Bi urterekin eskolara. Azkarregi da?
Fenomeno soziologikoa den heinean, bi urteko haurren eskolatze goiztiarrak gogoeta merezi duela uste du Xabier Tapia psikologoak; ez eskolatzea bera zalantzan jartzeko, baizik eta bi urteko haurraren premiak errespetatu nahi badira, eskolak, instituzio bezala, zein baldintza bete beharko lituzkeen hausnartzeko: “Bi urtetik hirura ez dut uste ikasteko garaia denik —ikastea zentzu pedagogikoan ulertuta—”.
Orain dela 20 urte inork gutxik pentsatuko zukeen bi urteko umeak eskolatu egingo zirenik. Hiru urtekoak ere artean ume ikusten ziren eskolara bidaltzeko, bada, zer esanik ez bi urtekoak. Irakasleak, pedagogoak, psikologoak, gurasoak… guztiak bat zetozen: eskolan hasteko gutxienez hiru urte edukitzea hobesten zuten. Haurtzaindegiena beste mundu bat zen. Hitzak berak ondo adierazten duen moduan, haurrak zaintzea —kontzeptua modu zabalean ulertuta— zen haien egitekoa; eskola, aldiz, irakasteko zegoen. Argi bereizten ziren bi zikloak: alde batetik 0-3, eta bestetik, 3-6.
Denbora gutxian asko aldatu dira kontuak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bederen, bi urteko ume gehienak eskolatzen dira. Salbuespenak badiren arren, 2014an bi urteko umeen % 95 zeuden eskolatuak. Nafarroan eta Iparraldean bestelakoa da errealitatea, hiru urterekin hasten baitute horietan, oro har, eskola. Zer diferentzia dago, ordea, eskola bi urterekin edo hirurekin hastearen artean? Eta zein diferentzia dago umea haur-eskolara —nahiz haurtzaindegira— edota eskolara eramatearen artean?
Ingurune askotan, oso modu positiboan baloratu da bi urterekin hastea eskolan, zenbat eta lehenago sartu heziketaren munduan, orduan eta hobe balitz bezala. Askok uste izan du, behin umea etxetik ateratzen hasita, ahalik eta kalitate goreneko hezkuntza eskaintzea izango zela onena. Eta, horretarako, haurtzaindegira edo haur-eskolara eraman beharrean, gizartetik eskolara eramateko mezua igortzen bada, eta horretarako bideak zabaltzen badira, zergatik ez eskolatu? Eta halaxe egiten da. Arazoaren muina, ordea, ez da eskolatu, bai edo ez, baizik eta zein baldintzatan eskolatzen diren bi urteko haur horiek.
Aldaketa handia iruditzen zaio Xabier Tapia psikologo klinikoari hiru urterekin eskolaratzetik bi urterekin eskolatzera pasatzea. Gaur egun gizartean errealitate ukaezina dela dio, baina fenomeno soziologikoa den heinean, gutxieneko gogoeta bat merezi duela. “Urte gutxian erabat aldatu da errealitatea. Fenomeno soziologiko bezala bi urteko umeen eskolatzea ‘derrigortu’ egin dela esango nuke, baina ez dakidana da nahikoa gogoetarik egin den horren gainean”.
