Hik Hasik hezkuntza-proposamena egin du

2017-10-22

"Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogiko eta etikoa: Hezkuntza hobetzeko gakoak". Horrela izendatu zuen Hik Hasik hezkuntza-proposamena aurkezteko EHUren Donostiako Irakasle Eskolan egin zuen agerraldian. Izan ere, eskola hobetzeko da, baina hazkuntza- eta hezkuntza-baldintzak hobetzeko ere egin da dokumentua.

Urtebeteko hausnarketa eta eztabaida ondoren, argia ikusi du proposamenak. Orain, denon eskura jarriko da edukia ezagutarazteko.

 

 
 

Non hasten da hezkuntza? Noren erantzukizuna da? Nork hartzen du parte hezkuntzan? Nork hartu beharko luke parte hezkuntzan?… Familiak eta eskolak bai, baina baita herriak (herritarrek) eta administrazioek (agintariek) ere.

Hik Hasi egitasmo pedagogikoak hezkuntza hobetzeko proposamen bat aurkeztu zuen urriaren 21ean, larunbatean, Donostiako EHUren Irakasle Eskolan: Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogiko eta etikoa: Hezkuntza hobetzeko gakoak. Eskola hobetzeko, baina hazkuntza- eta hezkuntza-baldintzak hobetzeko proposamena ere bada dokumentu hau. XIX. mendeko eskolak ezin ditu XXI. mendeko haurrak hezi, hobetu egin behar dugu, halabeharrez. Heziketa ikuspegi hutsetik egindako ariketa librea da gaur hemen aurkeztu dugun dokumentu honen muinean dagoena: belaunaldi berrientzat onena helburutzat hartuta, aurrera begira jarri eta jauzi kualitatibo bat egiteko oinarriak edo beharrezko zorua finkatzen laguntzeko asmoz taxutu dugu proposamen hau, EAE-ko une koiunturaletik harago, aurrera begirako ikuspegiz eta Euskal Herri osorako.