ANE ABLANEDO: "Haurrekin egotea bizitzaren lokatzetan egunero sartzea bezala da"

2017-08-21

Unibertsitateko irakaslea eta psikoterapia eta neurosiaren prebentzioan aditua da Ane Ablanedo. Gizarte osasuntsuago baten mesedetan, hezkuntza-sistema berpentsatu behar dugu. Eta ez soilik hezitzaileek edo hezkuntza-arduradunek. Gizarte osoak. Ane Ablanedoren aburuz, hezkuntza —eta haziera— gai guztiz politikoa baita, etorkizuneko gizakiak fabrikatzen ari garelako. Berak proposatzen duen eredua ez da beste zizelkatze bat. "Umiltasun guztiarekin ikus dezagun zer duen haur horrek erakusteko", eta haur bakoitzak senez eta naturaz dakarren guztia loratzeko aukera emango diona, horratx eskola on bat. Bitartean, eskola alternatiboen bidea deritzo interesgarri, nahiz eta bera sistemaren barruan egon —DBHko irakasle izan da eta egun Baionako unibertsitateko eta NUPeko irakasle da—. Aurten 'Bizitzaren eskola: Askatasunerako pedagogia' ikastaroa eman du Hik Hasiren Udako Topaketetan Goiztiriko irakasle eta bidelagunekin.

 
 
ANE ABLANEDO: "Haurrekin egotea bizitzaren lokatzetan egunero sartzea bezala da"

Gizarte hau gaixo dagoela ikusteak eraman zaitu pertsonak hezteko funtsezkoak diren bi sistema aztertzera: eskola eta familia. Zein zentzutan dago gizartea gaixo?

Mundu honetan hasi nintzen prozesu pertsonal batengatik. Nolabait esateko, neure burua sendatzeko neure bidea bilatu behar izan nuen, eta horretarako pertsonatik abiatu nintzen. Hortik abiatuta halako begirada kritiko bat garatu nuen inguruan gertatzen ziren gauzen gainean, normaltzat hartu arren sanoak ez ziren gauzen inguruan, eta ez luketenak zertan horrela izan. Lehen niretzat normalak ziren gauzak patologikoak zirela konturatu nintzen, nire bizitza eragozten zutelako gauza horiek, eta gero begirada hori ingurura trasladatu nuen. Gainera, garai horretan, Bigarren Hezkuntzako irakaslea nintzen, eta zentzu horretan eskolaren gaineko begirada kritiko zorrotza garatu nuen hor ere.

Zertan ikusten den gizarte honen gaixotasuna? Kasik denean. Nora begiratzen duzun, ikusten duzu gizarte gaixo bat. Hasteko, ez gara behar bezain zoriontsu, ez gara gustura bizi, ez dugu nahiko genukeen bizitza, ez dakigu ongi maitatzen, ez dakigu maitatuak izaten, auzoekiko mesfidantza handia dugu... gauza asko daude normaltzat hartzen ditugunak baina ez luketenak horrela izan behar, berez. Frogatua dago beste haziera eredu batek beste mota bateko pertsonak ematen dituela, eta beste kultura batzuetan ere beste modu bateko pertsonak hezten direla. Gure mendebaldeko kultura honek haurrak ongi hazten dituen edo ez ikusteko, begiratu behar dugu zer “produktu” ematen duen eredu honek, eta argi dago ez dela sanoa, badakigulako 0-7 urteak funtsezkoak direla nortasunaren garapenean, eta gure zoritxarraren jatorria beraz, haurtzaroan bilatu behar dugula. Beraz, gara dezagun haurtzaro-eredu osasuntsu bat, haurtzaroa ez ezik etorkizuna ere osasuntsuagoa izango delako. Goazen haurtzaroa zaintzera, goazen norbanakoa zaintzera, zerbait aldatzekotan iraultza beti norbanakoarena baita. Zergatik egin dute porrot iraultza askok munduan? Ba ez dutelako kontuan izan norbanakoaren ikuspuntua, nolakoak garen aintzat hartu behar da.

Beraz, gure egunerokoan normaltzat hartzen ditugun gauzak ez dira hain normalak. Zuk neurosiarekin lotzen duzu normaltasun hau. Ñabartu zenezake normaltasunaren kontzeptu hau?

