrean dagoela, jolasean—. Pixkanaka, eskuak, oinak, ahoa… bere gorputzaren parte direla jabetzen da, eta gauzak ahora eramaten hasten da, edota ahoaren mugimenduekin jolasten, haurrak lehenik ahoarekin jolasten baitu. Horren ondotik, erritmoarekin eta errepikapenarekin zerikusia duten jolasak hasten dira agertzen, eta hor helduaren figura sartzen da jokoan.
Erritmoarekin eta errepikapenarekin lotzen dira magaleko jolasak? Balear Uharteetan egin duzuen ikerketaren funtsa horixe izan da.
Bai, halaxe da. Magaleko jolasetan poesia, musika eta gorputzaren mugimendua uztartzen dira. Helduaren eta haurraren arteko afektuzko harremana sartzen da jokoan. Ohiko magaleko jolasetan haurrari harreman-egitura bat proposatzen zaio. Helduaren altzoan dagoen bitartean, umeari abestia kantatzen zaio eta horrekin batera zenbait mugimendu eginarazten zaizkio, behin eta berriz. Errepikatzearen poderioz, haurrak mugimenduak testuari eta melodiari lotzen ikasten du.
Horrek guztiak haurrari beldurrak gainditzen laguntzen dio. Izan ere, haurtzaroa ez da beti gozoa, eta sarri haurrek larritasuna sentitzen dute, euren burua etengabe aldatzen ari den ingurune batera egokitu behar dutelako eta ezagutzen duten hori baztertu behar dutelako ezezaguna den horretarantz joateko. Testuinguru horretan, magaleko jolasek, haurrari berraseguratzeko prozesua egiten laguntzen diote, hau da, jolasaren bidez, bizitzako ezintasunen aurrean ziurtasuna bilatzen.
[Bernard] Aucouturierrek zioen moduan, berraseguratze sakona ahalbidetzen duten jolasek larritasunaren aurrean ziurtasuna sentitzen laguntzen diote haurrari eta jolas horiek unibertsalak dira. Haurrak 6-8 hilabete dituenetik hasi eta 2-3 urte dituenera arte egiten dira. Beldur horiek, gehienean, erreferentziazko heldua galtzearekin dute zerikusia. Baina heldua jolasean inplikatzen bada, haurrari berraseguratzeko prozesua egoki bizitzen du.
Zein motatako magaleko jolasez ari zara?
Kultura guztietan ditugu magaleko jolasak. Adibidez, leku batean zein bestean egiten den jolasetariko bat da heldua eta haurra —edota haien aurpegiak— elkarrengandik urrundu eta atzera ere gerturatzea. Helduak haurra bere magalean hartzen du begietara begira, bere eskuekin haren burua eta bizkarra sostengatuz. Atzera eta aurrera, abestiaren erritmoan bien gorputzak kulunkatuz hasten da jolasa. Pixkanaka, haurraren konfiantza eta segurtasuna handitu egiten dira, eta, era berean, abiadura bizkortzen du eta helduarekiko distantzia zabaltzen. Hala, sostengurako gero eta behar txikiagoa du: hasieran bizkarretik, gero besoetatik, eta azkenik eskuetatik helduta edo heldu ere egin gabe. Amaieran, helduak kilimak egiten dizkio haurrari edota haurrak salto egin eta korrika ihes egiten du helduaren magaletik. Jolas hau harrapatzeketa jolasa bilakatuko da denborarekin.
Haurrak helduarengandik bereizteko baimena duela sinbolizatzen du jolas horrek. Umeak alde egiten du, baina aldi berean, helduarekin geratu nahi duela ikusten dugu, eta horregatik itzuli egiten da. Bereizketa hori egoki gerta dadin, helduak haurrari lagun egin behar dio, eutsi egin behar dio eta ekiteko baimena eman behar dio. Eta, aldi berean, emozioak eta sentipenak bere kabuz bizitzea ahalbidetu behar dio. Berraseguratzeko prozesu oso bat egiten da jolas honen bidez.
Zein bilakaera izaten dute magaleko jolas horiek?
