Mendekotasuna biziz konkistatzen da autonomia

2017-11-20

“Ez hartu besoetan, ohitu egingo da-eta”. “Ez sartu zure ohean, gero ez du atera nahiko-eta”. “Negar pixka bat egiteak on egingo dio”... Zeri erantzuten diote tradizioz esaten diren mezu horiek guztiek? Haurraren beharra ala apeta da gurasoarekiko atxikimendua? Autonomoagoa al da besoetan hartzen ez den haurra? Zer ondorio du haurrarengan mendeko den garaian premia horiek ez asetzeak? Helduaroan ondoriorik izango du? Eta haur txikiaren mendekotasun-premiak osoki aseko bagenitu?

 
 
Mendekotasuna  biziz konkistatzen da autonomia

 

Besoetan hartzea, kontu asko egitea, txeraz zaintzea, gurasoen ohean sartzea... haurra “gaizki ohitzea” dela esaten da tradizioz. “Gero ez du zuen ohea utziko, beti besoak eskatuko ditu, on egingo dio negar pixka bat egiteak...”, gure kulturan eta haziera-eredu tradizionalean ohikoak dira haur txikia “gaizki ohitzea”-ren aurkako mezu horiek. Baina gaizki ohitzea al da gurasoen guztiz mendeko den haur txikiari eskatu adina beso, kontaktu, txera eskaintzea? Apetagatik ala benetako beharragatik eskatzen ditu besoak haur txikiak? 

Ane Ablanedo Larrion haur psikologian eta prebentzioan aditua den irakasleak argi du besoak, kontaktu premia, hau da, mendekotasuna bizitzea, haur txikiaren benetako beharra dela, behar fisiko, emozional eta psikologikoa. “Haur txikiak bizi duen mendekotasunak oso maila sakona du, eta horri buruz hitz egin beharra dago. Nire kezketako bat da azaleratzea haur txikiak mendekotasun psikologiko ikaragarria bizi duela;  elikatzeko premia bezainbestekoa du  kontaktua, begirada, presentzia”.

Giza garapenari dagokion ezaugarri bat da helduarekiko erabateko mendekotasuna. Beste animaliak baino are mendekoago jaiotzen da gizakia. Eta beraz, garapen-prozesuari erantzuten dio mendekotasunak, bereziki bizitzako lehen etapan. “Funtsezkoa da ulertzea gizakia guztiz heldugabe jaiotzen dela, non ez daukan diferentziaren kontzientziarik ere. Lehen sei hilabeteetan amarengandiko  —uler bedi maternage funtzioa betetzen duen helduarekiko—bereizketa luzeak larriak dira, sentitzen du guri beso bat kenduko baligute bezala”. Ez da, ordea, behar fisiko bat bakarrik, emozionalki eta psikologikoki ondorio larriak ekartzen ditu lehen etapa honetan erreferentziazko helduarekiko urrutiratzeak, irakaslearen arabera. “Izan ere, helduak haurra izaki aparte gisa ikusten duen arren eta iruditzen zaigun arren haurrak ere kontzientzia hori baduela, ez da hala, haur txikiak ez du halakorik sentitzen. Haur txikiak ez dauka gaitasunik ezberdintzeko bere barne mundua eta bere kanpo mundua. Mendekotasuna puntu horretarainokoa da. Elikaduraz gain, maitasuna, kontaktua eta presentzia emango dizkion heldua behar du, horrekin bakarrik sentitzen duelako bat egiten duela”. 