Neurosia kontzeptu klinikoa izanik, badirudi ez digula guri eragiten: “Gu normalak gara, ez gara neurotikoak” pentsatzen dugu… Ba nire begiradan, neurosia litzateke normalitate potentzialki patologiko hori. Gure gizartean funtzionatzeko dugun ohiko modua litzateke berez neurotikoa, ez delako sanoa. Normala da, ohikoa delako, baina ez da sanoa. Dena ongi doa, baina bat-batean ‘krak’, zerbait hautsi egiten da.

Gure gizartearen funtzionamendua neurotikoa da. Adibidez: esaten denean “nik esango nioke hau honi, baina ez naiz ausartzen…edo ez diot esango ez dezan pentsa naizenik ez dakit zer”, funtzionamendu ohiko horiek neurotikoak dira, ez dira sanoak, eta horretara ohituak gaude. Gure buruarekin eta inguruarekin neurosiaren filtrotik pasaturik harremantzen gara.

Hezkuntza-sistema osasungarriago bat bilatzeko irakurketa eta ikerketa-lanera murgildu zara, batetik eskolaren esparruan eta bestetik, familiarenak liratekeen zaintza-urte horien garrantzia azpimarratzera.

Haurrak lau hilabeterekin bidaltzen ditugu haur-eskoletara, eta gainera politikoki eta sozialki iruditzen zaigu eskakizunik aurrerakoiena dela hori denentzat eskatzea. Politikoki ere ez gaude ongi kokatuta.

Gure espeziea harremanean garatzen da, beste heldu batekiko harremanean, gure giza gaitasunak eta gure giza kondizioak taldean garatzen baitira. 0-7 urte horietan, gure inguruan gure zainketaren ardura duten heldu horien kalitateak baldintzatuko du beraz gure garapen prozesuaren kalitatea ere. Orduan, ikusi behar da nolako zaintza-eredua eskaintzen ari gatzaizkien gizarte bezala haurrei. Gure haziera-heziketa-ereduak haurrarekin erlazionatzeko proposatzen duen modua da zalantzan jarri behar duguna, gogoan izanik eskolaz eta familiaz gain —haurtzaroan ekosistema garrantzitsuenak diren horiek, alegia—, gizartea bera dela hezitzailea, denok baikara hezitzaileak azken finean, haurrak gure herrietan daudelako, parkeetan, karriketan…

Gizarte osoaren ardura da nola begiratzen eta zaintzen ditugun haurrak. Nik hori azpimarratu nahi nuke, haziera eta heziketa gauza politikoak direla erabat, ari garelako etorkizuneko gizakiak izanen diren horiek fabrikatzen. “Fabrikatu” diot, badakidan arren oso hitz itsusia dela, heziketaren egitekoa, haurra modelo baten arabera zizelkatzea delako beti. Kontua ez delako, “ni naiz heldua, ni naiz dakiena, eta nik erakutsiko dizut zer egin”; argi geratu baita honezkero direktibitatearen eredu horrekin ez dugula asmatu, begira nora heldu garen, zer drama eraiki dugun, nolako gizarte gaixoa. Gakoa litzateke gehiegizko heziketaren eraginik gabe, zer loratzen den ikusi nahi izatea.

Heziketa diodanean borondateaz ari naiz, borondate bat dagoenean haurra modu batekoa bilaka dadin dugun borondate horri buruz. Esaten denean, nahi ditugu haur kritikoak, edo haur askeak, edo haur... ez, kontua da ez duzula ezer nahi izan behar haurrarengandik. Ez dugu espektatibarik izan behar, izan dezagun konfiantza. Modelo edukatiboa da aldatu behar dena, haurrarekiko begirada. Familiak hazieran eragiten du, eta eskolak heziketan, baina eredua bera da: ez daukagu konfiantzarik haurra berez bilakatuko den horretan, geure buruarekiko konfiantza galdu dugulako. Pentsatzen dugu guk gidatu gabe haurra galdua dela, salbaia izango dela, eta guztiz erraturik gaude.

Hor astinaldi bat eman beharko genioke tradizioari. Tradizioz haurra etsai txikitxo bat kontsideratua izan da, utziz gero bizkar gainera igoko zaizuna, salbaia, apetatsua izango dena.

Zure ikusmoldearen arabera, helduak esku hartu gabe, haurra ez litzateke irudikatzen dugun gisakoa izango, autoerregulatu egingo litzateke?