Apur bat geroago, haurra bere gorputz-atalez jabetzen hasten denean eta ispiluan begiratzen, eskuen, oinen, gorputzaren… inguruko magaleko jolasak agertzen dira. Abesti horiek zentzu handiagoa izan ohi dute haurrarentzat. Adibidez, abestiren batean esaten da haurrak gorputz atal bat galduko duela eta umeari zirrara eragiten dio horrek, baina helduaren altzoan badaki hori ez dela inoiz gertatuko, babestuta sentitzen delako. Aro honetan abestiek zentzua izateaz gainera, komunikazioaren eta hizkuntzaren garapenean laguntzea dute xede. Gainera, kultura transmititzeko bitarteko dira. Baina, magaleko jolasak inondik inora ere ez dira buruz ikasi beharreko partitura eta hitzak, baizik eta jolas bakoitza haurraren eta helduaren elkarrekintzaren bitartez eraikitzen den zerbait da. Biren arteko jolasa denez, bi aldeak inplikatzea eskatzen dute magaleko jolasek.
Magaleko jolasek haurra kulturan txertatzen dutela aipatu duzu. Gaur egungo haur-eskoletan, baina, kultura askotako haurrak daude.
Bai hala da. Eta zinez uste dut gurasoei euren herrialdeetako magaleko jolasak erakusteko eskatu behar diegula. Gero, horiek ere umeekin haur-eskoletan egiteko. Edonola ere, hainbat magaleko jolas erabat unibertsalak dira eta oso antzekoak batean eta bestean.
Gorputzak protagonismo handia hartzen du jolas horietan.
Magaleko jolasak gorputzarekin jolasten dira. Haurraren gorputza heldu bat baino gehiagoren (gurasoak, hezitzailea, aiton-amonak…) gorpu-tzarekin dago kontaktuan, eta magaleko jolasa egiten duten figura horiekin guztiekin elkarrizketa tonikoa sortzen da. [Julian de] Ajuriaguerrak elkarrizketa tonikoa berraseguratzeko prozesu gisa definitzen zuen, eta batez ere, bi gorputzen elkarrekiko egokitze gisa. Magaleko jolasek helduaren eta haurraren arteko elkarrekintza sustatzen dute, eta elkarrizketa hori batez ere gorputzezkoa da. Eta horrek guztiak haurrari plazera eragiten dio.
Zer-nolako garrantzia du haurrak sentitzen duen plazer horrek?
Ez naiz soilik haurraren plazeraz ari, helduaren eta haurraren artean partekatzen den plazeraz baizik. Haurrari plazer hori bizitzeak bestearengandik desberdin sentitzen laguntzen dio, norbera izaten.
Baina jolasean parte hartzen ari diren biek plazera sentitzen ez badute, hobe da jolas hori ez egitea. Hezitzaileak haur batekin magaleko jolasa egiten badu ordutegian jarria dagoelako eta hori tokatzen zaiolako, ez du merezi. Hobe da denbora hori haurrak berak bakarrik nola jolasten duen behatzen igarotzea.
Gorputzaren protagonismoaz eta plazer partekatuaz gain, zein beste ezaugarri dituzte magaleko jolasek?
Horietaz gain, magaleko jolasek melodia bat izaten dute. Oso sinplea izan ohi da, sarri bi notarekin soilik osatua. Hala, haurrek hasieratik zuzenean parte hartu dezakete jolasean. Melodiak memorizazioa eta ikaskuntza errazten ditu, eta erritmoak nahiz errepikapenak haurrari berrasegura-tzen laguntzen diote.
Magaleko jolasetarako abestiek testu bat ere izan ohi dute. Hasiera batean, letrek ez dute garrantzi handirik. Sarri, esanahirik ere ez dute izaten. Garrantzitsuena da abesten duenaren eta entzuten duenaren artean sortzen den egiturazko erlazioa. Ikusmenaren zentzumena baino lehen, haurrek entzumenaren zentzua garatzen dute. Era berean, hitzen intonazioa ere lehenago ulertzen dute esanahia baino. Eta hori oso kontuan izan behar dugu jolasean ari garenean.
Zein da jolas mota horien atzean dagoen balioa?
Helduengandik banatzen laguntzen diete magaleko-jolas horiek. Haurrak alde egiten du helduaren altzotik, baina, era berean, helduak atzetik jarrai diezaion nahi du. Beraz, umea helduarengandik bereizten da, baina aldi berean helduarekin egon nahi du.