Haatik, mendekotasun hori bizitzen ez uztea, Ablanedoren arabera, larria da haurrarentzat. “Amaren besoetan ez dagoen haurra ez da ongi sentitzen. Haurrari benetan mendeko dela ez sentiarazteak, bere kontaktu premia hori ez asetzeak sortzen diona oso larria da”. Haurraren behar fisiko, emozional eta psikologiko hori ez asetzeak, mendeko den haurrari mendekotasun hori bizitzen ez uzteak ez du autonomia lehenago ekarriko, kontrakoa baizik, irakaslearen hitzetan: “Lehen 9 hilabeteetan desanparo egoera nabarmenean dauden haurrak, mugako nortasunak edo borderline deiturikoak sortzeko modurik errazena da, pertsona intseguruak sortzeko modua da”. Ondoren, 9. hilabetetik aurrera, kanpokoaren kontzientzia hartzen hasten da haurra, gosea, mina, loa, tentsioa... kanpoko norbaitek baretzen diola sentituko du. Nia eginago dago. Kontsideratu ahal dugu jaio dela. Ordura arte dago hazten, barnean hazten den bezala”.

Margaret Mahler psikoanalistaren separazio-indibiduazio prozesua aipatzen du Ablanedok ulertarazteko mendekotasuna zeinen beharrezkoa den haur txikiarengan. “Separazio-indibiduazio prozesuak gutxi gora-behera hiru urte irauten du: Lehen sei hilabete horietan fusio egoera batean gaude, amarekiko bat sentitzen gara eta ez gara hasi ezberdintzen, baina seigarren hilabetetik aurrera hasten da separazio prozesua eta hiru urte irauten du. Hiru urteren inguruan, haurra benetako autonomia garatzen hasten da, bitartean mendeko da”. 

Haatik, askotan autonomiaren izenean ukatzen zaio haur txikiari atxikimendua. “Bada gai bere kabuz ibiltzeko besoetan egon beharrean”, “bere kabuz lo egiten ikasi behar du”... Baina mendekotasuna benetako premia gisa ulertzearekin batera, autonomia benetan zer den ere argitu behar da Ablanedoren iritziz: “Askotan autonomiaren izenean ukatzen dugu mendekotasuna bizitzea. Batzuetan gerta liteke gure begietara haur txikiarengan autonomia puntu bat ikustea, baina ez da benetako autonomia,  autonomia reaktibo bat da haur txikia autonomo izatera behartzen dugunean hartzen duen jokaera. Benetako autonomia barnetik dator, eta ez kanpotik: autonomiarako indarra ematen duena zure barnean konfiantza sentitzea da, eta pertsona batzuentzat inportantea sentitzeak ematen du konfiantza”. 

 

Zeri erantzuten diote mezu horiek?

Baina orduan, zergatik daude hain zabalduak haurra besoetan ez har-tzeko eta gisako mezuak? Zergatik saiatzen da hezkuntza-eredu hegemonikoa haurrari mendekotasuna ez bizitzen uzten? Ablanedoren aburuz, indarrean dagoen haziera-korronte nagusia frustrazioarena delako. “Bizitza oso gogorra dela sentitzen dugu, gauza asko pasa beharko dituela haurrak, ez-maitatua sentituko dela askotan... bada hasieratik ikasteak eta ohitzeak on egingo diola pentsatzen dugu. Lehenbailehen egokitzeak mesede egingo diola pentsatzen dugu, eta horrela, autonomoago egingo dela”. Frustrazioan oinarritzen den haziera-ereduak dio haur bati behar duen guztia emanez gero, eskatu adina beso, txera, kontaktu emanez gero, bertan goxo geldituko dela, hau da, frustraziorik gabe ez dela haziko eta ez dela hurrengo fasera pasako. Haurraren premiak erdigunean jartzen dituen haziera-ereduak justu kontrakoa defendatzen du: “Bizitzaren bulkada garatzekoa da. Mundu intimoan ase zaudenean sozializatu behar duzu, eta haur bati gauza bera gertatzen zaio, etapa bat ase duenean hurrengora pasa nahi du”.

Autonomia barnetik menperatzen den jarrera baldin bada, kanpotik autonomo izatera behartzen bada haurra, kontrako efektua lortzen da, Ablanedoren aburuz: “Haur bat behartzen duzunean goizegi autonomo izatera, konfiantzarik gabe, intseguru, beldurrean heztera behartzen duzu... Aldiz, gurasoekin atxikimendu seguru bat eraikitzeko gai izan den haurrak seguru sentitzen dira eta konkistak egiten dituzte”. 