Haurrarengan proiektatzen dugun ezintasun hori, kanpoko gidaritzarik gabe zeure burua eraiki ahal izatearena, gurearen proiekzio bat da. Zergatik gertatzen da hori? Heziketaren helburua da gertatu dadila gugan gure baitarako deskonexio bat; eta horrela, zu jada ez zarenean zure desio, gogo, behar eta abarren ardatz, automatikoki ari zatzaizkio zure askatasuna beste bati ematen opari, halabeharrez beharko duzulako horrezkero beste batek esaten dizuna egin. Uste dut sakon-sakonean hori dela heziketaren helburua, zure erreferentzia beti kanpoan ezar dezazula, kanpotik esan behar izan diezazuten zer egin, nola egin, noiz, zertarako... Nire ustez, gure barnearekiko konexio berezko hori zaintzea funtsezko gakoa da. Eman lezake umeak beti egingo duela bere gogoa, baina ez da horrela. Konektatuta egoteak ez garamatza egozentrista izatera, berekoia izatera... baizik eta gauzak begiratu ahal izatera konexio horretatik, bestea ere kontuan izanik, noski. Izan ere, besteak ere kontuan izango ditu baldin eta bera kontuan izan badute. Enpatia hori, elkarbizitzarako bulkada natural hori, sortuko da, hain zuzen ere, baldin eta haur horrekin enpatikoak izan baldin badira.

Beraz, indarrean daukagun haziera-eta hezkuntza-eredu honen arabera, umea gabeziekin hazten dugu, eta etorkizunean, gabezia horiek bilakatuko dira helduen hutsune.

Hori da. Haurtzaroa eta gaztaroa biziki garrantzitsuak dira, giza garapenerako horiexek dira etaparik garrantzitsuenak, lehenago ere erran dugu. momentu kritikoak dira, loratzeko daudelako gizakiari gerora suposatuko zaizkion gaitasun gehienak. Naturak gure espeziearentzat prestatu dituen gaitasun eta kualitateak garatuko dira, ala ez, haur horrek aurkitzen duen helduaren kalitatearen edo inguruaren arabera. Gure gaitasunetako asko abortatu egiten dira haurtzaroan, edo erdipurdi garatu. Heldutan ditugun zailtasun edota gabezia gehienen jatorria haurtzaroa da. Dena den, argitu nahi nuke haurtzaroan gabeziak izateak ez zaituela betiko kondenatzen, badira atzerabueltak zorionez eta beti aldatu ahal izango gara, errazkiago edo zailago, baina haurtzaroak duen potentzialitate hori zaindu egin beharko litzateke, hor baitago dena.

Ez da inondik ere ikusmolde utopikoa, nire hitzen arabera eman bailezake horrela haziz gero, gizaki superman eta superwomanak sortuko direla... ez da inondik ere hori, gizaki oso izango gara, ez gehiago, ez gutxiago. Orain, ordea, mediokreak gara, oso eskasak.

Eskolara etorrita, zure esaldia da: “Indarrean dagoen hezkuntza-sistema ez da osasungarria haurrarentzat”. Adibideak jar ditzakezu?

Haurrek berezkoa dute jakin-mina eta ikasteko gogoa, mundua eta bizitzarekiko interesa. Heldua hori bideratzen saiatzen denean, esanez haurrari orain hau ikasi behar duela, horrela ez eta horrela bai, jakin-min hori itzaltzen joaten da.

Berez, eskolan irakasten den guztia interesgarria da, dena baita polita. Nik ez dut ezer horren kontra, baina gakoetako bat da bakoitzak edukitzea askatasuna ikasteko une bakoitzean nahi duena, nahi duen erritmoan, nahi eta behar duen moduan, eta bere jakin-minarekin bat egiten duenean. Eskola konbentzionalak baditu ikasketa eragozten duten ezaugarriak, usu eskolaren definitzaile bezala identifikatzen ditugunak gainera. Bada, benetako ikastoki izateko, kendu beharko litzaioke ikastea eragozten duen oro, adin bereko haur guztientzako curriculumetik hasita, adibidez. Curriculum ezkutua ere hor dago, eta hori da askotan arriskutsuena. Eskolaren kontzeptuan berean dago eskolaren arriskua. Ni sistemaren barnean ibilia naiz Bigarren Hezkuntzan irakasle, eta sistemaren barnean jarraitzen dut orain ere, unibertsitatean, baina hala ere, edo horregatik, iruditzen zait eskola zalantzan jarri behar dela errotik. Ez baldin baduzu eskolaren kontzeptua bera zalantzan jartzen, abiapuntua baldin bada eskolaren erabateko beharrezkotasuna, hausnarketa horrek ez zaitu oso urrun eramanen, ez duzulako irudikatuko oraingoaren oso ezberdina den eskola bat.

