Fauna

2018-01-12

*Izaro Andres abeslariaren eskutik

Ordu asko pasatzen ditugu eskolan. Bakoitzak, berean. Bakoitzarenak duen forman, antolakuntzan, metodoan, izenean, izanean. Bakoitzarenak dituen irakasleekin, ikasleekin, inguruarekin, janariarekin. Baina guztiok pasatzen ditugu ordu asko bertan. 

 
 
Fauna

 

Bertan sortzen da urte luzez gure habitata izango den oihana, bere fauna eta florarekin. Floraren parte: ateak, komunak, aulkiak, mahaiak, liburuak, eskailerak, argiak, gortinak, boligrafoak, etab. Faunaren parte: gu. Eta gurean, denetarik, leku guztietan bezala: indartsuak, azkarrak, alferrak, ederrak, beldurtiak, lodiak, argalak, itsusiak, barregarriak, bihurriak, zintzoak, betaurrekoekin, gabe, gurpildun aulkian, oinez, osasuntsuak, gaixorik, bertan jaioak, atzerrian jaioak, euskaraz dakitenak, ez dakitenak, gurasodunak, guraso gabeak… Dena. Zoritxarrez, eskola batzuei ez zaie gehiegi gustatzen aniztasun hori eta nahiago izaten dute adjektibo jakin batzuk dituzten ikasleek osatutako fauna —akaso, erosoago— bat izan. Hala ere, ez naiz gaur eskola horietaz hitz egitera etorri. Faunari buruz hitz egin nahi dut gaur.

Fauna horren parte diren zenbaitentzat eskola infernua da. Eta aurrez esan dugun bezala, ordu asko pasatzen ditugu eskolan. Fauna horren parte diren zenbaitentzat eskola infernu luzea da. Modu batera edo bestera, beste ikaskide batzuen harrapakinak bihurtu dira, ehizatuak, beldurtuak, minduak, zaurituak, baztertuak. Horientzako hil ala biziko esperientzia da egun bakoitza. Horietatik batzuk faunaz aldatzen dira bizitza hobe baten bila-edo. Eta horietako batzuk, nahi ez genukeen arren, hil egiten dira bidean, eta ez metaforikoki. Gure eskoletan. 

Ez dut uste gure eskoletako faunan kate trofikorik egon beharko lukenik, baina badago. Nondik hasi kate hau apurtzen? Akaso, harrapakinak eskolaz eskola, faunaz fauna mugi-tzen ibili beharrean, harrapakariak mugitu beharko genituzke. Akaso, harrapakariekin egin beharko genuke lan, eta horien gurasoekin. Akaso, fauna gidatzen duten horiek ere egin beharko lukete zerbait gehiago: jakin beharko lukete nola egin, erakutsi beharko zaie horretarako dakitena baino gehiago. Akaso, beste ikaskideok babestu egin beharko genituzke harrapakinak, setatsu. Akaso, irakatsi beharko diegu gure gazteei ehizatzeak min egiten duela, hil egiten duela. Akaso, irakatsi beharko diegu gure buruei ehizatzeak min egiten duela, hil egiten duela. Akaso, gehiago landu eskolak eremu seguru bihurtzeko sistemak. 

Akaso, gure ikaskideak errespetatzen ikastea garrantzitsuagoa da biderkatzen ikastea baino. Akaso, gure ikaskideak errespetatzen ez badakigu, ezingo dugu inoiz gehitzen ikasi. Agian, ez gara benetan arreta jartzen ari, eta ari zaizkigu harrapakinen bizitzak galtzen atzeko atetik. Kenketak besterik ez.