 

Nolako haurtzaroa, halako helduaroa...

Eta beldur, intseguritate eta konfiantza falta hori, ez da soilik haurra mendeko den garaian eragingo dioten faktoreak, alta bada, haurrak behar dituen garaian premia fisiko, emozional eta psikologikoak ez asetzeak haurtzaroan bezala, helduaroan ondorioak dituela nabarmen-tzen du Ablanedok. Esate baterako, gaur egun gizarte mailan zabalduen dauden gaitzek —kontsumo eta mendekotasunek, depresioek, anorexia-bulimiek, lasaigarriak hartu beharrak... — jatorria dute lehen urteetako haziera-ereduan: “Geroaren jatorria haurtzaroan dago, etapa kritikoa delako, ez atzera bueltarik gabekoa, beti konpondu ditzakegulako gabeziak, baina bai kritikoa, beraz, haurtzaroan egin beharko litzateke prebentzioa”. 

Helduaroko gaitzekin batera, gabezia hauek nabarmentzen diren beste esparru bat harreman afektiboena da: “Gure hasierako atxikimendu esanguratsu edo ez esanguratsu horien ondorio dira gure harreman afektiboak —berriro ere atzerabueltarik gabeak direla pentsatu gabe—. Gure harremanen patroia haurtzaroan eraikitzen da. Zergatik dira bikote harremanak horren eztandatsuak eta arazotsuak? Pandoraren kutxa zabaltzen delako: hasierako hurbiltasuna nolakoa izan den erakusten digute harremanek, esate baterako, fusioa bizi ez duen pertsona batek oso erraza du gero etengabe harreman fusionalak bilatzea, zulo bat betetzen saiatzen ariko delako”. 

Lehen etapan garatzen den edo ez den beste gaitasun bat konfian-tza da: “Hasierako fase horretan garatzen da munduaren aurreko konfiantza primario bat izatea, edo ez izatea, mundu honek merezi duen edo ez duen sentitzea”. Loratuko da edo ez da loratuko gaitasun hori. “Eta askotan ez da loratzen, ikusi besterik ez dago gure gizartean zenbateraino igo den auzoarekiko deskonfiantza maila”. Irakaslearen arabera, amaren edo zaindariaren bitartez haurrak lortzen du mundu hau bizigarria den edo ez jasotzea, konfiantza jar dezakeen mundu honetan edo ez, bere beharrak beteko diren ziurtasuna izan dezakeen edo ez, eta hori helduaroan sumatzen da.

Txikitako premia emozional, psikologiko eta afektiboak ez ase izanari egozten die Ablanedok gure gizartean binkulo sendoak egiteko dagoen zailtasuna ere, “bestea ikusteko zailtasuna dago, konprometitzeko zailtasuna... ez dago enpatiarik. Izan ere, enpatia sentitzeko bizi egin behar da lehenik, norbaitek zurekiko enpatia izan duela sentitzen duzunean izango duzu zuk beste norbaitekiko, eta kasu honetan ere, enpatiaren oinarria lehen urte horietan dago. Ni norbaitentzat esanguratsua naiz, emititzen ditut seinaleak eta norbait enpatiko da nirekin, eta nik ikasten dut; edo ez”.

 

...eta halako gizartea

Aipaturiko gaitzak, gabeziak, ezintasunak, haurrari mendekotasuna ez bizitzeak egiten dion minaren ondorioak ez dira soilik heldu horretan islatuko, ondorioak ez dira soilik indibidualak, sozialak baino: premia afektibo, emozional eta psikologikoak ukatu zaizkion helduak gabeziak izango dituen bezala, atxikimendua eta mendekotasuna ukatzen zaizkion gizarteak gabeziak izango ditu. 