Sistemarekin berradiskidetzeko eta bertan segitzeko ere behar duzu sistema errotik kuestionatu. Eta hori da jende bati kosta egiten zaiona. Nire ustez, ikasketa ez genuke hertsiki lotu eta identifikatu behar eskolarekin, eskola ez baita ikasteko toki bakarra, eta zentzu horretan diot hain zuzen ere eskolak ez direla beharrezkoak. Ikasketa bizirik egotearen funtzio natural bat da, eta beti edo edonon ari gara ikasten. Orduan zertarako erlazionatu ikasketa toki batekin, une konkretu batekin?

Hezkuntza-eredu tradizionaletik harago, eskola bera eta oro bat gizarte eredu guztia zalantzan jartzeak ez gaitu eramaten inposibilismo batera?

Ez, eskola irudikatzen baldin badugu ikastoki bat bezala, hau da, berezko ikasketaren jarraipen bat bezala, eskolak izaten ahal dira interesgarriak, jakina. Baina horra iristeko zalantzan jarri behar duzu eredua, gai izan behar dugu gogoeta egiteko agian irakasleak ez direla behar, helduak bai, baina ez irakaslearen funtzioan; agian ez direla behar klaseak, ebaluazio-kalifikazioak, curriculuma… Ken diezaiogun eskolari eskolarekin identifikatzen dugun ia guztia, eta orduan bilakatuko dira benetan ikastoki. Barneko funtzionamendua errotik aldatu beharko litzateke, kasik bizitokiak izateko gehiago eta horrela ikastoki lirateke, horri deitu ahalko geniokeelarik eskola. Oraingo eskolak ez baitira eskolak (ikastokiak), beste zerbait dira.

Begira, eskola libre bateko adibidea jarriko dizut: horko nerabeek ordu gehiago pasa nahiko lituzkete eskolan, ikasten, eta ezin dute eskola itxita egoten delako. Hori zenbat institututan pasatzen da hemen? Eskola libre horiei kendu zaie itxuran eskolarekin identifikatzen den guztia, eta orduan dira eskola eta ikastoki. Eskola baldin bada toki bat non haurra modelatu eta formatatzen den, eskola izena merezi ez duen beste zerbaitez ari gara mintzatzen.

Zuk diozun ildotik, eskola bizitoki izan dadin eta ikastea plazeretik eta norberaren jakin-minetik gauza dadin, nondik hasi beharko genuke? Aldaketa baino gehiago iraultza da proposatzen duzuna.

Bai. Horri gehitu nahi nioke gu herri menperatua izanik ez dugula geuretzat hartzen ahal dugun hezkuntza-sistema nazionalik, eta itxuran den gabezia horrek inoiz geurea sortzearen aukera digula eskaintzen. Independentzia berreskuratuko dugunean geurea izanen den eskola-eredua zerotik sortzeko aukera izanen dugu. Nik ez dut aintzat hartzen natural bezala hemen instalatua daukagun hezkuntza-sistema, ez delako gurea. Eskolari buruz egiten dudan lanaren nire helburua da geure hezkuntza-sistema nazionala sortzeko politika egitea eta egin beharko dugunerako kalitatea non eta zertan ezarri jakin ahal izatea. Ona eta ongi egitea. Nondik hasi sistema orain eta hemen iraultzen? Curriculuma, gutxienez, askoz ere zabalagoa egingo nuke. Adibidez, Iparraldean, Frantziako legeen menpe daudenez, haurrak eskolarik gabe etxeetan hezten dituzten familiek jasotzen dute urtean behin inspektoreen bisita. Gauza oinarrizkoak galdetzen dizkiete haurrei inspektore horiek, minimoak, eta noski, haur horiek badakite hainbeste. Horrelako minimoak ezarriko nituzke. Hezitzailearen lanari dagokionez, helduaren egitekoa, ez litzateke gauzak irakastea, gauzak erakustea baizik, alegia, giro egoki, interesgarriak eta aberasgarriak eskaintzea... ez direktiboa izatea, haurraren jakin-mina ezarri ardatz eta gidari. Zuk ez badiozu eragiten, eta aukerak ematen badizkiozu, haurrak egingo du bere ikerketa lerro propioa, bere curriculuma.