Eskolatze goiztiarraren inguruko zergatiak azaltzeko orduan, kontuan izan beharreko hiru dimentsio aipatzen ditu psikologoak: soziologikoa, psikologikoa, eta zaintzari zein heziketari dagokiona. Dimentsio soziologikoaren inguruan, Tapiak uste du, gizartetik bultza egiten dela —hein handi batean egoera ekonomikoak eraginda— ahalik eta umerik txikienak norbaiten esku uztea —izan haurtzaindegiak, haur-eskolak edota eskolak—, gurasoek beste zeregin batzuk dituztelako. Bigarrenik, dimentsio psikologikoa legoke, alegia, umeen garapen egokirako onuragarriak izango diren jarduerak edo praktikak zeintzuk diren jakitea, “ez baikara edonortaz ari, ume txikiez baizik”. Eta azkenik, zaintzaren edo heziketaren dimentsioa aipatzen du Tapiak, beste bi dimentsioen erdian kokatzen duena: “Umeez arduratzen diren profesionalez eta zentroez ari naiz. Alde batetik dimentsio soziologikoaren presiopean eta bestetik dimentsio psikologikoaren presiopean dihardute lanean, bien artean harrapatuta”. Hau da, alde batetik lan soziala egiteko eskatzen zaie, eta bestetik, umearen ongizate psikologikoa bermatzeko. Zalantzazkoa da, ordea, bi funtzio horiek betetzea bateragarria ote den.
Ni-a eraikitzen
0-2 artean haur-eskolan egoteak eta bi urterekin haurrak eskolaren esku uzteak, umearen garapenaren ikuspegitik, badu funtsik? Zerk bul-tzatu du banaketa hori? Erabaki hori dimentsio administratibotik, politikotik nahiz sozialetik begiratuta hartu dela uste du Tapiak, eta ez hainbeste, umearen prozesu ebolutiboa kontuan izanda. Baieztapen hori frogatzeko, zuhaitzaren metafora erabiltzen du. Zuhaitzak aurrena sustraiak ditu, hortik enborra ateratzen da, eta gero datoz adarrak. Bada, bere iritziz, berdin gertatzen da haurraren kasuan ere: 0tik 3ra bitartean sustrai horiek elikatu behar liratekeela dio, ahalik eta enborrik sendoena lortzeko, “gero etorriko dira adarrak, hostoak eta loreak”. Garapen-prozesu horretan arrisku bat ikusten du psikologoak: hostoetatik tira egitekoa, alegia, ikasketa etapak aurreratzekoa —gero irakurketa egingo denez, aurreirakurketa egin dadila; gero idazketa egingo denez, aurreidaz-keta egin dadila…—. “Azturak edo ohiturak ikasten joateko dagoen ideologiak kalte handia egin dio ume txikien garapenari. Hostoetatik tira eginagatik, zuhaitza ez da azkarrago garatuko, eta arrisku bat dago: garapen hori etetea”.
Psikologoak ohartarazten duenez, badago joera bat: lehenbailehen gauzak ikasi eta egin beharra. “Hori absurdora eramaten hasiko bagina konturatuko ginateke ez duela ez hanka eta ez buru, zeren akaso bi urterekin umeei dirua ematen duten ofizioak edo kirolak irakasten hasiko ginateke”. Zergatik dio, ordea, hori? Uste duelako etorkizuneko helburuak nagusitzen direnean umearekin sortzen den harreman pedagogikoan presak agintzen duela; helburuak bete behar direnez geroak markatzen duela oraina eta ustekabeko presioa jartzen dela umearen gain.
Zerotik hirura bitartean, ordea, Tapiaren aburuz, sustraiak eta enborra sendotzeko garaia luke haurrak. Eta, horretarako, bi gako nagusi daudela dio: gorputza eta harremanak. Bi elementu horien arteko lotura garatzearen emaitza litzateke bi urte eta erdi ingurutik aurrera umea “Ni” erabiltzen hastea. “Psikologiaren dimentsiotik, haurraren garapena oinarri harturik, hor etapa bat burutuko balitz bezala da. Hor, jada umeak garbi dauka ‘Ni’ eta ‘Besteak’ ezberdinak direla, eta orduan da nire ustez lan pedagogikoa egiten hasteko garaia, ez lehenago”.
