Tandema, arriskurik gabeko edoskitze-aroa

2017-10-26

Haurdunaldian bularra ematen jarraitzeari edota erditu ostean haur nagusiari eta txikiari titia emateari tandemean edoskitzea deitzen zaio, eta ebidentzia zientifikoaren arabera, haurdunaldi normaletan, tandemak ez dakarkie arazorik ez amari, ez ernaltzen ari den haurrari, ez nagusiari ere. 

 
 
Tandema, arriskurik gabeko edoskitze-aroa

* Argazkia: dejemolescrecer wordpress bloga.

Testak bi marra arrosak erakutsi aurretik badira haurdun daudela dakiten –sentitzen- duten emakumeak, izan kafeak goragalea sortzen dielako, edo usaimena findu zaielako... Bularren sentiberatasuna izan ohi da emakume askok haurdunaldia ziurtatzeko behar izaten duten aldaketa esanguratsuetako bat, eta sentiberatasun hori are nabarmenagoa da dagoeneko beste haur bati bularra ematen ari diren andreen kasuan. 

Haurdunaldia aurrera doan neurrian, eradoskitzen ari den emakumeak bularretan sentitzen duen sentiberatasuna batzuetan min izatera iristen da, eta min hori –askotan jasanezina bihurtzen dena– bularra kentzeko arrazoi bilakatzen da emakume askorentzat, bular-hartze bakoitza arras mingarri eta desatsegin izateraino irits baitaiteke. Min hori, gorputzak edoskitzea eteteko egiten duen deia dela esan izan da kultura batzuetan, haurdunaldian bularra ematen jarraitzeak abortu arriskua edota erditzea aurreratzekoa ekar omen dezakeelako. Haatik, milaka dira beste haur bat eradoskitzen ari ziren gorputzean inolako arazorik gabe ernaldu diren haurrak, egunero jaiotzen direnak.

Ebidentzia zientifikoen arabera, ez da egia haurdunaldian bularra ematen jarraitzeak sabelean ernaltzen ari den haurrarentzako arriskurik dakarrenik. Apiril honetan argitaratu du Floridako unibertsitateko irakasle eta ikerlari Hilary Flowerrek Europa, Asia eta AEBetako ikerketa medikuetan oinarriturik idatzi duen Adventures in Tandem Nursing: Breastfeeding During Pregnancy and Beyond lan mardula, eta bertan ondorioztatu du ez dagoela inolako oinarri zientifikorik nahi gabeko abortuaren eta edoskitzearen artean. Haurdunaldian edoskitzen jarraitu bada, eta haurra galdu bada, ikerketek erakutsi dutenez, kasu gehienetan fetuaren malformazioengatik, umetokiaren, karenaren edo bestelako konplikazioren batengatik izan ohi da. Emagin eta ginekologoek soilik kasu bakan batzuetan aholkatzen dute edoskitzea etetea: haurdunaldi arriskutsutzat kontsideratzen diren kasuetan eta abortu-arriskua dagoenetan. Gainontzeko haurdunaldietan eradoskitzen jarraitzeko, bada, ez dago arriskurik. Gainera, umekiaren ernalkun-tzan ere kontraindikaziorik ez du tandemak. Hona hemen Italiako Medikuntza Perinatalaren Elkarteak dioena: “Ez dago daturik zehazten duenik haurdunaldian eradoskitzeak umekiaren hazkuntzan atzerapenik edo eragozpenik ekartzen duela, ez bederen lurralde garatuetako emakumeen artean”. Antzekoa da Espainiako Pediatria Elkargoaren ohartarazpena gaiaz: “Haurdunaldian edoskitzeak ez du umekiaren hazieran negatiboki eragiten”.

Beraz, emakumearen erabakia izan behar luke tandemean eradoski, ala ez. 

Zer espero dezake eradoskitzen jarraitzen duen haurdunak?