Oso garrantzitsua da, inork ezin digulako gainera inoiz lapurtu, gu, hezitzaile edo helduok zer garen. Gugan dago gakoa. Zein espektatiba dugun haur horiengan; nola erlazionatzen garen haiekin; zenbaterainoko gaitasuna dugun euren erritmoa eta izatea errespetatzeko, zer gaitasun ditugun —eta ekipoan baldin bada hobeki— sistemari ziria sartzeko. Sistema barruan baldin bagaude, eta onartuta ere ez dela gurea eta ez dugula ezta pedagogikoki ere errekonozitzen, desobedientzia egin behar dugu. Buelta eman behar diogu honi. Oso kexu gaude, baina kexu hori ez da askotan produktiboa, geldiarazlea da, “ezin da, ezin da” pentsatzen dugu... jarrera hartze bat behar da, bakoitzak topatu dezan dagoen toki horretatik beretik muga gainditzeko manera. Horretarako, ordea, beharrezkoa da eskola beste modu batean irudikatzea.

Eskola osasuntsuago bat, edo Udako Topaketetan eman izan duzun ikastaroaren izenburuarekin lotuz, eskola libreago bat egiteko, dekonstrukzio bat egin behar dugu, desikaste bat...

Hori da. Eskolaren suntsitzea irudikatu behar dugu, zerotik abiatu ahal izateko, kondizionamendua kentzeko.. Ez badut, adibidez, heldu bezalako nire egitekoa kuestionatzen, nire burua erabat beharrezkoa ikusten badut eginkizun horretan, ezingo naiz gehiegi mugitu hain beharrezko bezala irudikatzen dudan nire funtzio horretatik. Krisian sartu behar gara sistemarekin, eta behin askatu naizela, ikusiko dugu zer egin dezakegun. mamua, etsaia nor den eta nolakoa.

Eskolaren egitekoari buruz edo irakaslearen funtzioarekiko kritikak entzuten ditugunean, askotan errua sentitzen dugu. Haatik, errua ez da osasungarria, ez da produktiboa. Prebentziora joanda, nola hartu genezake haurrekiko hezitzaile-ardura ildo kritiko horretatik?

Oso barneratua dugu umeekin egotea interbenitzea dela, gauzak egitea, dinamizatzea, egin, egin, egin... eskua sartu. Zaintzaren garrantzia aldarrikatu behar dugu, zainketaren zentzu handiagoa eman beharko genioke haurrekin egoteko uneari, zaintzen ari zara, babesten... ez aurreratu, ez eragin, ez bideratu, begirada hori haragitu gugan eta ondoren gure egoteko modua aldatzen da: presarik ez, lasai... hori oso garrantzitsua da. Errudun sentimendua inoiz ez da aholkulari ona. Errua eta ardura ez dira gauza bera. Gu ez gara ez dakigunaren errudun, baina bai arduradun. Erruan ez dugu erori behar, baina batzuetan kulpan ez erortzeagatik beste aldera joaten gara, behar izaten dugu autokonplazentzia hori, haurrekin egotea ardura bat da. Gu erlazionatzen ahal gara gure bikotekidearekin, lagunekin, gurasoekin edo lagunekin nahi dugun bezala, gure buruarentzat kalte izango da gaizki erlazionatzen baldin bagara, baina haurrekin gaudenean ardura dugu eta arduradun behar dugu jokatu. Horrek ez gaitu eraman behar paralizatzera, uste izatera ez dakigula egiten, baina bai pentsatzera bizitzaren kimuarekin ari garela lanean, horrek daukan garrantziaren oso jakitun; horra begirada honek nabarmentzen duena. Ardura bai, baina ez errudun sentiarazlea, baizik eta erronka bezala, eta hori polita da. Haurrekin lanean aritzeak zer itzultzen digu? Geure buruari baimena ematen diogunean, haurra gure ispilu bihurtzen da, gauza asko erakusten dizkigute. Haurrekin egotea bizitzaren lokatzetan egunero sartzea bezala da.