Hortaz, pentsa liteke osasunaren izenean gizarteak gehiago zaindu beharko lukeela haurtzaroa, eta bestelako haziera-eredu bat sustatu beharko lukeela... baina kontua hori baino korapilatsuagoa da, Ablanedoren iritziz. Gaur egungo gizarte-ereduari, sistema kapitalistari, komeni zaio frustrazioan oinarrituriko haziera-eredu honek ematen duen perfila: “Hain goiz binkulo hori egiteko gaitasuna moztea da sistemak daukan baliabide handi bat gu deskonektatzeko, ez gara sentitzen parte, ez gara sentitzen lotuta. Sistemari komeni zaio guzti horrek ematen duen perfil psikologikoa sortzea, borderlineak sortzea. Heldu intseguru, enpatia gutxiko eta konprometitzeko zailtasunak dituena, indibidualista eta barne gabeziak kanpoko estimuluen bidez —era guzietako kontsumoen bidez— aseko dituena”.

Gizarte-ereduari —sistema kapitalistari— eta gizarte-premiei —lanera inkorporatu beharrak eta gurasotasun-baja mugatuek, kasurako, ez dute haurraren premiak asetzea bermatzen— erantzuten diete bada “besoetan ez hartu”, “negar pixka bat egiteak ez dio kalterik egingo” eta gisako mezu frustratzaileek. Baina gizartearen mandatuaz gain, gurasoaren —hezitzailearen— beldurrak daude mezu horien atzean, haziera-eredu hegemonikoa erreproduzitzera daramatenak: “Gu ere gure heziketaren produktu gara, hor sortzen zaizkigu beldur batzuk, gure minak ez erreproduzitzearena, baina konturatu gabe min horiek ateratzen zaizkigu, alegia, erreproduzitzen ditugu patroi disfuntzionalak, askotan, guri gertatzen zaigunaren jatorria ez ulertzeagatik.”

Nork bere heziketari begiratu bat ematea osasuntsua litzateke, Ablanedoren hitzetan, haur baten ondoan egoteko: “Hezitzaile edo haur laguntzaile batek behar du, hasteko, bere garapen psikoafektiboaren gutxieneko kontzientzia maila bat izan, eta behar du batez ere kontzientzia maila bat egiten duenaren gainean”. 

 

Eta zer gertatuko litzateke mendekotasuna bizitzen utziz gero? Eskatutakoan besoetan hartuz gero?

Gizartearen exijentziak haurraren premiekin bat ez etortzeak, Ablanedoren arabera, ez ditu haurraren beharrak ezkutatzen. “Gizartearen beharrak beste batzuk direla? Bai, horrela antolatu dugulako gizartea, baina gizaki kumearen behar milenarioak ez dira aldatuko azken urteetako gizartearen beharrengatik. Guk segitzen dugu animaliak izaten, naturaren klabe batzuen arabera bizitzen”. Klabe horiek errespetatzea, haurraren garapena ulertzea eta etapa bakoitzeko premiak asetzea, osasuntsuagoa da Ablanedorentzat. “Haur bati ematen badiozu hasieran fusioa, kontaktua, maitasun inkondizionala, lau urterekin mundu hori geratuko zaio txikia. Ase dagoelako.  Haurren gutxieneko zoriontasuna, bizitzarekiko gutxieneko asetasuna, maitasuna, autoestima... bermatu behar dira. Haurtzaroa beste modu batez zaintzea da prebentziorik integralena”.

Haurtzaroa sendotzeko, gurasoak indartu behar direla uste du prebentzioan aditua den irakasleak. “Haur sendoak nahi ditugu, jakingo dutenak bizitzari aurre egiten, erabakiak hartzen, arazoak konpontzen, eta malguak izango direnak... bada horretarako gurasoak indartu behar ditugu bere sen horretan, eta horrela sendotasuna emango diegu haurrei. Sendotasuna ematen zaie bizitzaren zutabeak sustraitzen ari direnean, eta bizitzaren edo munduaren agenteak garai horretan gurasoak dira, eta gurasoek ze mundu eskaintzen dioten, horren araberako irudia egingo dute”.