Sentiberatasuna eta mina aipatu ditugu, haurdun dagoen emakumeak sentiberago ditu titiburuak eta horrek, normalki, mina eragiten du haurdunaldiak aurrera egiten duen neurrian. Bular-hartzeak titiburu sentiberetan egiten duen mina saihesteko edo, bederen, hobeto eramateko, haurrak postura onean eradoskitzea gomendatzen dute emaginek. Minaz eta sentiberatasunaz gain, haurdunaldi garaian eradoskiz gero espero ditzakegun gertakizun gehiago ere badira, nahiz eta emagin eta ginekologoek nabarmentzen duten eran, kasuistika oso zabala den, eta badiren haurdunaldian bularra ematean diferentziarik nabaritzen ez duten emakumeak ere:

-Esnearen ekoizpena jaitsi ohi da. Bigarren hiruhilekotik aurrera, normalki, bularraren esne ekoizpena jaitsi egiten da. Ondorioz, haur batzuk bularra uzten dute euren kabuz sasoi honetan, beste batzuen kasuan berriz, esne gehiago atera-tzeko edo, indar handiagoz xurgatzen dute amari bularrean mina areagotuz. Horrez gain, edoskitzen ari den haurraren adina eta beraz bere behar nutrizionalak kontuan izatea gomendatzen dute profesionalek, hau da, esne produkzioa jaitsiz gero eta haurrak sei hilabete baino gutxiago badu —eta urtebetez behera badu ere adi ibiltzekoa da—, haren beharrak bularrarekin soilik ez direla aseko kontuan izan behar da.

-Zaporea aldatzen da. Hormonen eraginez, esnearen zaporea aldatu egiten da, ez ordea bere balio nutrizionala. Zapore aldaketa ere bularra uzteko arrazoi bilakatzen da haur askoren kasuan. Uzten ez duten haurren kasuan, haurdunaldiaren amaieran, esnearen konposizioagatik –oritza sortzen da- kakak aldatu egiten dira, baina ez dakarkio inolako arriskurik haurrari.

-Uzkurdurak. Arriskurik ez ekarri arren —beste behin, haurdunaldi normaletan—, bularra ematean uzkurdura txiki batzuk sor litezke, bular-hartzeak irauten duen bitartean. Oxitozina-hormona libratzen da bularra hartzean, eta hormona hori bera da, hain zuzen ere, uzkurdurak eragiten dituena. Umetokiak, ordea, ez du uzkurdura horiekin erditzea hasiko.

-Aztoramena eta baztertzea. Emakume askok deskribatzen dutenez, haurdun gelditu ostean haurrak bularra hartzen duen aldiko aztoramena sentitzen dute, eta haurrarekiko nahi gabeko bazterketa-sentimendua izaten dute. Ohiko sentimendua da, eta errefusatze honek, andre batzuen kasuan, erditu ostean ere irauten du. Halakoetan, eta andreak tandemean eradoski-tzen jarraitu nahi badu, laguntza-taldeetara jotzea gomendatzen dute emaginek, euren antzeko esperientzia izan duten emakumeen kasuak ezagutzeko. 

Haurdunaldian bularra ematen jarraitzen duen emakumeak emagin edo ginekologoari horren berri ematea komeni da, eta halaber, balioestea neurririk hartu behar den eradoskitzeak batetik, eta ernalketak bestetik, eragiten duten energia xurgatzea konpentsatzeko elikadura orekatu bat bermatzeko.

Tandemean edoskitzen

Haurdunaldian ez eze, haurra jaio ostean nagusiari ere bularra ematen jarraituz gero, tandemean eradoskiz gero, hainbat puntu kontuan izatea gomendatzen dute emagin eta ginekologoek:

-Esnearen igotzea azkarrago gertatu ohi da, ekoizpena ez baita gelditu.

-Haur jaio berriak lehentasuna izan behar luke, bere behar nutrizionalak ikaragarriak baitira eta horiek bermatu behar baitira. Aldiz, nagusiagoak elikadura osagarriaren bidez ere ase ahal izango ditu bere beharrak. Haatik, neba-arrebaren jaiotzarekin elikagaiak baztertu eta soilik bularra eskatzen duten haurrak ere asko dira, eta gurasoek aurreikusi behar dute hau gerta litekeela. 

-Bularrak bi haurren beharrak ase-tzeko ekoitziko du: gero eta gehiago xurgatu orduan eta gehiago ekoitzi. Beraz, tandemak ez luke haur txikiaren pisu-hartzean arazorik ekarri behar, izatekotan alderantziz gertatu ohi da sarritan, nagusiak ekoizpena bermatzen duenez errazago hartzen ohi dute pisua txikiek.

-Haurrideen arteko harremanean tandema lagungarria dela diote batzuek, haur nagusiaren jelosia apaltzen baitu “bere titia” baduela bermatzeak. Haatik, izan ohi dira, txikia bularra hartzen ikusten duten bakoitzean eskatzen hasten diren haurride nagusiak, eta horrek egoera zailtzea ere ekar lezake.