Eskolara erakustera eta ikastera joatea litzateke kontua, ez irakastera.

Aurten, Goiztiri eskola libreko koordinatzaile Ana Otxoteko eta Ainhoa Iturbe bidelagunarekin eman duzun ikastaroaren izenburua, 'Bizitzaren eskola: Askatasunerako pedagogia' da. Askatasunaz ari zarenean, zertaz ari zaren argitzea nahi nuke. Mendekotasunaren eta askatasunaren kontzeptuak argitzea. Mendekotasuna bizi beharreko momentuan ez bizitzeak helduaroan zer-nolako ondorioak dituen argitzea nahi nuke.

Lehen aipatu dudan konexio-deskonexioa hortik doa. Deskonexioa da zuk beste bati ematen diozula opari zure askatasunaren giltza. Zuk ez badakizu zure burua maneiatzen, beste batek maneiatuko zaitu. Mendeko zara, beste baten erreferentzia eta gidaritza behar dituzunean.

Mendekotasuna, garapenaren etapa batean behar biologiko bat da, oso mendeko jaiotzen gara, edozein espezietako kumeen gisan heldu bilakatu arte zainduko gaituen norbaiten oso mendeko, baina gure espeziearena are handiagoa da. Mendekotasun hori tokatzen den momentuan bete-betean ez bizitzeak garamatza gero, hain zuzen ere, oso mendeko izan behar izatera, geure baitan asegabe utzitako zulo handi bat dugulako, eta gure gizartean zerbaitetan egiten baldin badugu denok bat da ia denok dugula oso ase gabe mendekotasunaren garaia. Oso jende gutxi dago benetan aske dena, ez dakigu nola izan aske, eta hori gure gizartearen gaitz estruktural bat da, askatasun eza, edo askatasunean bizi ezina. Argitu dezagun orain zeri esaten diogun aske izatea, gure egoera kateatuegitik eman bailezake aske izatea nahi duguna egitea dela, paradisua, batere mugarik ez izatea. eta ez da horrela.

Askatasuna da aukeren artean hautua egin ahal izatea, arduraz, kontzientziaz, zure gogo, behar, desioen arabera, baina bestearen arabera, gizartea kontuan izanik, gure mugak kontuan izanik aukeratzea. Mendeko izatea tokatzen den momentuan norbaiten mendeko izatea bizi baduzu, eta hori benetan eta sakonki bizi izan baldin baduzu, horrek eramaten zaitu pertsona horrekiko atxikimendu estuko harreman bat eraikitzera. Zuk bestearen beharra duzu eta beste pertsona horrek eman egiten dizu behar duzun guztia, orduan lotzen zara afektiboki pertsona horrekin. Gainera, zurekin enpatiko izan direnez, eta eskuzabal eman dizutenez, zuk ere ematen duzu. Mendeko izateak garamatza oso izatera eta osotasun horretan bestea ikustera.

Zuk, beraz, mundua on ikusten duzu... zuri eskuzabal eman badizute, zuk ere emango duzu...

Haurraren psikismoari aportatzen diona da mundua toki bizigarri bat dela sentitzearen kontzientzia izatea. alegia, “nik merezi dut nire amaren maitasuna naizenagatik bakarrik, merezi dut norbaiten zaintza, mundu honek merezi du”. Gizakiarenganako konfiantza primario hori orduan garatzen da. Orain lotura egin ezazu gure gizartean dagoen mesfidantza-tasa patologikoarekin, eta konturatuko zara hain oinarrizkoa beharko lukeen sentimendu humano hori ere ez dugula gutako askok.

Sistema kapitalista eta patriarkalarekin bat egiten duen eredua da hau, sistemari interesatzen zaio gizaki maleableak fabrikatzea. Baina nola mugitzen ditu sistemak hari horiek?

Pertsona oso eta aske bezala garatzeko, gure gaitasun guztien jabe, ezinbestekoa da bizitzaren hasieran loturik egotea erreferentziazko pertsona bati, amari, aitari. Atxikimendu oinarrizkoaren lotura hori mozten denean, oso min sakona eragiten zaigu gizakioi.