Adibidez, kukukako jolasean hasterako haurra kontziente da helduarengandik bereizten ari dela. Baina, aldi berean, atxikimenduzko heldu horiek galtzeak beldurra ematen dio, estuasuna eragiten. Larritasun hori sortzen da haurrak ez dakienean zer gertatzen zaion. Eta nola gainditzen du beldur hori? Bide bakarra bere erreferentziazko heldua irudikatzeko gai izatea da. Haurrak bere aurpegia eskuekin estaltzen duenean, berak ezer ikusten ez badu, uste du heldua ez dagoela hor. Horrexegatik, batzuetan haurrak tranpak egiten ditu eta ez ditu begiak ixten. Baina hori oso garrantzitsua da. Izan ere, begiak ixten baditu heldua bistatik galtzen du. Eta heldu hori gogoratzeko nahikoa irudi ez baditu barneratuta, heldu hori berarentzat jada ez dago hor. Eta heldua desagertu bada, zer gertatzen zaio berari? Bera ere desagertu da? Horrexegatik, heldua ikusi behar du, ezinbestean, nahiz eta zatitxoka izan, gero heldu hori berreraikitzeko. Gerora, jolas horrek eboluzionatu egiten du eta haurra tela gardenak edo erdi-gardenak erabiltzen hasten da ezkutatzeko, baina segituan ken-tzen ditu telak eta helduaren begirada bilatzen du. Eta denborarekin jolas hori ezkutaketako jolasa bilakatzen da. Ezkutatzearen eta aurkitzearen plazera sartzen da hor jokoan.
Helduak zein rol jokatzen du testuinguru horretan?
Helduaren egitekoa da haurraren parte-hartzea bultzatzea, helduak haurrari “eginarazten” dizkion ekintzak, elkarrekintza bihur daitezen. Helduak eta haurrak batera parte hartzen dute magaleko jolasetan, erritmoaren eta armoniaren bitartez. Haurraren eta helduaren artean eraikitzen diren harreman horietan heldua zein haurra jolasteko prest egon behar dira, besteari entzun behar diote, jolasean txandakatzen eta elkarrekin aritzen jakin behar dute, eta hori guztia plazerarengatik. Gainera, helduari alaitasunez jardutea eskatzen zaio, eta beste ezeren gainetik, pazientzia izatea, bereziki haurrak jolasa behin eta berriz errepikatzeko eskatzen duenean.
Baina eskakizunak ez zaizkio helduari bakarrik egiten, baita haurrari ere. Haurrari arreta jartzeko, erritmora egokitzeko, eta haur-eskoletan, ume asko daudenez, bere txanda itxaroteko eskatzen zaio. Hala, helduaren eta haurraren artean benetako elkarrizketa sortzen da, eta elkarrizketa horixe izango da elkarren arteko hartu-emanean errespeturako oinarria.
Ikusten dugun moduan, gorputza da magaleko jolas hauen oinarri. Sarri, ordea, txikitatik haurrei ekintza mentalagoak eginarazten saiatzen gara. Baina 0-3 adin tartean haurrek gorputzarekin jolastu behar dute, horixe izango baita helduarengandik banatzea eta autonomia lortzea ahalbidetuko diena.
Hain zuzen ere, haur-eskolari eskatzen zaion gauzetako bat haurraren autonomia sustatzea da.
Bai, hala da. Eta horrexegatik haur-eskolan, sarri, haurrei gauzak euren kaxa eginarazten dizkiegu, hori delakoan autonomia. Baina Vicenç Arnaizek esan ohi duen moduan, gauza bat da haurrak helduaren ondotik alde egitea, eta beste bat, haurra bakarrik uztea. Nahi gabeko autonomiak izen bat du: bakardadea. Haurrak nahi duelako eskuratuz doan autonomia, berriz, konkista bat da, lorpen bat, garaipen bat.
Hezitzaileak, edozein kasutan, bere rola du.
Helduaz eta bereziki hezitzaileez ari garenean, autoritate egituratzaileaz hitz egiten dugu guk. Horrek esan nahi du “ez” esaten jakitea. Noiz? Haurrak min har dezakeenean edota beste norbaiti mina eman diezaiokeenean. Batzuetan “ez” hitzak, “hemen ez” esan nahi du, baina akaso beste leku batean bai; edo “orain ez, baina beharbada gero bai”. Elkarbizitza batean pertsona bakoitzak bere tokia du eta haurrak ere taldean bizi behar badu ezin du sudur puntan jartzen zaion guztia egin, aldamenekoa errespetatu behar duelako.
Jolasaren bidez taldeko partaide izatearen zentzua ere lantzen duzue, hortaz.
Azken batean, haur bat ispiluan bere sudurra ukitzetik beste haur baten sudurra ukitzera igarotzen denean, umeen arteko harremana hasten da sortzen. Beraz, gure ustez gakoa da haurrak indibiduo gisa hartzea, baina ez era isolatuan, baizik eta talde bateko partaide direla kontuan izanik. Horrek, funtsean, gizartean ondo sentitzearekin du zerikusia, etxean, eskolan, lagun-taldean, herrian… toki bat edukitzearekin.