Jagoba Arrasate: “Tributik urrutiratzean ardurak bion artean hartu ditugu”

2017-12-26

Gauza bat da umezalea izatea, beste bat aita izatea eta hirugarrena aitatasunaren ardurak hartzea. Xuhare eta Lukarekin denbora ematea izan da aita arduratsu izateko giltzetako bat Numanciako entrenatzailearentzat (Berritxu, 1978).

 
 
Jagoba Arrasate: “Tributik urrutiratzean ardurak bion artean hartu ditugu”

 

Adituen arabera, haurren zaintzan ere entrenadore izatea da aita arduratsu izatea, zu nola kokatzen zara?

Ez dakit muga non dagoen, bai banaiz edo ez naiz. Nire egoera aldatu egin da, Xuhare jaio zenean ni Realeko entrenadore nintzen eta goizean goiz irten eta iluntzera arte ez nintzen etxera heltzen. Orduan, zuk nahiz eta ardurak hartu nahi izan, denborarik ez baduzu egiten etxean ez zara helduko. Orain Lukaren jaiotzarekin eta Sorian gaudenetik denbora asko ematen dugu elkarrekin. Orain bai sentitzen naiz aita arduratsu nik nahi bezala, gauza gehiagotara iristen naiz, eta horrek ardurak hartzearekin batera emaztearekin ekipoa osa-tzera eraman nau. Realeko entrenadore kargutik kendu nindutenean onetik zerbait izan zuen: Xuharerekin denbora asko pasatzen nuen, eta berak nirekiko jarrera aldatu egin zuen, esanaz bezala, “orain aita nirekin dago”. Txarto sentitu nintzen, ze hori horrela bazen lehen kontrakoa sentituko zuen. 

Denbora izan da ardurak hartzeko faktore?

Eta beste hiri batera joan izana. Nik hasieran “ahal nuena” egiten nuen baina nire emazteak —Hiart Aizpurua— laguntza zeukan, ama minutu batera zeukan, eta orain tributik urrutiratu garenean ardura bion artean hartu dugu. Soriara etorri ginenean nire andrea beldur zen bera bakarrik arduratuko zela zaintzaz, baina egoerak gauzak beste era batera egitera eraman gaitu eta beldur hori konfiantza eta konplizitate bihurtu da. 

Erditzerako prestatu zinen zeu ere Alazne Apalantzarekin, lehen unetik zure lekuan egoteak laguntzen du loturak estutzen?

Nik uste dut baietz. Niri beti gustatu izan zaizkit haurrak, baina jakin nahi nuen aita bezala zer egin, horri ondo erantzuteko gai izan eta lan horretarako egin genuen prestaketa neure burua aitatasunerako prestatzea ere izan zen. Aurrerapauso bat izan zen erditzeari buruzko informazio pila bat jasotzea, klaseetara Hiarterekin batera joatea, emaztea hobeto ezagutzen duzu, prozesua hobeto ezagutzen duzu eta kontaktuan jartzen zaitu ume horregaz. Uzkurdurak hasi zirenean biok bagenekien zer egin... Eta umea jaiotakoan zerbait irabazia neukala sentitu nuen.

Zer-nolako onura ekarri dizu zaintzak?

Onurarik handiena eurak ikustea da, eurek aita hor daukatela sentitzearen kontzientzia izateak niri ikaragarrizko satisfazioa ematen dit. Horrez gain, niri asko aportatzen dit, ontasunean, lasaitasunean. Bakoitzak bere bizimodua eta helburuak ditu, eta gurea umeei ahalik eta heziketa eta egunerokotasun onena ematea denez, hori betetzen ikustea satisfazioa da. 

Aitatasunaz hitz egiteko, hausnartzeko, ikasteko, desikasteko zer espazio duzu? 

Gure prestatzaile fisikoak ere ume txiki bat dauka eta etengabe ari gara horri buruz hitz egiten. Gaur bakunatzera eraman du... haur-eskola ere bertan daukagu eta noiznahi joaten gara buelta bat eman eta gero ofizinara etorri. Gure lanbideak zenbait gauza pertsonaletarako asko mugatzen zaitu, eta ziurrenik zaintzarako ere bai, baina askotan lan hau beste asko bezala aitzakia moduan erabiltzen da zaintzaz ez arduratzeko. Pertsonak eta bikoteak ardurak partekatzeko pausoa ematen badu, egin dezake.