Ez dakit nork eta noiz erabaki duen hori horrela izan dadila, baina osasungintzari eta hezkuntza-sistemari begiratuta delegazionismo ikaragarrian erori garela begibistakoa da ez gara gure osasunaren jabe, ez gara gure heziketaren jabe, dena delegatu egiten baitugu eta kasualki, norbaiti izugarri komeni zaio guk gure osasuna eta hezkuntzaren ardura besteren esku utzi izana. Gure buruaren jabeago bagina, ez genieke utziko sartzen dizkiguten ziriak sartzen, ez genituzke ditugun agintariak izango, hori hala da. Ez da sobera paranoiko izan behar hori ikusteko.

Umeen beharrak eta erritmoak errespetatuko lituzkeen pedagogia batekin emaitzak benetan beste batzuk dira eskolan?

Gure herrian bertan sortzen ari dira orain indarreko eskola-eredu konbentzionaletik kanpo eskola asko. Horrelako heziketa-ereduak mundu mailan baditu urteak. Eta egia da, berriz diot idealizatu gabe, eskolatik ateratakoan haurrek duten perfil psikologikoa, gauza batzuetan behintzat, ezberdina dela. Gero institutuetara joaten diren haur horien ezaugarrietan gauza komun batzuk ikusten dira: gauzak adierazteko modua, elkarlanean aritzeko gaitasuna, norberak zer nahi duen jakiteko eta adierazteko ahalmena… Zer esanik ez Summerhill eskolek-eta, ehun urte daramatzate... [Alexander Sutherland] Neilli galdetzen zioten bere eskolan arrakasta zein zen, eta %100 zela erantzuten zuen, bere arrakastaren neurria haurren ongizatea izanik, denak zirelako zoriontsu, denak bilakatzen zirelako nahi zuten hori.

Ñabardura bat egin nahi nuke, zoriontasuna eta plazeraren kontzeptuez ari garela. Plazerean hazi eta ikasteari buruz mintzo garenean, jendeak pentsatzen du haurrek eskola horietan ez dutela ez disgusturik, ez gatazkarik, ez diziplinarik. eta ez da horrela. Plazerean ikasteak suposatzen du plazeretik ikastea, alegia, nik nire desioagatik ikasten dudala ingelesa, baina horrek ez du esan nahi ingelesa ikasteko ez dudanik pasa behar infernu ttipi bat. Plazera ez da dena erraz egitea, zeure gogoa eta interesa delako egiteagatik baizik.

Irakasle bezala, gauza bera litzateke. Erraza denik ez du inork esan, sistema mamu handi bat da, ikaragarria, zeinaren kontra borrokatzea eta eraldatzea ezinezkoa den, garbi dago. Baina gure gogoa baldin bada, gure askatasunetik eta gure arduratik, gauza batzuk egin ahal ditugu. Ez dena, mugak askatasunaren parte baitira beti, baina inportantea da bakoitzak ikus dezan askatasuna duela mugak gainditzeko eta hautuak egiteko, ez dagoela ezertara kondenatuta.

Urterik urte eskola libre eta demokratikoei buruzko ikastaroa eman duzu udako topaketetan. Aurten askatasunerako pedagogiaz aritu zara. Ikastaroaren gainean zer nabarmenduko zenuke?

Eskola libre eta demokratikoa ikastaroan jendeak segida bat eskatzen zuen, modu praktikoago batean lantzea gaia, eta hortik etorri da ikastaro hau. Heziketaren inguruko hausnarketa hauek guztiak modu bibentzialago batean ematen saiatuko gara, arreta handia jarriz hezitzaileak egin behar duen lan horretan, eta bidelagun funtzioa nola egin azalduz, baita, garapen etapak esplikatuz, eta haurrentzat espazio bat egokia izan dadin zer egokitzapen behar diren ikusiz ere... Helburua da eskola batek nolakoa izan beharko lukeen azaltzea, eta hortik aurrera batek erabakiko du eskola bat sortzea eta beste batek dagoen tokira ikasitakoa eramaten saiatzea.

Dena dela, eskola bat osatzea aipatuta, 0-6 urte bitartean eskola derrigorrezkoa ez delarik, zerbait egiten ahal duzu, baina hortik aurrera, ez ote dago muga administratibo asko?

Bai eta ez. Eskola hauetako batzuek badaramatzate hamar urte, eta ez da arazorik izan; gero, sisteman integratu nahi duten haurrek ez dute arazorik.