Izan ere, Tapiak dioenez, bi urtetik hirura bitartean haurrek giro berezia behar dute, gorputzari, harremanari eta motrizitateari lekua egingo diona; hor hasten baitira haurrak grafismoa garatzen, zirriborroak egiten, jauziak, zilipurdiak, erorketak eta antzekoak egiten, mugimendu berriak deskubritzen, gero eta hitz gehiago esaten… eta horrekin guztiarekin haien psikea ari dira garatzen. “Bizitzako etapa horretan zerbait behar ez badute, hori da gauzak ikastea. Hortik dator nire eskolarekiko zalantza. Zeren eskola-giroan, eta oro har, gizartean, sekulako garrantzia ematen zaio ‘ikasteari’. Eta kalitatearen neurria izaten da umeak zer ikasten duen. Ez dut uste bi urtetik hirura ikasteko garaia denik —ikastea zentzu pedagogikoan ulertuta—, baizik eta alderantziz: enbor hori sendotzeko garaia da. Baina horretarako estilo libreago bat behar da, umeak bere burua bizi dezan, maita dezan, bere buruarengan konfiantza irabaz dezan”.
Hori horrela, eta salbuespenak salbuespen, psikologoaren arabera, une honetan, eskola instituzio bezala, ez dago prestatuta bi urteko ume horien premiak asetzeko. Ratioek, espazioak, denboraren antolaketak… oro har, ez dutelako laguntzen horretan. “Adibidez, denbora dimentsio harrigarria da. Ume txikiek egun osoa ematen dute honokoa entzuten: ‘Benga, mugi, jantzi, altxa, eseri’… Umeak helduon erreferentzia tenporalera ekarri ezinik igarotzen dugu egun osoa. Autobusa dela, lanera joan beharra, ordutegi hertsiak… Eta alde horretatik, sistema bezala, uste dut eskola zurrunegia dela, ez dakit zenbaterainoko gerria duen”.
“Dena de eskola”
Eskolak, ume txikien heziketari beste nortasun bat eta ikusgarritasun bat eman diela uste du Tapiak. Alde horretatik sekulako aurrerapena egin dela dio eta onuragarria ere badela uste du. Era berean, ordea, iruditzen zaio mentalitatez bederen, haur-eskolek edota haurtzaindegiek hobeto erantzuten dietela bi urteko haurren premiei, teorian behintzat haurtzaindegietan eskolako giroak eta pedagogiak ez daukatelako kabidarik, bai ordea harremanak, bilaketak, sormenak, psikomotrizitate askeak… “Haurtzaindegi batzuetan ez da horrela lan egingo eta eskola batzuetan bai. Horrexegatik diot mentalitate orokorraz ari naizela, eta ez praktika puntualez”.
Psikologoak gaineratzen duenez, baina, haurtzaindegia, tradizioz zuen funtzionamendua eta nortasun propioa —azken 100 urtean eraikia— galtzen joan da, eta eskolak hartu du haren tokia. Lehen haurtzaindegi zena haur-eskola da orain. Haurtzaindegiaren izena gaitzetsia izan dela irizten du Tapiak eta gutxiespen hori gaztelaniazko “guarderia” fama txarrekoaren eskutik etorri dela eransten du, haurtzaindegia gordetegiarekin parekatu delako, “baina haurtzaindegiak ez dauka zerikusirik gordetzearekin, haurra zaintzearekin baizik”. Eta zaintzeak euskaraz esanahi asko dituela dio. Esate baterako, “zaindu ezazue ume hori ondoezik dago eta” esaldiko zainketa horren atzean ez legoke soilik zainketa fisikoa, baizik eta baita zainketa psikikoa ere. “‘Zaintza’ izena oso izen berezia da. Nik oso gustuko dut. Zaintzea bada besoetan hartzea, ferekatzea, besarkatzea… baina urrutitik ere zaindu daiteke, zain-tzeak baduelako zerikusia norbaitez arduratzearekin. Orain, ordea, dena da eskola. Izenetik ere baztertu egin da zaintza hitza. Eta berriro diot: arazoa ez da eskola. Eskola ikasketekin identifikatzen bada, orduan bai, orduan arazoak sortzen dira”.